Pixkanaka, baina badoa irudia hitza hartzen. Gorakada moduko bat izan du helduentzako komikigintzak azkenaldian mundu osoan, eta Euskal Herrian ere bada mugimendurik. Gero eta gehiago dira literaturaren zirkuituetan euskaraz argitaratutako komiki, eleberri grafiko eta ilustrazioa eta narrazioa nahasten dituzten esperimentuak. Asisko Urmenetaren Okatxu (Argia), Irati Jimenez eta Iratz Inziarteren Atsekabe zaitut (Txalaparta), Hedoi Etxarte eta Alain M. Urrutiaren Ihes ederra (Alberdania), Patxi Gallegoren Xabinaitor (Elkar)... Puzten doa letra artean dabiltzan irudien zerrenda, eta hala jarraituko duela dirudi. Loraldi itxurako hau benetakoa izan daitekeen, hori da kontua.
Joera orokorrago batean kokatzen du gorakada Jorge Gimenez Bech Alberdania argitaletxeko editoreak. «Naturalizazio» prozesu baten barnean. «Lehen zirkuitu berezietan ematen zena merkatu orokorretara atera da orain. Aspaldi irentsi zituen merkatuak underground sektoreak, eta berdintzen ari dira literatur merkatu guztiak. Euskarazko komikien azken agerpen hau fenomeno horri zor ote zaion nago ni».
Alberdania argitaletxearen asmoa da Gimenez Bechek aipatzen duen joera horren froga. Urtean eleberri grafiko bat edo bi argitaratzeko asmoa azaldu du, eta aurreratu du Harkaitz Cano idazlearen eta Antton Olariaga marrazkilariaren lan bat kaleratuko duela aurten. Hari segida ematea da etorkizunerako helburua, baina oraingoz, gehiago da ale proiektu bat multzo proiektu bat baino. Narrazioari eskainitako sailaren barnean txertatuko dituzte komiki liburuok, eta neurri eta itxura askotakoa izango da bakoitza. «Liburu bakoitza unibertso bat izango da, ziur aski», dio Gimenez Bechek.
«Euskarazko lehen irudi eleberria». Hitz horiekin aurkeztu zuten Ihes ederra Hedoi Etxarte idazleak eta Alain M. Urrutia marrazkilariak, 2009an. Baina gerora, aurrekaririk bazela onartuta-edo, zuzenketa egin zuten: «Auto-proklamatutako lehen euskarazko irudi eleberria». Etxartek dioenez, euskarazko izate horregatik, berezia da haienaren gisako helduentzako komikien egoera. «Beste edonon minoritarioa izango zatekeen produktu bat nahiko arrakastatsu bihurtzen da zirkuitu honetan».
Euskarazko komikigintzaren egoera, baina, ez da ona. «Tristea da», dio Etxartek. «Hau da egia: ez dago komiki argitaletxerik euskaraz. Gure lana atera zenetik urte eta erdi pasatu da, eta ez da ezezagunak diren sortzaileen aldeko apusturik egin. Euskal literaturaren egoeraren sintoma bat da hori. Miresgarria litzateke halako formatu mistoen alde egitea, baina ez dago estandarra denetik ateratzen denaren aldeko apusturik».
Etxarteren ustez, gabezia ez da partikularra, orokorra baizik. «Ume eta nerabeen literaturaren aldeko apustua egiten da, eta argitaletxe gehienak doaz merkatu kuota horren bila, eta ez euskarak behar dituen gabeziak betetzera. Komikiak eta komikien itzulpenak dira gabezia horietako bi dira, baina gehiago daude: saiakera itzulpenak eta poesia itzulpenak, adibidez. Orain hogei urte ezarritako marko horretan dabiltza oraindik argitaletxeak».
Argitaletxeen jarrera oro har kontserbadorea dela onartuta ere, baikorrago mintzo da Harkaitz Cano. Liburuaren dekadentziarekin lotzen du irudiaren gorakada. Liburua objektu gisa dagoen krisiarekin. «Argitaletxeen urduritasunarekin du lotura, nire ustez, irudiarekiko ezinegon honek. Hiru urte daramatzate liburu elektronikoaren lehorreratzea berehalakoa dela esaten, eta liburu tradizionala erakargarriago egiteko formula bila dabiltza. Hori gertatzean, gero eta zainduagoak izango dira paperezko edizioak, fetitxe modukoak, eta horrekin lot daiteke argitaletxeen komiki eta irudiarekiko azken aldiko jarrera hori».
Harekin batera komiki liburu bat prestatzen dabilen arren, kontrara du kidea Canok. Alderantzizko irakurketa egiten du Antton Olariaga marrazkilariak, hain justu. «Papera ez da halako produktuen euskarria izango. Dagoen honetan paperak ez du balio. Beste zerbait behar da. Asmatu egin beharra dago oraindik, medioak berak dituen eskariei segituz, formula berri bat. Ez dakit nolakoa izango den, baina aldaketa hori egin behar da». Paperetik at ikusten du Antton Olariagak etorkizuna.
Literaturan gertatzen denez, tradizioarekiko kezka ere badago komiki sortzaileen artean. Izan ere, egungoa da euskarazko komikigintzak izan duen loraldi bakarra. Hor dago 80ko hamarkadako esperientzia. Fanzineak, HABEk argitaratutako komiki bildumak, itzulpen gutxi batzuk... Baina egungo egoerari begiratzeko ispilu zaila da ordukoa. Konparazioa ez da oso positiboa, Juan Manuel Diaz de Gereñu komiki adituak dioenez.
80ko esperientzia
1982 eta 1991 artean argitaratu zen Habeko Mik komiki bilduma, eta esperientzia hori hartu zuen Diaz de Gereñuk doktore tesirako gai. Haren ustez, handia da orduko haren eta egungoaren arteko aldea. «HABE helduei euskara irakasteko Eusko Jaurlaritzaren erakundeak sortu zuen bilduma hura, eta 52 aldizkari eta 18 album argitaratu zituzten. Oso gauza antolatua izan zen; egun, ez dago halakorik. Hemengo komiki autoreei profesionalizatzeko aukera eman zien Habeko Mik-ek, eta izan zen hartaz bizi zen profesional taldetxo bat Euskal Herrian. Gaur egun pentsaezina da halakorik».
Eten bortitz bat aipatu du Diaz de Gereñuk. Amildegi bat. «Habeko Mik bukatzean, bestelako lanetara pasatu ziren komikilari haiek. Marrazten segitu zuten, baina ez zieten lan haiei irtenbiderik aurkitzen. 80ko hamarkadan komikiaren beheraldi ikaragarria izan zen mundu osoan, Golkoko Gerra, papera garestitzea eta beste faktore batzuk zirela medio. Eta horrek ere izan zuen eraginik hemen. Horregatik, esperientzia hura ez da egungo sortzaileengana heldu. Bestalde, HABEren zentroetan soilik banatzen ziren albumak, eta banaketa horrekin ez da harritzekoa markarik utzi ez izana».
Basamortuko zeharkaldia
Iritzi berekoa da Asisko Urmeneta marrazkilaria. 80ko hamarkadaren bukaera aldera, Napartheid fanzinearen sortzaileetariko bat izan zen. Partekatzen du nostalgia puntu hori Diaz de Gereñurekin. «Oso belaunaldi pribilegiatukoak izan gara. Boom batean bizi izan ginen. Patxi Uhartek esaten duenez, Star Wars-en umeak gara gu, zientzia fikzioaren seme-alabak, eta horrek mundua aldatzen ahal genuela pentsatzera eramaten gintuen. Gu hasi ginenean ez zegoen tradizio handirik, baina hor zen Olariaga, haurrentzako Ipurbeltz, fanzineak... Horietako gehienak desagertu egin ziren. Orain ikusten dut nik basamortuaren zeharkaldia, ez orduan».
Desertua da Patxi Gallegok hautatu duen irudia ere. Baina ez egungo egoera deskribatzeko, etorkizunekoa irudikatzeko baizik. 2004an kaleratu zuen Xabinaitor izan da labealdi berriko lehen helduentzako komikietariko bat. Euskal kulturaren ikuspegi ironikoa, marrazkiak eta testu hutsa nahasten dituen esperimentu grafikoa. Baina ez du segidarik izan.«Xabinaitor kaleratu nuenean, hori zen nire asmoa: aletxo bat gehitzea, gero jarraipena izan zezan. Baina ez da halakorik gertatu. Eta nire kezka oraintxe bertan hori da. Gazteak ez dakit zertan dabiltzan; erdi lozorroan bezala ikusten ditut. Oraingoz gu gara, 40 urtetik gorako marrazkilariak, komikigintzarekin jarraitzen dugunak». Gero zer gerta daitekeen; hori da bere kezka.
Testu hutsera kondenatuak
Ipar eta Hego Euskal Herriko tradizioak alderatzen ditu Urmenetak. Ezberdina izan da sortzaileen formazioa batean eta bestean, dioenez. Frantzia eta Belgikakoa da munduko komikiaren merkaturik handienetariko bat, eta sarbide handiagoa izan dute Ipar Euskal Herriko komikizaleek hartara. Hego Euskal Herrian, berriz, Espainiako komikigintzak izan du pisua, batez ere, eta Urmenetak dioenez, askoz ere murritzagoa izan da tradizio hori. Baita murriztailea ere, neurri batean. «Komikia haurrentzako zerbait dela pentsatzen dute, denbora pasa hutsezko zerbait... baina ez da hala. Frantzian, adibidez, aspalditik daude genero askotako helduentzako komikiak: historikoak, gai politikoekin lotutakoak, kronika modukoak...».
Urmenetaren ustez, indarrean da oraindik komikiaren ikuspegi infantil hori. Orain gutxi kaleratu duen Okatxu komiki liburuari buruzko anekdota bat hartu du adibidetzat. «Guk ez dugu sekula erran hau haurrendako komikia denik, baina ezta kontrakorik ere. Komiki liburu bat denez, ordea, koloretsua, animaliekin, denda guztietan sartu dute haurrentzako materialen artean. Irudi du heldu ahala kondenatuta gaudela marrazki, kolore eta fantasia diren liburuak utzi eta adreiluak irakurtzera».
Medioaren aldarrikapena egiten dute komikilari guztiek jarrera hori ikusita. Haren adierazpen indarraren defentsan bat egiten dute denek. Zinemarekin alderatzen du, adibidez, Canok. «Komikia garestia dela esaten da maiz. Baina liburu idatziekin konparatzen delako gertatzen da hori. Komikia zinemarekin konparatuz gero, oso medio merkea da». Ez da diru kontu hutsa. «Komikia da zinema perfektua. Biñeta barruan dagoen dena, %100 da gidoigileak eta marrazkilariak nahi dutena, eta komikiaren pribilegio hori gutxietsia dugu. Gure artean komiki gehiago balego, askoz ere tradizio zinematografiko handiagoa izango genuke, agian».
Irakurleentzako garaia
Kantitatea eta kalitatea batera doazela dio Antton Olariagak, eta hobetzen joateko aritu egin beharra dela. Badaki zerbait horretaz berak, bizitza osoa darama ofizioan. «Ehun ale eginez gero, hamar on aterako dira. Garbi daukat egin, egin behar direla. Idatzi egin behar da, eta marraztu egin behar da, eta baliatu batzuen eta besteen artean sor daitezkeen konplizitateak. Are gehiago formula hori boladan badago. Oinarria sortu, eta irakurlea ohitzea lortuko bagenu, balitzateke zerbait. Komikiak izugarrizko gauzak lortzen ditu, oso bitarteko gutxirekin».
Merkatua da arazoa. Kantitate horri eusteko besteko irakurle masarik ba ote den. Hori galdera. Ezkor mintzo da Diaz de Gereñu merkatuaz, adibidez, baina baikor produktuez. Dioenez, merkaturik gabe, «frankotiratzaile» gisa aritu behar dira autoreak, eta horrek berak bilakatzen ditu interesgarri. «Ez dago irtenbide komertzialik, eta, beraz, egileek erabaki dute lan komertzialik ez egitea. Autore papera onartu dute. Bakoitza bere kasa dabil, bere maniekin, eta, ikuspegi komertzialetik komikiaren egoera penagarria den arren, inoiz baino komiki interesgarriagoak daude egun. Garai bikaina da hau irakurle izateko».
Letra arteko irudiak
Helduentzako komikigintza nazioartean izaten ari den gorakadak euskarazko sorkuntzan ere izan du islarik azkenaldianEgileek ontzat jo dituzte aurrerapausoak, baina apustu ausartagoak nahi dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu