Hamalaugarren urtea du aurten Leioako Umore Azokak, eta eskaintza erabat sendoturik dagoela diote horregatik antolatzaileek. Jaialdia "herriko ikono" bilakatua dela jadanik, eta urteekin kale antzerkiaren inguruko "zita handia" ere bilakatu dela. Eta aurtengoa ez da salbuespena izango. Zenbakiak aipatu dituzte horren froga gisa: 40.000 pertsona inguru espero dituzte herrian jaialdiak iraungo duen lau egunetan. Eta zabala da egitaraua ere: 300 taldek baino gehiagok bidali dute bertan izateko eskaria aurten, eta haietariko 53 hautatu dituzte arduradunek. Hamabi dira Euskal Herrikoak, eta kanpokoak gainerakoak: Herrialde Katalanetakoak, Poloniakoak, Espainiakoak, Italiakoak... Guztira, 120 emanaldi baino gehiago eskainiko dituzte Leioara bilduko diren taldeek, eta estreinaldiak izango dira, gainera, haietariko hamalau. Hemen ikus daiteke informazio osatuagoa.
Kalea izango da emanaldi gehienen erdigunea. Eta, hain zuzen ere, hori azpimarratu du Ana Lopezek, Kultur Leioako zuzendari eta jaialdiaren antolatzaileak. "Jaialdiak irauten duen lau egunetan eraldatu egiten dira gure kaleak. Artisten emanaldiek erabat aldatzen dute gure paisaia". Azoka komertzial izatea ere bada, ordea, Umore Azokaren asmoa, eta alderdi hori ere azpimarratu nahi izan dute antolatzaileek. Publiko orokorraz gainera, banatzaileak eta kultur antolatzaileak ere erakarri nahi dituzte, horregatik. Kontratazioak bultzatzea ere badelako jaialdiaren helburuetariko bat. "Gune egokia da Leioa kaleko artearen osasuna zertan den ezagutzeko", azaldu du Mari Carmen Urbieta herriko alkateak.
Eskaintza gehiago
Bi sari izango dira jokoan azken urtean lana estreinatu duten taldeentzat: Umore Azokako lanik onenarena eta Umore Azokako euskal lanik onenarena. Eta izango dira bestelako ekintzak ere jaialdiak irauten duen bitartean. Erakusleiho lehiaketa izango dute herrian, txotxongilo erakusketa bat, Euskal Antzokien Sarearen bilkura, baita kontaktuak errazteko speed meeting gune bat ere.
Ohiko guneez gain, bi espazio berri izango ditu aurten jaialdiak: errota eta herriko skate parkea. Gainera, Pinosolo parkean ere izango dira emanaldiak, aurten, lehenengoz.