Uztailetik aurrera, liburu digitalak 21 egunez doan jasotzeko aukera izango dute Euskadiko Irakurketa Publikoko sarea osatzen duten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 230 udal liburutegien erabiltzaileek, Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol Sailak Euskal Herriko bi editore-elkarteekin sinatu duen akordioari esker. Akordio horren arabera, hori posible egingo duen plataforma informatikoa sortuko dute erakunde sinatzaileek. Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak sinatu du ituna Jaurlaritzaren izenean, Jose Mari Sorsek Euskadiko Editoreen Elkartearen izenean eta Jose Agustin Iturrik Euskal Editoreen Elkartearen izenean.
Mailegatutako liburua 21 egunez izango du irakurgai erabiltzaileak bere e-readerrean edo edozein motatako irakurgailu elektronikoan, eta liburutegiak 20 bider mailegatu ahal izango du guztira. Behin mailegu kopuru horretara iritsitakoan, berriro eskatu beharko dio lizentzia argitaletxeari. Mailegua doan izango da erabltzailearentzat, baina Jaurlaritzak lizentzia ordaindu egingo dio editoreari, eta editoreek jasotako dirutik dagokien portzentaia emango diete liburuaren egileei.
Orotara 25.000 lizentzia inguru eskainiko dira, 500.000 mailegu bideratzeko beste. Horietatik 8.750 euskarazko lizentziak izango dira, eta 16.250 gaztelaniazkoak. Beraz, 175.000 mailegu egin ahal izango dira euskaraz, eta 325.000 gaztelaniaz.
Titulu batzuen kasuan –eskaera handia izango dutela aurreikusita— lizentzia bat baino gehiago izango da mailegagarri. Beraz, tituluen kopurua murritzagoa izango da. Baina erabiltzaileek katalagotik kanpo dauden liburuak katalogoan sar daitezen eskatzeko aukera izango dute. Horrenbestez, neurri handi batean irakurleek erabakiko dute zein liburu dagoen formatu digitalean mailegagarri.