Diskogintza (I). Sektorearen egoera

Leku bila

Iragan berri den hamarkadan iraultza gertatu da musikaren industrian. Euskal Herriko diskoetxeek ere garai berrietara egokitu behar izan dute, nork bere erara, diskoak sortzen eta ekoizten jarraitzeko. Diskoetxeek badute gerorik, gehienen ustetan.

gorka erostarbe leunda
2011ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Krisien garai orokor hauetan beste krisi bat gehiago da musikaren industriarena, azken urteetan zeresan gehien eman duenetakoa, hedabideetan oihartzun handienetakoa izan duena, iritzi , analisi eta iruzkin gehien sortu dituenetakoa, eta musikagintzaren sektore guztia astindu duena. Interneti eta baliabide teknologiko berriei esker, musika entzun eta kontsumitzeko moduak asko ugaldu dira azken hamarkadan. Horrek eragin zuzena izan du diskoen salmentan. Hainbestekoa, ezen diskoaren beraren iraupena zalantzan jarri izan den behin baino gehiagotan. Diskoak oraindik bizirik jarraitzen du, baina haren balioa eta funtzioa aldatu egin dira ezinbestean. Amaierako helburu baino gehiago, gaur egun bitartekari dira kasurik gehienetan. Sortzaileak, musikariak, zuzeneko kontzertuetarako zubi gisa baliatzen du diskoa egun. Bere lana ezagutarazteko tresna garrantzitsu baina ez ezinbesteko.

Musikaren industriako krisiak diskogintzaren sektorea jo zuen aurren-aurrena. Euskal Herriko diskogintza industria ere ez da salbuespena izan horretan. Azken hamarkadako datuei begiratu bat ematea besterik ez dago, kasurik gehienetan —ez denetan— disko ekoizpenak ez ezik, diskoetxeak ere urritu egin direla jabetzeko. Euskal kantagintza modernoaren esparruan (pop, rock, folk...) urteko disko ekoizpen handiena izan duen diskoetxea Elkar da (Oihuka ere Elkarren marka bat da). 2000. urtean 43 disko erreferentzia izan zituen. Iaz, berriz, 21 baino ez ziren izan, Eresbil musikaren euskal artxiboak bildutako datuen arabera. Gor diskoetxeak, berriz, 13 ekoizpen izan zituen 2000 urtean, eta 7 baino ez, iaz. Gaztelupeko Hotsak izan da goitik beherako joera hori irauli duen bakarra. Duela hamar urte 14 erreferentzia plazaratu zituen, eta iaz 23 izan ziren ekoizpen berriak, Errabal azpizigiluarenak kontuan hartuta. Hala ere, duela bi urte, 2008an, izan zuten ekoizpen kopuru handiena, 32 lan kaleratu baitzituzten. Gauza bat disko tituluak dira, eta beste bat, salmenta kopurua. Ubane Uzin Gaztelupeko Hotsak zigiluko arduradunak aitortzen du duela hamarkada bat titulu gutxiago zituztela, baina bakoitzetik askoz ere gehiago saltzen zituztela gaur egun baino.

Diskoetxe kopurua ere behera

Diskoetxeen kopurua ere aintzat hartzekoa da. 2000. urtean 31 izan ziren bi disko edo gehiago argitaratu zituzten zigiluak. Urtetik urtera kopuru hori jaitsiz joan da, eta iaz 16 baino ez ziren. Diskoetxe bakoitzak bere estrategiak eraldatu eta gai berrietara egokitu behar izan ditu. Eta ia ezinbestean, diskoetxeek azken urteetan izandako bilakaera ikusita, galdera bat sortzen da. Amaiturik al daude zigiluak, behintzat bere zentzurik klasikoenean?

Angel Valdes Elkar diskoetxeko arduradunaren iritzian, diskoetxeak ez daude amaiturik «inolaz ere». «Merkatu honetan oraindik ez da asmatu modu hoberik talde bat promozionatzeko. Oraindik ere, produktu fisikoak, eta produktu horretatik sortzen diren sustapen lanak, kanpainak, dira taldearen inguruan dauden musika negozio guztien giltzak». Ezer aldatu izatekotan, diskoetxeen balioa aldatu da: «Diskoetxeen balioa une honetan bat da, eta orain dela hamar urte beste bat zen. Orduan gure arretaguneak kontzentratuago zeuden alor bakar batean, eta une honetan esparru zabalago bat hartzen dugu».

Ubane Uzinen iritzian, berriz, «edozein enpresa edo kultur ekintza amaituta dago, lehengo parametroekin funtzionatzen bada. Torlojugileek ere aurrera egin behar izan dute, nola hala. Nire etxe azpian torloju tailer bat zegoen. Orain bulego bat dute,eta Txinatik inportatzen dituzte torlojuak». Patxi Goñi Gor diskoetxeko arduradunak uste du musikaren sektore osoa dagoela krisian, ez zigiluak bakarrik: «Gertatzen dena da diskoetxeak izan zirela krisia pairatzen aurrenak. Hori zen agerikoena, ikusgarriena. Ez dut uste diskoetxeak daudenik musikaren sektoreko beste arlo batzuk baino amaituago. Beti tokatu izan zaigu gaiztoaren rola. Beti izan gara gaiztoak, eta beti onartu behar izan dugu hori. Ematen du diskoetxeei egiazkotasun zigilu bat exijitzen zaigula». Uzinek bat egiten du Goñirekin puntu horretan: «Badirudi diskogintzan gabiltzanok aurrera egin nahi izatea eta aurrera egitea porrot moduko bat dela. Eta ez da. Ausardia bat da. Alde batetik, XXI. mendeko modernitatearekin identifikatzen gara, eta, bestetik, jarraitu nahi dugu antzinako moduan lan egiten. Bada ez. Horrela ezinezkoa da».

Diskogintzaren krisiak estrategia berriak planteatzera behartu ditu diskoetxeak; ezinbestean aldatu behar izan dituzte lan egiteko moduak, ereduak. Nork bere bidea topatzeko ahaleginetan dihardute gaur egun, nahiz eta oraindik hartu beharreko bidea «intuitu» baino ezin duten egin. Diskoetxe bakoitzak bere izaera eta filosofiari helduz hartu du modu batera edo bestera jarduteko erabakia.

Egun lanean dirauten diskoetxeen artean Elkar da beteranoetakoena. 1972an Baionan sortu zenetik Euskal Herriko musikari eta bakarlari esanguratsuenetakoak izan ditu bidelagun (Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Xabier Lete, Errobi, Itoiz, Oskorri, Ruper Ordorika, Hertzainak…). Elkar diskoetxearen funtzionamenduaren «ardatza» haren katalogoa da, Valdesek dioenez: «Guri katalogoa interesatzen zaigu. Katalogoa da erreferentzia, gure marka, gure urguilua, gure historia. Gure filosofia ez da disko bat argitaratzea. Diskoak huts-hutsean ez zaizkigu interesatzen. Ibilbideak interesatzen zaizkigu. Era berean talde berriak deskubritzeak ere ilusioa egiten digu. Hori da gure betiko lana. Gure lana ez da aldatu. Aldatu dena da lan horrek exijitzen dituen inbertsioen errentagarritasuna non topa litekeen». Alabaina, «talde erreferente» berriak topatzeko zailtasunak direla gaur egun onartzen du Valdesek. Eta horren ondorio da Elkar taldeko Oihuka zigiluak azken urteetan oso talde gutxiren erreferentziak atera izana. «Oihuka ez dago geldirik, ez dugu hautu bat egin geldi egoteko. Ikusten dugu talde gazte asko batetik bestera joaten dela eta presa handia dutela. Guk gauzak pausoz pauso egiten ditugu. Katalogoa osatzeko jende berria ere bildu nahi genuke gurera, baina erreferente berri gutxi ateratzen ari direla egia da». Garai berriek plazaraturiko abagune berriaren aurrean, hasierako garaien oinarrietara itzultzeko beharra dagoela uste du Valdesek: «Geure egitekoa, kultur nortasuna sustatuko eta loratuko duen katalogo erreferente bat sortzea da. Oinarrizkoena da hasierako filosofia horretara bueltatzea. Hortik gero etor daitezke harremanak eta negozioak…».

Merkatuaren presa

Musikari eta talde gazteen artean presa handia dagoela uste dutenetakoa da Patxi Goñi ere. «Lehengo batean gazte batek deitu zidan esanez grabaketa baten master bat zuela, eta diskoa nahi zuela apirilaren 1erako. Maketa bidali gabe zuen artean. Jendeak jakin beharra dauka zein diren eman beharreko urratsak, eta beraiek ez badakite, ingurukoei galde diezaietela». Gor Iruñean sortu zen 1991n. Batez ere Euskal Herriko rock independentea bultzatzen saiatu da harrez geroztik. Berri Txarrak, Skalariak, Kerobia edota Ken Zazpirekin lan egin izan dute. Azken urteetan izandako krisi egoerak dezente jo zuen Gor, etalan esparrua zabaltzea izan da garai berrietara egokitzeko erabilitako metodoa: «Bata utzi gabe, bestera egokitzen asmatu behar izan dugu. Orain indarrak musika industriaren katea osatzen duten arlo guztietan jarri ditugu; banaketa, kontratazioa, edizio digitala, banaketa digitala… eta ateratzen den guztiari adi egon behar duzu… Hori da sistema bakarra bidean ez geratzeko. Lan handia ematen du horrek, lehengo bikoitza edo gehiago, etekin bertsua ateratzeko». Musikaren industriaren arlo guztietan adi egon beharrarekin bat egiten du Valdesek ere, baina merkatuan «presa larregi» dagoela iruditzen zaio: «Askotan hiltzeko daukate presa».

Esparru guztietan indarra jartzearen ideia ez du, ordea, bere egiten Ubane Uzinek. Gaztelupeko Hotsak ere bere garaian arlo guztiak kontrolatzen saiatu zen, baina esperientziak erakutsi omen die askoz ere hobe dela jarduera batean espezializatzea: «Uste dut edozein jardunetan, edozein sektoretan, oso ondo banatu behar direla egitekoak. Esaterako, gure sektorean, musikan, daude diskoetxeak, managerrak, zuzeneko emanaldiak, promotoreak… eta dena nahastu egiten da. Guk geuk ere egin izan dugu hori, baina konturatu gara ez dela bidea. Diskoak kaleratzen genituenok hasi ginen manager izaten, managerrak hasi ziren diskoak plazaratzen. Nahastu egin dira funtzioak eta ez da onurarako».

Salmenta kopuruan azken urteetan jaitsiera handi bat izan ez duen bakarrenetako da Gaztelupeko Hotsak. 1995ean sortu zen zigilua musikaren ikuspegi zabalarekin. Euskal Herriko zenbait bakarlari eta talde erreferentziazko izan ditu (Joseba Tapia, Mikel Urdangarin) eta ditu egun ere bidelagun (Bide Ertzean, Txuma Murugarren, Petti…). Blues eta jazz doinuetarako joera ere betidanik izan du Gaztelupeko Hotsakek, eta 2002an Errabal azpizigilua sortuta urrats bat egin zuten espezializazioaren bidean.

Ideia berriak ere bai

Krisiaren harrabotsak han-hemenka entzuten diren garaian kontraesana ere badirudi diskoetxe berriak sortzea, baina gertatu izan da. Esate baterako, 2006an sortu zen Baga-Biga, baina ohiko diskoetxe moduanizan beharrean, arlo guztiak bere baitan hartzen dituen bulego bezala sortu zuten. «Musikaren industriara 360 graduko ereduak ere iritsi dira, agian beti egon dira eta ez genituen ikusten. Angelu edo ikuspegi orokorreko irizpideak dira, 360 graduko ekimenak artistari ahalik eta errazen bihurtzeko dena, artistaren beraren onespenarekin: diskoetxe, management, editorial eta gainontzekoak bulego berean», zehaztu du Ritxi Aizpuru Baga-Bigako arduradunak. Aizpururi diskoak interesatzen zaizkio, baina geroz eta gehiago ikusten ditu «negozioaren lagungarri, negozio baino gehiago». «Beraz, diskoetxeak musika-bulego baten barruan ikusten ditut (diskoak, zuzenekoak, editoriala…) edo ez zaizkit interesatzen. Salmenta anektodiko bilakatzen da jakinda talde baten diskoak fakturatzen duen euro bakoitzeko talde beraren zuzenekoak 300 fakturatzen dituela».

Azken hamarkadan asko izan dirabidean geratu diren diskoetxeak. Ziur aski Metak diskoetxearen itxierak eman zion astindu handiena Euskal Herriko musikaren panoramari 2005ean, rock independentearen ikur zen heinean. Gaur egun, besteak beste, Metak diskoetxeak merkatuan lekua izan lezakeela uste du Asier Zuluetak, zigiluko kide izan zenak: «Baiezkoan nago, ez eman ziren modu berean, baina oro har baietz uste dut. Metaken itxiera aldaketa garaian-edo etorri zen, baina horretan, agian, guk ez genuen asmatu giltzarekin. Azkenean, diskoetxe batek aurrera egingo badu, benetan sinistu behar du esku artean duenarekin. Kaleratzen duen disko bakoitza bakarra izango balitz bezala egin behar du. Tira, ez da jarrera ona enpresa batentzat; horrek behar du izan izpiritua». Egun Bidehuts musika kolektiboko kide da Zulueta. Enpresa asmorik gabeko kolektiboa da, diskoak ateratzeko lagun taldea nolabait. Hala ere, diskoetxeak ez daudela amaituta uste du Zuluetak: «Agortuta ikusten dudana zenbaitek musikarekin negozioa egiteko duen modua da. Baina irudipena dut oraindik ere zenbait diskoetxe lana ondo eginez ari direla, eta ez dut uste beraientzat amaituta dagoenik bidea. Diskoetxe txikiek, oro har, beti izan dituzte presenteago taldeak, diskoak, erosleak... eta aldaketak egin beharko badituzte ere, uste dut oraindik badutela zer egin».

Arazoak arazo, eta krisiak krisi, diskoetxeek etorkizunean ere funtzio garrantzitsua izango dutela sinesten dute gehienek: «Zikloak izaten dira, eta uste dut diskoetxe indartsuak itzul daitezkeela. Beste modu batera izango da, ez da oraingo hau izango, eta ezta duela hamar urtekoa ere. Belaunaldi berriak datoz ideia berriekin. Eta uste dut baikortasunez begiratu behar dugula aurrera», dio Patxi Goñik.

Eta bihar: Autoekoizpena hautatuduten taldeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.