Nafarroako hainbat idazle, editore, ilustratzaile, itzultzaile, liburuzain eta liburu saltzaile Nafarroako Liburuaren Plataforman batu dira, «elkarlanaren bitartez liburua defendatu eta babesteko». Zazpi elkarte dira plataformako kideak: Nafar Idazleen Elkartea, Euskal Idazleen Elkartea, Editargi Nafarroako Editore Independenteen Elkartea, Nafarroako Liburu Saltzaileen Elkartea, Asnabi Nafarroako Liburuzainen Elkartea, Nafarroako itzultzaileen kolektiboa eta Nafarroako ilustratzaileen kolektiboa.
Aurkezpenean azaldu dutenez, azken urteetan liburuaren inguruan aritzen diren talde horietako hainbat lagun bat etorri dira sektorearen inguruan duten ikuspegian, eta konturatu dira ezen, denak kezkatuta dauden arren liburuak duen egoera «kaskarrarengatik», bakoitzak bere borroka egiten duela, konponbideak elkarrekin bilatu beharrean. «Ikusi genuen krisialdi ekonomikoaz geroztik eta gizartean izan diren aldaketen ondorioz liburua ez dagoela ondo, eta beharrezkoa dela bakoitzak bere guda egin beharrean denak baturik joatea», adierazi du Aritz Otazu Mintzoa argitaletxeko editore eta plataformako kideak.
Hala, batzea erabaki dute, eta, liburuari bultzada emateko, zazpi erronka zehatz hartu dituzte. Horien artean nagusia da sektorearekin lotura duten kolektibo enpresarial, profesional eta sozial guztien elkarlana bideratzea sektorearen interesak defendatzeko. Horrekin batera, liburuen sormenean, itzulpengintzan, edizioan, banaketan, salmentan eta dibulgazioan diharduten norbanako, enpresa eta industriak babestu nahi dituzte. Era berean, liburuaren sektoreari aitorpen ekonomiko, instituzional eta soziala egiten zaiola zaindu nahi dute, eta erakunde publiko eta pribatuen arteko harremana sustatu.
Plataformak batzorde koordinatzaile baten bitartez funtzionatuko du, eta hura osatzen duten elkarteetako bakoitzak ordezkari bat edo bi aukeratuko du. Taldearen lehenengo urratsa Nafarroako Gobernuarekin elkartzea eta txosten bat helaraztea izango da, plataformaren eta haren helburuen berri emateko.
Aurrerantzean erdietsi nahi duten beste erronka bat da Nafarroako edizioa eta literatura bultzatzeko «marka propio bat» sortzea, bertan sortutako liburuak bereizteko eta bultzatzeko, beste sektore batzuetan egiten den moduan. Halako neurriekin, «erakargarriago» bihurtu nahi dute liburua; izan ere, plataformako kideen esanetan, liburua osasuntsu egon dadin, garrantzitsuena da jendeak irakur dezala. Horixe izango da haien jomuga nagusia.