Zerbitzaria ofizioz, bizimoduz poeta. Jaiotzez Victor Lopez (Bartzelona, 1979), Victor LaGounda borondatez. Sua piztuta, poetaren bideari begira jarri gara, atzekoz aurrera.
Has gaitezen amaieratik. Zein proiektu ikusten duzu etorkizun hurbilean?
Laster emango dut argitara liburu-DVD bat, Proyecto Gounda izenekoa. Dakizunez, azkenaldian lantzen ari naizen pertsonaia da Gounda, poesia diskurtsiboa eta soinu-poesia uztartzen dituena. Proiektua, funtsean, azken bi urteotan idatzi ditudan poemen bilduma da. Bi zati izango ditu, eta erdigunean soinu poesiazko erritu bat: Baba Pusidunita. Soinuaren jainkosa-sorgin bati eskainia dago, eta erritu horren ideia Kurt Schwitters dadaistaren lanetik dator. Boladatxo bat daramat soinu-poesia lantzen, zer esan nahi duen aztertzen. Lengoaia basati modukoa da soinu-poesia, giza-lengoaiaren aurrekoa nolabait. Horixe ari naiz lantzen: adierazpide guturala eta gure izaera edo kontzientziarik basatiena.
Joan den astean City & Dope errezitaldia egin zenuten Bartzelonan, bertako, Kanadako eta New Yorkeko poetekin. Zer moduz joan zen?
Itzel! Saio ikaragarria izan zen, zinezko festa poetikoa. Hogei poetaren artean errezitaldi luzea eta eleanitza egin genuen, ikus-entzuleekin harreman estua mantenduz betiere. Dena hasi zen New Yorkeko poeta batzuk ezagutu genituenean. Haiekin batera errezitaldi bat egin genuen hemen, gero beste bat, eta New Yorken ere egin genuen City & Dope bat. Dagoeneko, bosgarren aldia da halako zerbait egiten duguna.
Hain zuzen, iaz Kanadan eta AEBetan ibili zinen Monica Caldeiro poetarekin batera. Alde handia al dago zuen ahozko poesiaren eta hangoaren artean?
Spoken Word generoaren baitan, han egiten dena jarraitzen dugu guk, hein batean. Baina noski, alderik nabarmenena da haiek askoz denbora gehiago daramatela hori lantzen. Spoken Word —zentzu hertsian «hitz esana»— ahozkotasunean oinarrituriko poesia da, komunikazioan, indarrean, eta errezitatzeko garaian jartzen den energian. Beat belaunaldikoek asko landu zuten, eta geroztik garapen izugarria izan du AEBetan. Hori lantzen duen poeta mordoa dago han, ikus-entzule gehiago eta, oro har, mugimendu gehiago. Calgary-ko (Kanada) Spoken Word jaialdian izan ginenean, John Giorno eta Anne Waldman poeta handiak ezagutzeko aukera izan genuen. Benetako luxua.
Atzerago joanda, nolakoa izan zen Baret Voltaire teleseriea idatzi eta antzezteko esperientzia?
Zoragarria hori ere. Oso basatia, gogorra, neketsua oso. Bi astetan grabatu genuen ia dena, eta gainera, ordu txikitan. Maila pertsonalean, alor berri bat lantzeko balio izan zidan: telebistarako gidoia eta antzezpena. Ideia zen poeta-zerbitzari baten gorabeherak kontatzea, taberna surrealista batean. Nire lan-esperientzian oinarrituta dago, eta fikzioan egin ahal izan dut errealitatean beti amestu izan dudan hori. Kurioski, lan egiten dudan lekuan grabatu dugu dena. Interesa duenak, Baretvoltaire.com helbidean ikus ditzake atal guztiak.
Besteren artean, Xarxa de Poesia Urbana de Barcelona sortu duzu. Zein helbururekin?
Sare bat osatzeko asmoz sortu genuen Xarxa: poetak eta zirkulu poetikoak elkar lotzeko, poesia hiri-guneetan mugitzeko, errezitaldiak antolatzeko, eta abar. Denborarekin, helburu batzuk bete ditugu; dena den, sare bat baino gehiago, gaur egun talde bat da Xarxa, lau poetak osatzen duguna: Mag Marquez, Abel E. Cantero, Monica Caldeiro eta laurok. Elkarlan politak egiten ari gara hiriko beste talde batzuekin, eta horrez gain, zubi poetikoak ere egin ditugu beste leku batzuetan: Galizian, Madrilen, Valentzian... aurten Euskal Herrian ere egin nahiko genuke.
Urte luzez, barraren atzean aritu zara lanean. Nola eragin du horrek zure poesian?
Izugarri eragin du. Ostalaritzan lan egitean, beste edozein lanetan bezala, norberak galdetzen dio bere buruari zer nahi duen eta zer ez. Horrek poema askotarako mamia eman dit. Batzuetan lan-giroa deskribatu dut, eta beste batzuetan munduarekiko harremana, amorrua, hira... Hala ere, seriea egin ondoren, ez daukat ostalaritzaz idazteko gogorik.
Lehendabiziko txinparta literarioak 18 urterekin askatu zenituen, ipuinak idatzi eta Sant Jordi egunean 10 zentimoan salduta. Sei urte geroago poesia idazten hasi zinen. Hor piztu zitzaizun barruko sua?
Uste dut orain gutxi piztu dudala benetako sua, ahozkotasuna lantzen hastean. Orduan hasi nintzen kontzientzia hartzen zein arma boteretsua den ahozko poesia, zein lurralde interesgarria ikertzeko eta lantzeko. Hortik aurrera, gehiago inplikatu, eta konturatu naiz niretzat poesia ez dela lana. Nire bizitza da, nire beso moduko bat. Poesia ez da soilik idazketa eta errezitaldiak; bizitzatik bizitzara doa. Eraldaketa erraldoia da poesia, eta horrekin arduraz jokatu behar dugu poetok.
Literatura. Victor LaGounda. Idazlea
«Lengoaia basatia da soinu-poesia»
Erraietan sua dario Victor LaGoundari. Poeta soila baino gehiago, piztia poetikoa da. Honela dio berak: «Nire poesia barne indarretik sortzen da. Erraietatik. Odoletik. Poesiak barrutik erretzen nau»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu