1985ean gaixotasun larri bat antzeman ziotenetik, XabierLeteren osasunak gorabehera handiak izan zituen. Horrek eraman zuen jendaurreko agerpenak murriztera eta bizimodu lasaiagoa eramatera. Ostiral goizean ondoezik sentitueta erietxera joan zen bere jabuz. Medikuek berehala ingresatzeko agindu zuten.
Lete Oiartzunen jaio zen 1944an, eta gazte-gaztetatik irakurzaletasuna izan zuen, eta ondoren idazten hasi zen, poesia. Zeruko Argia aldizkarian kolaboratzen hasi ondoren kultur giroan murgildu zen eta garai hartako beste sortzaile batzuk ezagutu zituen, tartean JosAnton Artze. Harekin eta Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Jose Angel Irigarai, Lourdes Iriondo eta beste batzuekin batera Ez Dok Amairu taldearen sortzaileetariko bat izan zen 60ko hamarkadan. Maiz kontatu zuenez, taldekideei laguntzearren hasi zen joaten emanaldietara, abesteko asmorik gabe. Harik eta egun batean kantatzerik ez zuen taldekide baten hutsunea bete behar izan zuen arte. Horrela hasi zen Leteren kantari ibilbidea. 60ko hamarkadaren amaieran hainbat single grabatu ostean, 1974an kaleratu zuen bere bakarkako lehen disko luzea, eta denborarekin herrikoi bihurtu ziren bere kanta batzuk: Xalbadorren heriotzean, Nafarroa arragoa, Sehaska kanta, Haizea dator ifarraldetik, Ni naiz eta beste.
Ez Dok Amairu desegin zenean, Lurdes Iriondorekin -ordurako bere emaztea zen jada- eta Antton Valverderekin jarraitu zuen kantagintzan. Haiekin hainbat kontzertu eman eta zenbait disko kaleratu zituen, baina 1978an Lore bat, zauri bat kaleratu eta gero, kantagintza utzi zuen. Giro politikoak itota, «nazkatuta», bere hitzetan: «Oso giro makurra zegoen, eta kantaldiak aitzakia bat ziren kontsignak eta esloganak oihukatzeko». Urte batzuk eman zituen taula gainera igo gabe, harik eta 1991an Eskaintza diskoarekin berriz ekin zion arte. 2001ean Berrehun urtez bertsotan lan mardula kaleratu zuen. Basarri, Uztapide, Lazkao Txiki, Xalbador edota Txirritaren bertsoak musikatu zituen zazpi diskotan.
Musika utzita, politika munduan ere ibili zen 80ko hamarkadaren hasieran. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari izan zen lehenik, eta Kultura diputatu gero. Gaixotasunak apartatu zuen, ordea, lan horretatik, 1985ean, eta ez zen berriz hartara itzuli.
Poeta, batez ere
Baina musikari baino gehiago, idazle izan zen. Poeta, batez ere. 1968an argitaratu zuen lehen liburua Letek: Egunetik egunera orduen gurpillean. Eta 2008an, azkena: Egunsentiaren esku izoztuak. Euskadi Literatura Saria eman zioten, orain bost urte hil zen emaztearen hutsunea nabarmen ageri zuen lan harengatik. Intimismorako bidea izan da, izan ere, Letek literaturan egindakoa, filosofo existentzialistek eta gaixotasunaren esperientziak markatutakoa.
Sorkuntzazkoa beste izan da errekuperaziozkoa Leteren lana, hala ere. Musikagintzan, kantatzeko era herrikoia berreskuratu zuen eta literaturan, bertso zaharrak bildu eta abestu zituen. Betebehar gisa zuen hori. «Kantarien lana, errekuperazio lan bat zen, beste ezer baino lehen».
Kanpoko egileak euskarara ekartzen ere egin zuen lana. Besteak beste, George Brassens, Lluis Llach, Jacques Brel eta Leonard Cohenen hitzak eta kantuak euskaratu zituen, eta Rainer Maria Rilke poetaren Orduen liburua lanetik hartutako poemekin zuzeneko emanaldia egin zuen 2001ean.
«Galeraren zentzu bat»
Cesare Pavese idazle italiarraren poema bat hautatu zuen bere kantu eta hitzen atzera begirako moduko bat eskaintzen zuen Abestitzak eta poema kantatuak izeneko liburuan, berak idatzitako sarrera biografikoa amaitzeko: «Izan zen gizon bat/ saiatu zena, /baina ez zuena asmatu». Sentsazio hori omen zuen Letek ere, asmatu ez izanarena, eta maiz sumatzen zen bere kantu eta hitzetan. «Galeraren zentzu bat» bazuen, Letek berak bere azken poesia liburuari buruz esaten zuenez. Galera, hitzaren bi zentzuetan, gainera. Porrotaz gain, heriotzak eragindako hutsuneaz ere ari baitzen liburu horretan. Aurkezpenean esan zuenez, «Paveseren esaldi hori nire epitafio egingo nuke».
Hemeroteka
«Hitzek ez dute bizitza erredimitzen»
«Gramatika ta literatura bi gauza ezberdin dira»
«Ez dakit noiz arraio ikasi bear duten gramatika ta literatura bi gauza ezberdiñ dirala. Gramatika zientzia bat da. Literatura, berriz, esakizun bat, zerbait adierazteko premia. Orregatik da ain txarra gure literatura. Esateko gauz interesanterik ez duten pertsonak eskribitzen dutelako. Gure teatruak aspertu egiten du. Bereala nabarmentzen da an esaten diran gauzak gezurrezkoak dirala».Zeruko Argia 1965eko urtarrila
«Poesia barrun aldeak garbitzeko metodo bat da»
«Poesia 'terapeutica' bat da. Barrun aldeak garbitzeko metodo bat. Eta ez barrun aldeak bakarrik, baitere kanpokoak, emen gertatzen dan bezela zikin xamarrak dagoztenean beintzat».Zeruko Argia 1967ko abuztua
«Mementu bitxienetan patriota sentitzen nauk»
«Ezin ukatu diat hemengoa naizela, eta mementu bitxienetan patriota sentitzen nauk: paisaia baten aurrean, baserritar batzurekin hizketan, usai jakin bat aditzean... Baina erretxazo bortitz bat ere sentitzen diat. Gure paisaje fisiko eta morala hondatua, deterioratua ikusten dudalako, eta pentsatzen diat neu ere banaizela hondamen partaide, eta orduan gorrotatzen diat herri hau eta hemengo jendea eta neure burua. Baina gero, kapaz nauk edozein txikikeriarekin emozionatu eta bazterrik ezkutuenean 'gora Euskadi' sinbolikoak oihukatzeko».Euskaldunon Egunkaria 1991ko otsailak 10
«Idaztea munduko ofiziorik zailena ote den pentastzen dut»
«Idazteari buruzko bi iritzi jabetu dira nitaz azken urte hauetan. Lehen iritzia: hitzek ez dutela bizitza erredimitzen; bigarrena, idaztea munduko ofiziorik zailena ote den».Berria 2007ko martxoak 3
«Maite izan ditudanak berraurkitzeko behar handi bat daukat»
«Nik behar handi bat sentitzen dut mundu honetan maite izan ditudan haiek nonbait, ez dakit non eta nola, berraurkitzeko, bereziki Lourdes [Lourdes Iriondo emazte zena]. Ideia horretan gero eta sendoago nago, eta neure burua behar horretan estutzen dut, edo esperantza horretan bermatzen».Berria 200ko urtarrilak 30
«Poesia otoitz bat da»
«Poesia otoitz bat da, batzuetan transzendentea, Jainkoari bideratua; eta beste batzuetan geure izateari eta geure iraganari egiten diogun otoitz minberatua, mingarria sarri».Berria 200ko urtarrilak 30
Erreakzioak
Joxean ArbelaitzKultur sustatzailea
«Lurdes Iriondo hil zenean bezala, Aiako Harri elurtuari begira hil da Xabier. Adiskide handia, pertsona zuzena eta zorrotza, lehen mailakoa, oso bakanetan sortzen diren horietakoa, sortzaile handia eta erreferentziala. Heriotzak pentsamendua oso landuta harrapatu du, asko teorizatu baitzuenheriotzaz, asko gogoetatu zuen horretaz. Bakean hil da».
Joan Mari Torrealdai
Euskaltzaina
«Sekulako ekarria egin dio euskal kulturari Letek. Abertzale kritikoa, Euskal Herria maite ezin zuena, baina behar zuena, kanta batean dioen bezala. Sentsibilitate handikoa zen, hurbilean oso maitagarria, poesia kanta bihurtzeko sekulako abilezia zeukana. Indar handikoa, denborarekin samurtzen joan zitzaion indar hura, izaera hura, bai poesian eta baita bizitzan. Probokazioari beldurrik gabekoa zen».
Benito Lertxundi
Kantaria
«Hizkuntzaren doaia zuen, Egunetik egunera orduen gurpileanlehen liburutik ederki erakutsi zuena, eta lehen unetik jabetu ginen denon hor sekulako idazlea zegoela. Jende askok baliatu zituen lehen liburu haren kantetako hitzak topatzeko. Poesia ederra, sarkorra, jario poetiko handikoa... Poeta handia. Kantatzeko orduan indarra zeukan, Lete giroa dei genezakeena jartzen zeun entzuleen artean».
Gorka Knorr
Kantaria
«Bartzelonan ikus nuen lehen aldiz kantatzen,artean euskaraz ez nekiela. Kantaldi hura ikusita, nere buruari urtebetean euskara ikasteko erronka jarri nion. 1973an eman nuen jendaurreko lehen kantaldia eta niretzat oso pozgarria izan zen Letek ere kantatzea kantaldi hartan. Hunkituta nago, galera handia da».