Lilura sortu dute 'The Master'-ek eta Joaquin Phoenixek

Piztutako ikusminari erantzun dio Paul Thomas Andersonen filmak Veneziako zinema jaialdian

Agentziak
Venezia
2012ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Aurretik sortutako ikusminari erantzunez, oso harrera ona izan zuen atzo, Veneziako zinema jaialdiaren Sail Ofizialean, Paul Thomas Andersonen The Master filmak.Indar handiko uneei iraunkortasuna ematen badakiela erakutsi du zuzendariak, eta Joaquin Phoenix aktorearen lana hori lortzeko laguntza bikaina izan du. Horregatik, garaipenerako hautagai nagusitzat daukate askok hala The Master filmen arloan nola Phoenix gizonezko aktore onenarenean. Bigarren Mundu Gerratik AEBetara itzuli ostean zer egin eta nora jo ez dakien gizonaren rola jokatzen du Joaquin Phoenixek filmean. Sekta batean aurkitzen du babesa,sekta horretako gidari batengan (Philip Seymour Hoffman) bereziki. Filma aurkeztean, ez zuen azalpen argirik eman nahi izan zuzendariak, eta hizketarako askoz uzkurrago agertu zen Phoenix. Une batez aretotik irten zen, zigarro bat erretzera, eta itzuli zenean mikrofonotik urrunduta mintzatu zen, ganorazko ezer esan gabe.

Daniele Ciprik É stato il figlio filma aurkeztu zuen atzo jaialdi berean, baina ez zuen Andersonek adinako arretarik bereganatu. Familia txiro baten gorabeherak ditu kontagai Cipriren filmak. Kalte-ordain handi bat jaso dute familia horretako kideek, mafiak familiako alaba hil zuelako, eta diruarekin auto bat erostea erabaki dute. Hortik aurrera, filmak pertsonaia eta egoera bitxiak aurkezten eta ustiatzen ditu, sakontasun handirik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.