Liburuko pasarteak

2011ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Lau kantari liburutik ateratakoak dira ondorengo pasarteak, lau protagonistetako bakoitzari eskainiak.

Mikel Laboa



«Laboa ez da interprete arrunta izan: kantuak harrapatuta geratu zen, eta hor, medium bilakatu. Enkantamendu horretatik ihesi atera beharrean, bertan geratu zen bera, kantuaren xarma, misterio eta indarraren menpeko —letra eta melodia gauza bakarra den esparru batean—. Eta bere eztarritik ateratzeko orduan, kantua bera Laboa bihurtu eta bere bitartez beste zerbait da. Indar berezi horrek eramaten gaitu kanta eta kantaria ia erabat identifikatzera».

Imanol



«Imanol Lartzabalen lan guztien artean bakarra aukeratu beharko banu, hori 1984an argitaratutako Erromantzeak izango litzateke… Lartzabalen lorpen handiena kantu herrikoi xume horien melodien indarra eta lirikotasuna azaleratzean datza…. Alde batera, haren ahotsak hor lortzen du goia... Bestera, Imanol helduenaren kantutegi ia osoa kantu zahar horietan erakusten den lirismo malenkoniatsu horren eraginpean eginda dago».

Beñat Axiari



«Achiaryk libre egiten du hegan kantuan, eta melodiak une batez mugatzen duenean, jarraitzen du aire librean, hitzak eta nota edo armonia ezagunak bere funtzioa bete baitute, haietatik asko ibiltzeko. Nola eta zenbat maite dituen kantu zaharrak eta nola berritzen dituen, entzundakoan baino ezin da ulertu».

Ruper Ordorika



«Lehengo adierak erabiliz, ez nuke bera medium bat denik esango. Interpretazioa da berea, Imanolena bezala, baina honen klasizismo solemnetik urrunen dagoen lekua aukeratuz, erromeriara atera gaitu berak. Ta bertan, sekulakok kontatu edo historia xumeenak, dantzari eta irribarreari eutsiz egiten du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.