LIBURU AURRERAPENA. Nor bere bidean (Orbetarrak III)

Joan Mari Irigoienek (Altza, Gipuzkoa, 1948) aste honetan aurkeztuko du 'Orbetarrak' trilogiako azken nobela: 'Nor bere bidean' (Elkar). Damasok eta Gabinok, orbetarren sagako azken ordezkariek, norgehiagoka isil eta itsua bizi izan dute txikitatik, izateko, sentitzeko eta pentsatzeko bi era kontrajarri hezur-mamitzen dituztelako: Damaso arrrazionala eta eszeptikoa da, munduaren minek mindua eta jendailak nardatua; Gabino, berriz, sentikor eta sentibera, xaloa eta ameslaria, bere kontraesan guztiekin haraindi baten sinesmena gorde eta honaindiko Euskal Herria aldeztu nahi lukeena.

2010eko urriaren 5a
00:00
Entzun
Gabino:

Ez dakit gutun hau bidaliko dizudan ala ez. Baina idatzi, bai, oraintxe idatziko dizut, bai baitakit, zuri idatzi arren, neure buruarekin ere ari naizela, ea ariketaren ondorioz barrua hustu eta lasai gelditzen naizen, hori gutxienez. Izan ere, garbi utzi nahi nuke gure arteko kontu bat... nahiz eta gero eta garbiago ikusten dudan nekez hitz egin daitekeela garbi zernahiz, Freudek inkontzientearen lurralde ezezagun sekretuz josia aurkitu zuenetik. Baina garbi hitz egin ezin bada ere, ahalik eta garbien hiz egiten ahaleginduko natzaizu. Uste dut, gainera, argi eta garbi hitz egin dezakedala Jainkoari buruz, horixe baita kontua, horixe gure arteko eztabaida. Zuri esateko, konparazio batera, ezetz, ez dudala Jainkoa sinesten. Beharrik ere ez, egia esan. Baina egiaztapen horrek ez zaitu ezustean harrapatuko, zuk zeuk ere ederki antzeman baitzenion zer sinets nezakeen eta zer ez zeure meza berrian... baita lehenagotik ere, beharbada, ama eta zu Pagoagako Ama Birjinaren ustezko agerketekin itsututa ibili zinetèn garaian, zorrotz ibili bainintzaizun behin baino gehiagotan, eta zuk deabrua bera banintz bezala begiratzen baitzenidan, pena handiz, bai, baina baita nazkarekin eta beldurrarekin ere, nik uste. Elorrietako komentuan meza berria eman zenuèn egunean, baina -1942ko udazkenaren egun hegohaizetsu bat izan zen-, erabakitasun handiz zuzendu zintzaizkidan, zalantzarik izan ez zedin...

Meza eman ondoren izan zen, zuk santutegi zaharreko atariko arkupean zain zenituenak -zure lagun fraideak ez ezik, dozena eta erdi bat lagun ere bildu ginen zure ingurura, tartean izeba Ernestina... baita gure lehengusu Natalio ere, gurpil-aulki batean ibiltzera kondenatua zegoèn Teofilo Mariaren ordezkari gisa- agurtuta gero. Mementoa ere ederki aukeratu zenuen -aita eta Bibi ere ez ziren etorri: aita perlesiak jota genuen etxean eta Bibi hura (baita Teo ere) zaintzen-, ni bakar-bakarrik bainengoen metro batzuk harantzago, arkupetik at, nora etorri baitzinen zuzen-zuzenean. Eta,ukondotik heldu eta begietara so egiten zenidala, halaxe esan zenidan bat-batean: «Badakit ez duzula Jainkoagan sinesten, baina zaude lasai, noizbait sinetsiko duzu-eta». Ezustean harrapatu ninduzun, baina zu ere urduri zeunden: urduri eta pozik. Zure jarrera, hala ere, ez zen Pagoagako garaian erakutsi zenidanaren antzekoa, eta beraz, ez zeunden defentsiban; aitzitik: ziur zeunden. Arrazoi bat ere bazenuen, itsu sinesten zenuena eta berehala aditzera eman zenidana: «Nik huts egin dezaket, baina Jainkoak ez, eta nire meza berria orbetarron salbazioaren alde eskaini dut: zure arimaren salbazioaren alde bereziki...». Eta hara, orduantxe erreakzionatu nuen: nola ez, bada, erraiak irauli baitzitzaizkidan, zu ohartu ez bazinen ere... hainbestekoa izan zen zure irri autoaskiak egin zidàn mina! Badakit nire erreakzio hura -barruan gorde behar izan nuena, zer erremedio!- harrokeriatzat hartuko duzula; niri, ordea, zure jarrera iruditu zitzaidan, hanpurutsua eta hantustetsua ez ezik, ezin onartuzkoa ere, pauma batek bezala zabaldu baitzenidan zeure argudioaren isats koloretsua, erakuskeria hutsean... luma haiek ez baitzuten ezer funtsezkorik gordetzen, errealitatetzat jotzen ez dudan errealitate batetik ari zintzaizkidan-eta, azken batean. Eta zer-nolako gogoa etorri zitzaidan, zuri orduantxe erantzuteko: «Jainkoa ipuin bat da, eta hil zen ipuineko protagonista, baina zuri ez zaizu Nietzsche interesatzen, jakina. Ondorioz, ez dago zerurik ez infernurik, ez hil ondoko saririk eta ez kondenarik. Bizitza den bezalakoa da eta alferrikakoa da besterik asmatzen ibiltzea. Ezerezetik gatoz eta ezerezera goaz, hori baino gauza zuzenagorik... ezerezak ez baitu sufritzen, eta ezereza ez baita zoritxarra! Bagatoz, bagoaz, eta ez da ezer pasatzen. Edo pasatzen den gauza bakarra da gu pasa egiten garela. Gogoratu Senekaren hitzak: 'Hoc erit post me quod ante me fuit'...». Gauza gehiago ere bururatu zitzaizkidan, erantzun luzea etorri baitzitzaidan, hitz batek beste hitz batera ninderamala, eta esaldi batek beste esaldi batera: alferrik, hura ez baitzen ezer esateko mementoa, bistan da, eta isilik gelditu nintzaizun. Gaur arte.

Are garbiago mintzatuko natzaizu, jakin dezazun: ez naiz agnostikoa; ateoa naiz. Gainera, uste baino aspaldiagotik naiz ateoa. Lehenengo urratsa, Benjamin Maria hil eta bizpahiru egunera eman nuen, beharbada, oharkabean eman ere, izeba Ernestinak egin zigùn iruzkinaren ondotik: «Benjamin Mariaz gogoratzen zareten bakoitzean, gogora ezazue ahatetxo itsusiaren ipuina. Izan ere, ahatetxo bat zirudiena zisne eder bat zen. Eta orain, aingeru bat da». Ez dakit zergatik, baina ez nion sinetsi. Lehen aldia zen, ezezko bat buruan nagusitzen zitzaidana, baldintza haietan. Horrekin ez dut esan nahi aurreko ipuinetan itsu sinesten nuenik: auzia, gainera, ez zen ipuina sinestea edo ez sinestea, entzutea eta dibertitzea baizik, nik neuk ere izan bainuen neure alditxoa, zeinean bai izeba Ursulak ahoz kontatuak eta bai izeba Ernestinak irakurtzen zizkigunak ere gozokiak bezalakoak gertatzen baitzitzaizkidan... urte gutxiren buruan, anai-arrebengandik bereizteko ahaleginean-edo, neure jarrera hartaz lotsatzen hasi banintzen ere, ahalegin hark «gizonago» egiten ninduelakoan. Esan nahi dizudana da nik ere denbora-pasa gustagarritzat izan nituela haiek denbora batean -ipuina entzutearekin batera, ikasbideren bat ere ateratzen genuen, bide batez-, baina ipuinaren gozokia, izebaren hitzezko bilgarri urre-itxurakoak bildua zetorkidana, kontrako eztarrira joan zitzaidan egun hartan, paper eta guzti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.