Letren plazara jalgitzekoak

Atxaga, Borda, Perurena, Alonso, Linazasoro eta Sastreren liburu berri bana iritsiko da aurki plazara

Juan Luis Zabala
2007ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Hilabete barru ospatuko da Liburuaren Nazioarteko Eguna. Data garrantzitsua izan ohi da apirilaren 23a euskarazko liburuen argitalpenentzat. Ohi bezala, argitaletxeak hasiak dira, Durangoko Azokaren osteko geldialdiaren nagiak astinduta, denboraldi berriko liburuak plazaratzen -Hasier Etxeberriaren Iturrino Handia, Inazio Mujika Iraolaren Sagarrak Euzkadin eta Katixa Agirre, Uxue Alberdi, Itziar Madina eta Harkaitz Zubiriren opera prima-k esaterako-, eta hemendik aurrera etenik gabe jarraituko dute, maiatzaren erdialdera arte gutxienez, liburu berriak plazaratzen eta aurkezten. Horien arteko batzuk egile ezagunek idatzitakoak dira, honako hauek adibidez: Bernardo Atxagaren Markak. Gernika 1937, Patziku Perurenaren Deus ez eta festa, Jon Alonsoren Astrolabioa eta Pablo Sastreren Gauzen presentzia saiakerak, Itxaro Bordaren Jalgi hadi plazara nobela eta Karlos Linazasororen Diotenez ipuin liburua (Erein-Euskadiko Kutxa saria irabazi berria).

Markak. 1937 liburuak Atxagak Oñatin (Gipuzkoa) Gernikako bonbardaketa ardatz harturik emandako hitzaldia du oinarri, egileak harrezkero testua osatu eta aberastu egin badu ere. Bi eratara helduko da liburua plazara: liburua soilik erosteko aukera izango da; edota, bestela, Eusko Jaurlaritzak 1937an, bonbardaketa salatzeko asmoz, kaleratu zuen Guernica testu anonimo aurkitu berriaren faksimilarekin batera. Garai hartako 80 argazki ere baditu barruan faksimil horrek. Faksimilaren 1.500 ale kaleratuko ditu Pamielak.



LAU LIBURU KLASIKO, BERRARGITARATUTA. Euskaraz sortutako liburu berriez gain, berrargitalpenetan eta itzulpenetan ere uzta oparoa eskainiko du udaberriak. Klasikotzat jo daitezkeen lau liburu berrargitaratuko dira berriturik: JosAnton Artzeren Isturitzetik Tolosan barru (neurthitzak) poema liburua (Pamiela argitaletxearen eta Arteolaren elkarlanaren fruitu), Jon Miranderen Haur besoetakoa eta Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako nobelak (Erein) eta Patxi Zubizarretaren Eztia eta ozpina gazte literaturako narrazioa (Alberdania).

Itzulpenen arloan, honako idazle hauen liburuak daude dagoeneko plazara iritsita edo aurki iristekotan: Paul Auster (Bidaiak scriptoriumean zehar), Isaak Babel (Zalditeria Gorria), Georges Orwell (1984), Vasco Pratolini (Maitale koitaduen kronika), Francisco de Quevedo (Xerkaria), Antonio Tabucchi (Oker ttiki garrantzigabeak eta Portopineko dama), Abdela Taia (Salbazioko Armada) eta Oscar Wilde (De Profundis).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.