Kultura besteari leku egitea da. Esaldi eder hori idatzi du bere azken liburuan Koldo Izagirrek. XXI. mendeko euskal kultura emakumeari leku egitea izan beharko duela gehitu dio Mari Luz Esteban antropologoak.
Dagoeneko atzerabiderik ez duen bidea da. Hala dirudi bederen. Emakume sortzaileen presentzia ezinbestekoa da. Ezin imajina dezakegu emakume idazlerik gabeko ez literaturarik ez bertsolaritzarik ez arterik ez musikarik. Orain hamarkada gutxi, bai. Hori zen araua, hain zuzen. Beraz, zerbait aldatu da. Besterik da nola aldatu den, edota zerbait aldatu den dena ez dadin alda.
Baina aldaketak ez dira eroso izaten guztientzat. Aulki-dantza jokoan bezala da: aulkiak lehengo berak dira, baina eseri nahi dutenak lehen baino gehiago emakumeak plazara irten direnetik. Eta irtenbidea, emakumeei lekua egitea da, jokoan sartzen uztea, eta horrenbestez, justuak izan nahi badugu bederen, gizonezko batzuk —interesgarriak eta bikainak izanda ere— lekutu egin beharko dira. Isildu.
Eta hori ez da erosoa, ez erraza. Eta horra, arazoetako bat. Emakumeak, gizonezkoak ez bezala, ez dira norbanako gisa hartuak izan plaza publikoan, emakume guztien ordezkari moduan baizik. Gutxienez emakume bat, esaten du bertso saioko antolatzaileak; bat gutxienez, mahai-inguruaren apailatzaileak; bat behintzat, halako ekimen errebindikatiboren aldeko sinadura biltzaileak. Izan hau gizon edo emakumezko. Eta bat hori, berdin izango da Irati, Uxue, Eider, Leire, Miren edo Ainhoa —izenez beti—. Trukagarriak dira. Ez dira euren buruaren ordezkari, gizartearen beste erdiarena baizik. Aldiz Maia ez da gizartearen erdiaren ordezkari inoiz izan, gizonezkoen ordezkari alegia, izatekotan gizarte osoarena. Baina oroz gain, Maia bere buruaren ordezkari da: Maia Maia da, Lertxundi Lertxundi , Jimenez Jimenez, Egaña Egaña, Muniategi Muniategi —abizenez beti. Gizonezko sortzaileak ez dira trukagarriak, bakoitza nor da, nor bere nortasun propioarekin.
Eta horrela gerta liteke, demagun, bertsolari finalistekin saio bat antolatu nahi izatea halako herriren batean eta antolatzailea, emakumea berau,txapeldunak ezin duela-eta, emakumerik gabeko saiorik antolatzea ez dela txukuna pentsatuta, kezkatzea. Ez al luke gehiago kezkatu beharko finalisten saio bat txapelduna gabe antolatzeak?
Aldaketaren aurrean erresistentziak ikusten dira han eta hemen, izan gizon izan emakumezko, izan kontzienteki izan ohartu gabe, izan intentzio onez izan gaiztoz.
Eta, nago, gizonezko baten mediokritateak emakume baten bikaintasunak baino gehiago balio duela oraindik ere. Euskal kulturaren plazan, oraintxe dauden ahotsik interesgarri, berri, iradokitzaile eta sakonenen zerrenda bat osatuko banu, hamar bat izen esaterako, erdiak goitik emakumezkoenak dira,izen eta abizenekin. Emakume guztien lanak ez dira bikainak, baina emakume batzuenak bai, moldez eta edukiz, eta berriak dira, munduari eta norberari begiratzeko beste modu bat proposatzen dutelako, bereziki.
Beti esan izan da menpeko egoeran dagoenak sortzaile izan behar duela burua altxatuko badu, eta halabeharrez aldatu beharko duela bere burua ukatzen dion tradizioa eta araua, eta gainera, araua aldatuz baino ez duela lortuko berdintasunean aurrera egitea. Eta menpeko izatearen bizi esperientzi horren memoria berekin duela (esplizitatu edo ez), bere ahotsez lehenengoz kontatzea berez da, gutxien-gutxienez, berria.
Menpeko egoeran modu eta arrazoi askorengatik egon ohi da, bainaoinarriak eta irtenbideak antzekoak dira kasu guztietan. Horretaz zerbait badakigu hizkuntza minorizatuetako hiztunok, adibidez. Eta, beraz, honako galdera hau egitea zilegi izango al da: izan liteke euskaltzale eta euskararentzako normalizazio politikak eskatu, eta eskaera bera ez egin emakumeentzat? Izan liteke euskaltzale eta ez feminista? Eta alderantziz: izan liteke feminista eta ez izan euskaltzale? Eta gehiago: izan liteke ekologista eta ez euskaltzale? Eta feminista eta eskumako? Eta eskumako eta euskaltzale? Eta…
Katuajeak
Lekua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu