Donostiako Liburutegiaren Eguna ospatzeko, XXI. mendeko liburutegien erronka eta aukera berrien inguruko jardunaldiak egingo dituzte gaur, bihar eta etzi Donostiako Udal Liburutegi zaharrean, Lluis Anglada eta Javier Celaya adituen parte-hartzearekin. Anglada Kataluniako Unibertsitate Liburutegien Partzuergoko zuzendaria da, eta OCLC Online Computer Library Centerren Kontseilu Globaleko kide izendatu dute. Celaya Entrelectores sare sozialeko eta Gestion Cultural Formacion y Comunicacion enpresaren zuzendaria da.
Angladak egingo du lehen hitzaldia, gaur, 19:30ean, liburutegi birtualari buruz; bihar eguartean, profesionalentzako mintegia egingo dute, Arantza Mariskal Tabakalerako mediatekaren arduradunak moderatua; eta etzi, 19:30ean, Celayak aro digitaleko liburutegiak aztertuko ditu.
Donostia Kulturak, Tabakalerak eta Artxibategi, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Elkarteak antolatu dituzte jardunaldiak, eta hitzaldietako sarrera doan izango da. Hiriko beste hainbat liburutegitan musika emanaldiak, ipuin kontaketak eta bestelako ekimenak izango dira.
Liburutegien erronkak eta aukerak aztergai Donostiako Udal Liburutegian
Hitzaldi bana egingo dute Lluis Anglada eta Javier Celaya adituek, eta profesionalentzako mintegia ere izango da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu