Literatura

Leizarragaren Itun Berria jaso du Nafarroako Liburutegiak

Nafarroako Kutxa Fundazioak eta Nafarroako Liburutegiak akordioa sinatu dute gaur goizean Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria liburutegiak gorde dezan. Alea ikusgai egonen da liburutegiko sarreran, eta gero gordailuan izanen dute. 

'Gure Iaunaren Testamentu Berria' Leizarragak itzulitako alea. JAGOBA MANTEROLA, ARGAZKI PRESS
Iker Tubia.
2014ko urriaren 24a
13:08
Entzun

"Liburu hau euskararen, lingua navarrorumaren monumentu handia da, eta hizkuntza antzinako Nafarroako Erresuman kokatzen du". Hitz horiekin definitu du Juan Luis Sanchez de Muniain Nafarroako Kultura kontseilariak Joanes Leizarragak XVI. mendean itzulitako Itun Berria. Hemendik aurrera lehen ale horietako bat Nafarroako Liburutegian izanen da, Nafarroako Kutxa Fundazioarekin adostu bezala. Sanchez de Muniainek esan duenez dokumentuari balioa emanen dio horrek, eta nafar ororen eskuetan jarriko du.

Joaquin Giraldez Nafarroako Kutxa Fundazioko patronatuko presidenteak akordioaren helburuak zehaztu ditu: dokumentua ongi kontserbatzea eta bere ikerketa bultzatzea. Gainera, testuaren garrantzia nabarmendu du, euskal literaturaren historian "mugarria" dela aipatuz. Izan ere, euskaraz idatzitako bigarren argitalpena baita, Bernart Etxepareren Linguae vasconum primitiae liburuaren ondokoa. Dokumentua liburutegiko atarian egonen da ikusgai abenduaren 5a arte, baina gero gordailuan bilduko dute. Digitalizaturik dagoenez, edozeinek kontsulta dezake Interneten, eta ez da liburua eskatzerik izanen –salbuespenak salbuespen–. Gainera, dokumentuarekin batera, bestelako informazioa biltzen duen webgunea sortu dute, baina erdara hutsez.

Liburutegiak esku artean duen aleak bidai luzea egin zuen Nafarroara itzuli aurretik. Frantziako Errege Liburutegian egon zen lehenik, gero Hego Amerikan eta azkenik Eskoziara ailegatu zen. Are, liburuaren azaleztatzea XVIII. mendekoa dela uste da, eta estilo ingelesa du. Azkenik, Juan Cruz Alli Nafarroako lehendakari zela Nafarroako Kutxak erosi zuen 36 milioi pezetaren truke. Bidai luzea egin arren, liburua oso egoera onean dagoela nabarmendu dute sinadura ekitaldian.

Erresumaren enkarguz

1571. urtean argitaratu zen Iesus Chirt Gure Iaunaren Testamentu Berria, nahiz eta 1566 urterako bukaturik egon. Joana III. Nafarroako erregina protestantismora bihurtu zen eta erreformako Itun Berria herritarren artean zabaldu nahi izan zuen. Horretarako, Leizarragarengana jo zuen eta liburua itzultzeko eskatu zion. Halaxe egin zuen, beste elizgizon batzuen laguntzarekin. Euskarari dagokionez, nafarlapurtera eta zuberera ageri dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.