Gaur egungo Euskal Herria literaturan lelopean, Literaldia jaialdiaren zortzigarren aldia egingo dute heldu den apirilaren 11 eta maiatzaren 12a bitartean, Bartzelonan. Antolatzaileek, hau da, Bartzelonako Euskal Etxeak, Bartzelonako Unibertsitateak (UB), Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak (UAB) eta Hizkuntz Eskolak ekitaldi sorta zabala antolatu dute aurten ere, eta, hortaz, hiria euskal literaturaren erakusleiho bilakatuko da.
Liburu aurkezpenak, irakurle klubak, hitzaldiak, mahai inguruak, kontzertuak, kontakizun musikatuak, literatur ibilbideak, bertso afariak, erakusketak... Denetarik izango du aurtengoak ere. Antolatzaileek nabarmendu dute, gainera, ia ekintza gehienak doakoak direla. Programazioaren xedea da ahalik eta jende gehienarengana iristea. Horregatik, aurten teknologia berrien alde apustu egin dute, eta Twitter bidezko literatur lehiaketa antolatu. Jendea idazle sentitzeko plataforma moduan bururatu zaie ideia hori. Hartara, ipuin kolektibo bat, edo gehienez 140 karaktere izango dituen mikropuin bat idatzi ahal izango da. Datorren asteazkenean abiatuko da aurtengo aldia. Arantxa Urretabizkaiak Lehenago zen berandu (Alberdania, 1995) liburuarekin irakurle kluba egingo du.
Literaldia jaialdia apirilaren 11tik maiatzaren 12ra egingo dute
Ekitaldi sorta zabal batekin, euskal literaturaren erakusleiho bilakatuko da berriro Bartzelona
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu