Donostiako 72. Musika Hamabostaldia

Liederren munduan sartuko du entzulea Florian Boeschek

Justus Zeyen pianistarekin batera, Schumann eta Mahlerren kantuak interpretatuko ditu

Donostia
2011ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Alemanez, lied hitzak —lieder pluralean—kantua esan nahi du. Musika klasikoaren barruan, konposizio germaniar tipiko bati egiten dio erreferentzia. Kantari bakar batentzat idatzitako abestiak dira, sarritan Alemaniako herri musikan eta poesian oinarrituta daudenak. Aro klasikoan lehen pausoak eman ondoren, Erromantizismoan loratu zen estilo hau. Gaur izango da hura ezagutzeko aukera, Florian Boeschen eskutik. Justus Zeyen piano-jotzailea lagun duela, Robert Schumann eta Gustav Mahlerrek idatzitako kantuak abestuko ditu baritono austriarrak.

Mahlerren bi obrarekin abiatuko du errezitaldia interpreteak. Lieder aus des Knaben Wuderhorn (Gaztetasunaren adar magikoari buruzko kantuak) Alemaniako herri kantuen bildumako hainbat zati interpretatuko ditu lehenengo. Konpositore austriarrak pianorako eta ahotsarentzat egin zuen lehen bildumak emango dio segida kontzertuari. Miresten zituen poetetan inspiratuta, Mahlerrek berak idatzi zituen Lieder eines fahrenden Gesellen (Bidelagun baten kantuak) obra osatzen duten poemak, maitasun harreman bat amaitu eta gero.

Atsedenaldiaren ondoren, Schumanni eskainitako errepertorioari helduko dio Boeschek. Heinrich Heine autore erromantikoaren testuetan oinarrituriko kantuak abestuko ditu, tartean Liederkreis, emozio handiko poemetan oinarrituta dagoen konposizio bilduma. Bigarren aldia da Florian Boeschek Musika Hamabostaldian parte hartzen duena; 2009an oso harrera beroa jaso zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.