Lirismo zamatua

Agus Perez.
2010eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Konpainia: Eifman Balleta. Lekua: Principal antzokia (Gasteiz). Eguna: urriak 28.

Agus Perez

Txaikovskiren piano eta orkestrarako lehen kontzertuko konpas indartsuekin hasi da Onegin izeneko emanaldia, Eifman Ballet Theatreko hogei dantzari eszenan zeudela, luxuzko ospakizun batean baleude bezala. Boris Eifmanek zuzentzen duen San Petersburgoko konpainiak betiko balletaren lengoaia berriztatzearen ospearekin datorkigu, eta harmonia onean elkartu ditu Txaikovskiren hainbat partitura eta pop-rock estiloko pasarte instrumental batzuk.

Bestalde, jakin beharra dago Onegin izen bitxiaren atzetik Aleksandr Puxkinen Eugene Onegin eleberriaren protagonista dagoela. Erromantizismoaren garaiko amodio ezinezkoak, laguntasun gorabeheratsuak eta patuaren ezusteko aldaketak pilatu egiten dira jatorrizko testuan, eta Eifmanek haiek guztiak ekarri ditu eszenara, maitasun eszena gartsuak, lagunen arteko jelosia hilgarriak, hilerrietako mamuen itzulerak eta pasio neurrigabeen adierazpide guztiak gure begien aurretik pasaraziz.

Konpainiaren izenari ohore eginez, antzerki kutsu argia izan du dantza emankizunak, eta Eifmanek argumentuaren kontakizun zehatzaren zerbitzura jarri ditu eskura zituen baliabide guztiak, eszena bakoitza behar-beharrezkoak ziren elementuekin girotuz eta -gaurkotasuna lortzearren-edo- atzealdeko pantailan irudi batzuk proiektatuz. Haietariko batean, ordea, bitxia egin zait Boris Ieltsin behin eta berriro agertu izana, perestroikaren garaiko herri-matxinadaren liderra hura izan balitz bezala.

Kutsu ideologiko markatua eduki duen proiekzio horren ostean koreografia lanera itzuli da berriro Boris Eifman, konpainiako bost izarren solo eta duoetan ezin garbiago erakutsiz errusiar balleten oinordeko zuzena dela. Hala ere, balletaren hizkera klasikoa berriztatzeko ahaleginean indar guztia jarri du mugimenduen ikusgarritasun hutsalean, begi-bistakoa zena neurrigabe azpimarratuz eta dantzarien gaitasun teknikoa muturreraino nabarmenduz. Horrela izanik, kontakizunaren balizko lirismoa oso zamatua geratu da, eta gehiegizko zama estetiko horrek dantzarien maila eta Txaikovskiren musika bera ere gainditu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.