Agure bat itsasontzi baten atzealdean. Besoetan, maleta arin bat bat eta haur jaioberria, maleta baino are arinagoa. Agureak Linh jauna du izena, baina berak baizik ez daki hala deitzen dela, hilik daudelako haren izena zekiten inguruko beste guztiak.
Itsasontziaren popan zutik, haurtxoa besoetan lo, urruntzen ikusi du bere herria, bere arbasoen eta bere hildakoen herria. Urruntzen ari da sorterria, ezinago ttiki ari da bihurtzen, eta Linh jaunak, haize zakarrak txotxongilo baten moduan inarrosten duen arren, ordu luzeak ematen ditu hari begira, zerumugan urtuz doan bitartean.
Luze irauten du bidaiak. Egunak eta egunak. Eta egun haiek guztiak itsasontziaren atzealdean iragaten ditu agureak, zeruarekin bat egiten duen lorratz zuriari atxikia begirada, urrutiari so, itsasertz galduen bila, betiere.
Gelan sartu nahi izan dutenean, deus esan gabe utzi du haraino eraman dezaten, baina geroxeago hantxe ikusi dute berriz, atzealdeko bizkarrean, esku bat karelari helduz, bestea haurtxoari eutsiz, larruzko maletatxo higatua hanken ondoan.
Maletak uhal bat du lotua inguruan, ireki ez dadin, barrenean balio handiko ondasunak balitu bezala. Egiatan, arropa maiztua besterik ez dago barrenean, eguzkiaren argiak ia erabat ezabatutako argazki bat eta oihalezko poltsatxo bat, agureak eskukada bat lur sartu baitu bertan. Horixe baizik ezin izan du eraman. Eta ninia, jakina.
Txintxoa da haurtxoa. Neskatoa da. Sei astekoa zen Linh jauna ontziratu zenean bere gisako ezin konta ahala jenderekin batera; dena galduriko gizon eta emakumeak, arrapaladan bilduak eta noranahi eramanak otzan-otzan.
NOBELA (HASIERA)
Jatorrizko hizkuntza: frantsesa.
Jatorrizko izenburua: La petite fille de Monsieur Linh.
Itzulpena: Itziar Diez de Ultzurrun.
Argitaletxea: Igela.
Urtea: 2010.
Aurkezpena: Gerrak herria desegin eta familia osoa suntsitu dio Linh jaunari, oraindik haurtxo txikia baino ez den bilobatxoa salbu. Lurralde arrotz batera iritsi da, biloba besoetan hartuta. Vitoria-Gasteiz Gazte Literaturako Itzulpen Saria irabazi berri du Itziar Diez de Ultzurrunek nobela honen itzulpen lanarengatik.
Literatura. Pasarte hautatua. Philippe Claudel
'Linh jaunaren biloba'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu