Euskal liburugintza sustatzeko eredu berriak aztertzen ari da Jaurlaritza. Gaur egun, liburu bakoitzaren 300 ale erosiz ematen duena da laguntza nagusia, baina industria arloko laguntzak eskatzen dituzte arloko profesionalek.
Juan Luis Zabala
Liburu honek Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntza jaso du», «Edizio honek Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntza jaso du», «Eusko Jaurlaritzak liburu hau lagundu du liburutegietarako zenbait ale erosiz»... Era horretako ohar bat ageri da azken 20 urteetan argitaratu diren euskarazko liburu gehienen atariko orrialdeetan. Oharrak ez du zehazten, ordea, zenbatekoa edo nolakoa den Jaurlaritzako Kultura Sailak liburu bakoitzari emandako laguntza: euskarazko liburuak sustatzeko, euskarazko liburu gehienen 300 ale erosten dizkie Jaurlaritzak argitaletxeei, dendetan duten salneurriaren erdia ordainduta.
Alderdi kritikagarri batzuk salatu zaizkio, eta aldaketa txiki batzuk ere izan ditu, baina azkeneko 20 urteetan erosketa bidezko laguntza da Jaurlaritzak euskarazko liburugintzari emandako laguntza nagusia, ardatza. 2006an 603.000 euro bideratu zituen Jaurlaritzak laguntza molde horretara, 2007an 580.000 eta 2008an 614.000.
Sektoreko eragile eta profesionalak aspaldidanik ari dira beste era bateko laguntzak eskatzen, liburuei emandako banan banako bultzadatik haratago liburugintza industria gisa tratatuko dutenak eta azpiegiturak sendotzeko baliagarriak izango direnak. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko ordezkariak EEE Euskal Editoreen Elkarteko eta EEG Euskadiko Editoreen Gremioko ordezkariekin bildu dira, eta biltzen jarraitzeko asmoa dute, laguntza politika berri bat diseinatzeko. Diagnostikoaren puntu batzuetan ados daude, baina oraindik ez dituzte hitzartu etorkizuneko laguntza moduak. Ezta egun dagoen erosketa bidezko laguntzari eutsiko zaion edo ez ere.
«LAGUNTZA» EDO «EROSKETA»? Euskal literatura kaleratzen duten argitaletxe guztientzat laguntza garrantzitsua da erosketen bidez egindakoa, laguntza horrek ematen duen ziurtasuna gabe ezin izango bailituzkete salmenta zail edo murritzeko hainbat liburu argitaratu.
Editore batzuek, ordea, Jaurlaritzak bide horretatik egiten duenari ez diote «diru laguntza» irizten, «erosketa» baizik. «Eusko Jaurlaritzak liburutegietarako mahaiak erosten dituenean, esaten da altzari industria subentzionatzen ari dela?», dio, adibidez, Pello Elzaburu Pamiela argitaletxeko editoreak. «Alde horretatik begiratuta, ez da subentzioa, liburutegiak hornitzeko egindako erosketa baizik. Badu, hala ere, ezaugarri berezi bat: erosketa unibertsala dela; baldintza minimo batzuk betetzen dituzten euskarazko liburu guztiak erosten dira».
«Liburu kopuru jakin baten truke jasotzen dugu ordainean dirua, alegia, dirua produktuaren truke», dio, Elzabururekin ados, Olatz Osa Elkar argitaletxeko editoreak. «Diru laguntza litzateke, baldin eta liburuaren defizitariotasuna ekiditeko diru kopuru bat emango balute, trukean liburu kantitate bat ematen ibili beharrik izan gabe».
«Inoiz diru laguntza izateko bokazioarekin sortu baldin bazen, diru laguntza zaharkitua da», Mikel Soto Txalaparta argitaletxeko editorearen iritziz. «Normala denik ezin da esan, ez baitut uste beste inongo sektoretan egiten denik produktuen erosketarik erdi prezioan. Erosketa da, eta erosketa pirata samarra».
Bestelakoa da Jorge Gimenez Bech EEE Euskal Editoreen Elkarteko lehendakariaren ikuspuntua: «Diru laguntza da, halaxe konbokatuta dagoelako, beste herrialde batzuetan egiten diren erosketa publikoak bezala. Badu, hala ere, laguntzaren formatik urruntzen duen ezaugarri bat: zerbait entregatzen dela. Laguntzaren helburua bikoitza delako gertatzen da hori: batetik, euskarazko liburugintzaren sektoreari babesa ematea; bestetik, liburutegien sare publikoa liburuz hornitzea».
Baldintza minimo orokor batzuk betetzen dituzten liburu guztiek jaso dezakete Jaurlaritzaren erosketa bidezko laguntza: 30 euroko baino gutxiagoko salneurria; 1.000 aletik gorako argitaraldia (750ekoa aski poesia, saiakera eta antzerki liburuetan); bestelako diru laguntzarik ez jaso izana...
ARGITALPEN OPORTUNISTEN ARRISKUAZ. Horrenbestez, laguntza bera jasotzen dute, modu indiskriminatuan, oso eite eta maila ezberdineko liburuek. Horrek ere eragin du kezkarik eta kritikarik. Denek aitortzen dute, ordea, konponbidea ez dela erraza. «Argi dago zenbait liburu oportunismoz argitaratzen direla, subentzioa jasotzeko», Elzabururen iritziz. «Baina nork hartuko du, hartu behar baldin bada, bereizketa egiteko ardura? Hori oso delikatua da».
«Batzuen erabilera txarretik ezin da ondorioztatu sistema berez txarra dela», Gimenez Bechen ustez. «Kontua irizpideak ondo taxututa egotea da. Hortik aurrera, egiten diren erabilera txarrak zaindu beharko dira».
Horregatik, nahiz eta batzuek «diru laguntza» kalifikazioari egoki ez iritzi, eta nahiz eta alderdi kezkagarri batzuk atzeman, arloko profesionalek ez dute erosketa bidezko laguntza sistema kentzeko eskatzen.
«Liburu asko eta asko erosketa honi esker argitaratzen dira, eta uste dut behar-beharrezkoa dela», dio, jarrera horren adibide argi, Luis Haranburu Altuna Hiria argitaletxeko editoreak. «Diru hori eta gehiago beharko litzateke. Euskal liburuak baditu hainbat gabezia eta defizit historiko, eta horiek ez dira osatzen denetarik erosita ere. Jaurlaritzak liburuak laguntzeko gastatzen duena hutsaren hurrengoa da bere aurrekontu osoaren kontestuaren barruan».
INDUSTRIA SENDOTZEKO LAGUNTZAK. «Gauza bat da liburutegiak hornitzeko xedez euskarazko produktuen erosketa bat egitea, eta beste bat euskarazko liburugintza laguntzea», zehaztu du Osak. «Egun, bi helburu horiei liburu erosketaren bidez erantzun nahi zaie, baina ez dira helburu bateragarriak. Euskarazko liburugintzaren industria laguntzeko, produktu zehatzak ardatz hartu ordez, argitaletxe bakoitzak aurkeztu beharko lukeen argitalpen plangintza hartu beharko litzateke kontuan, eta laguntzak horren arabera banatu».
Laguntzen zenbatekoa erabakitzeko, «liburuen edo produktuen edukiaren balioa, originaltasuna, berrikuntza, egin beharreko inbertsio ekonomikoa, zabalkundea, eragin soziala eta abar» neurtu edo baloratu beharko lirateke, Osaren ustez. «Egiturak laguntzen dira modu horretan, ez produktuak; eta egiturak sendotzea da euskarazko liburugintzaren etorkizunaren bermerik onena».
Laguntzak ikuspegi industrialera lerratzen baldin badira, «diru laguntza mota bat baino gehiago beharko da», Gimenez Bechen ustez. «Jaurlaritzako Kultura Sailarekin eta EEGrekin batera mailegu publikorako bide bat aztertzen ari gara, gure sektoreari begira, finantza arloko laguntzen sistema bat: mailegurik behar izanez gero zer laguntza eman dezakeen Jaurlaritzak eta abar... Mota horretako laguntzak nola eman erabakitzen denean, kontuan hartu beharko da oso argitaletxe mota desberdinak daudela; batzuen beharrak ildo batetik joango direla eta beste batzuenak beste batzuetatik».
«Gerora begira, oraingo aurrekontu ahaleginari eutsi egin beharko litzaioke gutxien-gutxienez», Gimenez Bechen ustez. «Eta hori baino gehiago ere egin beharko litzatekeela uste dut. Irizpideen errebisioaren ondotik ezin da etorri aurrekontu ahaleginaren jaitsiera bat. Liburutegi publikoak hornitzen segitu beharko da, eta horretan Jaurlaritzak badu zer esanik, eta baita editoreok ere. Oraingo sistema berritu egin behar da, eta oraingo sistema honen eginkizun batzuek hortxe segituko dute, eginkizun izaten».