Saiakera. Hori zen aurtengo Gutun Zuria Bilboko nazioarteko letren jaialdiaren gaia, eta literaturaren esparruaz harago joateko asmoa zuten antolatzaileek. Berez, martxoaren 30etik apirilaren 4ra zen egitekoa Azkuna zentroan. Azkenera arte saiatu dira antolatzaileek programatutako ekitaldi batzuk online egiteko aukerari eusten, baina azkenean bertan behera gelditu da edizioa. Liburu bat kaleratu asmo dute, halere, Gutun Zurian parte hartzekoak ziren egileen testuekin. Besteak beste, Martha Rosler artista, Anari musikaria, Paul B. Preciado eta Alexei Yurchack pentsalariak eta Anjel Lertxundi eta Mari Luz Esteban idazleak ziren jaialdian hitz egitekoak.
Publikazio horretaz gainera, Azkuna zentroaren hezkuntza programazioaren parte bihurtuko dira programatuta zeuden beste ekintza batzuk, eta aurtengo ediziorako programatutako beste saio batzuk hurrengo urteko ediziora pasatuko dituzte.
Aurreko edizioetako bideoak
Koronabirusaren ondorioz sortutako alarma egoeran, bestalde, #AzEtxean izeneko egitasmoa ere jarri du martxan alondegiak, bertako kultur eskaintzari digitalki irtenbidea emateko. Eta presentzia berezia eskainiko diote Gutun Zuria jaialdiari espazio horretan. Martxoaren 31tik apirilaren 5era bitarte, jaialdiaren aurreko edizioetan egindako hitzaldi sorta baten bideoak jarriko dituzte ikusgai.