Liburu kopuruak behera baina literaturak gora egin zuen 2008tik 2009ra

Helduen literaturako 380 liburu kaleratu ziren duela bi urte, Joan Mari Torrealdairen azterketaren arabera

Erredakzioa
Donostia
2011ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Euskaraz nahiz bi hizkuntzatan, 2.342 liburu argitaratu ziren 2009an, Joan Mari Torrealdaik Jakin aldizkariaren 182. zenbakian argitaratu duen azterketaren arabera. Produkzioak behera egin zuen beraz, 2008an baino 231 titulu gutxiago kaleratu baitziren. Nolanahi ere, aintzat hartzekoa da 2009ko kopurua, 2008koa baino apalagoa izanagatik, mende honetako gainerako urte guztietakoa baino altuagoa dela. Urtero argitaratzen du azterketa Torrealdaik berak zuzentzen duen aldizkarian.

Titulu guztiak gai multzotan sailkaturik, urtero bezala irakaskuntzaren ingurukoa da multzorik handiena (747 titulu, %32); bigarren lekuan datoz haur eta gazteentzako liburuak (508, %22); hirugarren, giza eta gizarte zientzien ingurukoak (445, %19); eta, ondoren, helduen literatura (380, %16).

Literaturak azken urteetako proportziorik altuena lortu du 2009an. «Parez pare dago 1976-2005. urteetako batez bestekoarekin. Azken urteetako beheraldia ikusita, literaturaren krisiaz mintzo zirenei zalantzak kentzeko balioko du horrek». 2009koa «literaturaren urtea izan dela esan daiteke», Torrealdairen ustez. «Tituluetan 380, hamarkadako batez bestekotik 114 gora; puntuetan 24ko igoera, urteko altuena; urteko pisua ere 12tik 16ra igo da».

Literatur liburuak generoka aztertuz gero, lehentasuna, beti bezala, narratibak du (%66). Atzetik datoz olerkia (%11), herri literatura eta bertsoa (%6), saiakera (%6) eta antzerkia (%3).

Aurten, aurreneko aldiz, liburu digitalari buruzko atala erantsi dio Torrealdaik azterketari, argitaletxeen eta gaien inguruko datuekin, atal horrek aurrerantzean «garrantzi berezia» izango duelakoan.«Euskarazko liburu digitala hasieran dago, zein bide hartuko duen etorkizunean trinkotzen denean jakingo dugu».

Gure iritziz sailean, bi testu eskaintzen ditu Jakin-ek. Lehenik, euskarazko hedabideek elkar hartuta egin duten gogoeta biltzen duen editorial bateratua dator: Euskarazko hedabideak, beste jauzi baterako ordua. Bigarrengoan, Joan Mari Torrealdaik Egunkaria auziaren epaiak euskal kulturarentzat izan duen garrantzia azpimarratzen du. Izan ere, azken aldian tribunaletan ohikoa zen jokamoldea hausteaz gain, judizialki eraiki nahi zen tesi polizialari bidea moztu dio epai horrek; instituzionala ez den euskalgintza gaiztotzat, terroristatzat jotzen zuen tesiari, hain zuzen.

'Jakin'-en hasierako urteak

Gaiak saileko artikuluan, Pako Sudupek Jakin aldizkariaren historiaren lehen bost urteei begiratzen die (1956-1961). Egunen gurpilean sailean, berriz, azken hilabeteotako berrien iruzkin laburrak dakartzate Haizea Barcenillak (arteaz), Inaki Irazabalbeitiak (teknozientziaz), Goizalde Landabasok (literaturaz), Lionel Jolyk (soziolinguistikaz) eta Josu Larrinagak (Glokalia atalean).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.