'L'Heure espagnole' Ravelen opera bihar eskainiko da Ziburun

Donibane Lohizunen eskolak emango dituzte ospe handiko hainbat maisuk, Maurice Ravel akademiak antolaturik

Erredakzioa
Baiona
2011ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Ehun urte bete dira Maurice Ravelek L'Heure espagnole opera konposatu zuela. Mendeurrena ospatzeko, operaren bi emanaldi izango dira konpositorearen sorterrian, Ziburun (Lapurdi), haren izena daraman musika akademiak antolaturik. Ziburuko Errekoletoen Kaperan egingo dituzte bi emanaldiak, musikagilea jaio zen etxearen parean. Bihar 21:00etan egingo dute lehena, eta hilaren 8an bigarrena, 12:00etan.

Maurice Ravel musika akademiak hainbat eskola eta musika emanaldi antolatu ditu hilaren 11era bitarte, 42. master class eta kontzertu saioan. Egitarauaren barruan jaso dituzte bi opera kontzertuak. Mendeurreneko ospakizunetarako espresuki idatzitako lana eskainiko dute Ziburun.

Horrekin batera, interpretazio eskola publikoak emango dituzte nazioarteko izen handiko hainbat irakaslek: Michel Beroff (pianoa), Olivier Charlier (biolina), Gary Hoffman (biolontxeloa), Miguel Da Silva (ahotsa), Jean-Frederic Neuburger (ganbera musika) eta Francois Le Roux (kantua) irakasleek emango dituzte —hilaren 9an Neuburgerrek beste eskola bat emango du Baionako Maurice Ravel kontserbatorioan—. Hilaren 11ra bitarte egunero izango dira eskolak, goiz eta arratsaldez, Donibane Lohizuneko Maurice Ravel auditorioan. Herri horretako elizan kontzertua eskainiko dute bihar, 21:00etan. Leos Janacek, Manuel de Falla, Federico Mompou, Franz Liszt, Hector Berlioz eta Gabriel Faure konpositoreen obrak interpretatuko dituzte.

Musikari gazteak

Hamar herrialdetatik iritsitako 50 bat musikari gaztek —tartean lau euskal herritarrek— ere parte hartuko dute zikloan. Euren prestakuntza hobetzeko etorriko dira Donibane Lohizunera, eskolak hartu eta kontzertuak eskaintzera. Hain zuzen, hainbat kontzertu eskainiko dituzte musikari gazteek asteazkenetik igandera bitarte, Ziburuko, Senpereko eta Urruñako elizetan, Ziburuko Errekoletoen Kaperan nahiz Donibane Lohizuneko Maurice Ravel auditorioan izango dira emanaldiak.

Akademian egonaldian dagoen Jose Luis Campana Musikeneko irakaslearen hainbat obra ere interpretatuko dituzte musikari gazteek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.