Twitter eta literatura

Literatur lorratz urriak txioetan

'Twitteratura' terminoa sortu zela lau urte inguru igaro dira. Twitter literatura sortzeko erabiltzen dutenak ugaltzen ari dira, baina euskarazkoan gehiago erabiltzen da literaturaz hitz egiteko, hura sortzeko baino.

BERRIA.
gorka erostarbe leunda
2013ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Urruti baina gertu. Edo hurbil baina urrun. Batzuetan elkar ukitzen dutela dirudi; besteetan, aldendu ez ezik, elkarri enbarazu egiten diotela ere bai. Twitter ez da berri-berria dagoeneko, eta ezta twitteratura terminoa ere —badira lau urte Chicagoko ikasle batzuk erabiltzen hasi zirela (twitterature), eta badira bi urte Frantziako Wikipedian agertu zela—. Twitterren, 140 karaktere eskasetan, literatur aletxoak egiteko joera areagotuz doa munduan. Facebook gainditu du sare sozial gisa Twiterrek, erabiltzaileen kopuruari erreparatuz gero: egun, 500 milioitik gora erabiltzaile dauzka. Sortzaileak, idazleak bereziki, jabetu dira tresna egokia dela euren presentzia soziala pil-pilean mantentzeko. Eta, batzuetan —gutxiagotan—, sorkuntza tresna moduan erabiltzeko ere bai. Literatur euskarri soilik ez, literatur akuilutzat eta moldetzat ere hartu baitute, dituen ezaugarri bereziek —labur, zehatz eta iradokitzaile idatzi beharrak— hartaratuta.

Ez da berri-berria twitteratura, ez. Jennifer Eganek, 2012aren hastapenetan, espia bati buruzko ipuin laburra idatzi zuen Twitterren. Gero, The New Yorker aldizkariak argitaratu zuen. Azken hilabeteetan sona handiko hainbat idazle hasi dira Twitter modu literarioan erabiltzen. Joyce Carol Oatesen txio bat da hau: «Tuit bat ezezagun denaren bihotzera jaurtitako gezia da». Salman Rushdie, Bret Easton Ellis, Alejandro Jodorowsky, J. K. Rowling, Chuck Palahniuk, Juan Villoro eta Paulo Coelho dira Twitter maiz erabiltzen duten beste idazleetako batzuk. Gehienek aipamen ingeniosoak egiteko, salaketak plazaratzeko edo Coelhoren tankerako aholku espiritualak, edo haragizkoagoak emateko erabiltzen dituzte. Ez horrenbeste literatura berariaz sortzeko, nahiz eta printza literarioak eduki.

Eta gurean? Egiten al da txio literaturarik? Twitterreko euskarazko jarduna zein den azaltzen du umap.eu atari digitalak. Hark egindako azken eraginkortasun rankingari erreparatuz gero, ikus liteke badirela idazleak Twitter unibertsoan. Twitterlari eraginkorrenen artean dira Gari Berasaluze, Gotzon Barandiaran, Hasier Etxeberria, Goizalde Landabaso, Jon Benito, Urtzi Urkizu, Mikel Peruarena, Xabier Mendiguren Elizegi, Juan Luis Zabala eta beste zenbait. Baina literatura egiten dute? Gutxik.

Karaokearen metafora

Harkaitz Canok duela aste gutxi batzuk esandakoak hauts txiki batzuk harrotu zituen ziber-munduko foroetan eta twitterlarien artean. Twitterren dabilen idazlea karaokean dabilen kantariaren parekoa dela esan zuen, gutxi gorabehera. Izan zen Canoren esana begi onez hartu ez zuenik. Idazleak berak argitu du «aho-biko labana» izan zela alderaketa: «'Zergatik ez doaz kantari profesionalak karaokera?'galdetzen diot neure buruari. Nire ustez, beldur direlako karaokean haiek baino hobeto kantatzen ote duen norbait topatuko ote duten. Antzeko zerbait gertatzen zaie/zaigu zenbait idazleri sarean edo Twitterren egiten denarekiko mesfidantza agertzean: bertan guk baino hobeto idazten duen norbait topatzeko beldurra dugula». Labanaren beste ahoa, hauxe: «Kantari frustratuentzat asmatu zen karaokea, eta idazle frustratuentzat... blogak eta haien deribatuak». Blogak «erabat vintage» bihurtu diren honetan, bloga zabaltzekotan da Cano bera.

Twitter eta sare sozialekin mesfidatia izanagatik, Canok dio tresna egokia ere izan litekeela literatura egiteko: «Literaturaren liseri ahalmena ikaragarria da, Twitter berarena baino handiagoa, ausartuko nintzateke esatera. LSDa, beat belaunaldiarentzat, edota zapata kutxa batean sartutako hitzak aliritzira ateratzea, dadaistentzat. Horiek ere oso tresna egokiak ziren».

Arazoa «derrigortasunaren sentipenak» sortzen dio Twist-en egileari: «Twitterren ez egotea idazle batentzat akabera dela pentsatzea». Goizalde Landabaso kazetari eta idazleak uste du Twitterren egotea «librea» dela. «Norberak aukeratzen du egon edo ez. Batzuetan ematen du egon behar dugula. Eta nik uste dut egon behar dugula; euskaldun gisa, idazle gisa, emakume gisa... baina ulertzen dut esaten didatenean, esan didaten moduan, Twiterrerako astirik ez dutela, edo engantxatuko liratekeela eta ez dutela nahi, edo, beste barik, euren burua ez dutela ikusten».

Literaturarik ez du egiten Landabasok Twitterren. «Informazioa jasotzeko, zabaltzeko eta iritziak trukatzeko» erabiltzen du. Duela hiru bat urte zabaldu zuen kontua, baina duela urtebete hasi zen erabiltzen. Edonola ere, literatura egiteko «leku guztiak dira» onak, haren ustean: «Twitterren kasuan mikroliteratura egiteko, leihaketak ere egiten dira. Gainera, Twitterri esker blog interesgarriak aurkitu ditut, eta idazten duen jende interesgarria ere bai». Iaz Bartzelonako Euskal Etxeak Twitter bidezko mikroipuin leihaketa antolatu zuen Literaldia jaialdian, eta 100 lanetik gora aurkeztu ziren. Lan horiek aurkeztu zituztenen artean ez zegoen Karlos Linazasoro idazle eta formatu laburreko molde guztietako narrazioen egile eta zalea. Hainbeste milioi erabiltzaile dituen tresnak «indar handia» duela aitortu du, baina ez dio literaturan aplikazio errazik ikusten: «Izan ere, llabur-llabur ibili behar hori hain da zaila idazleontzat. Niri ez zait burutik pasatu tresna hori baliatzea literatura egiteko, baina balio dezake aforismoak edota mikroipuinak idazteko, adibidez». Hala ere, jarraitu duen apurragatik, ez du ikusten erabilpen literario handirik ematen zaionik Twitterri: «Nik gehiago lotzen dut telefonia eta mundu hain arrotz horren moda moduko batekin. Literatura jasoa egiteko balitz... baina uste dut gehiago dela politikari, folkloriko eta halakoek erabiltzen duten tresna, eta ez, prezeski, fundamentuzko gauzak esateko». Linazasorok bat egiten du Twitterren erabilerak hizkuntzaren degradazioa dakarrela dioen korronte zabaldu samarrarekin: «Telefonoko mezuekin hasi zen hori, eta Twitterrek areagotu egin du izurritea. Ortografia, estiloa, labur izan behar horrek ez dakit ez ote duen zabarkeria bultzatzen...». Desadostasun erabatekoa agertu du, ostera, Xabier Mendiguren Elizegi idazle, editore eta twitterlari oparoak, hizkuntzaren degradazio posibleaz aritzean: «Telegrafoak hizkuntzaren endekapena ekarriko zuela esatea bezalatsu iruditzen zait».

Twitter eta literaturaren harremanaren gakoa, hain urrun eta gertuko hori, neurri egokia mugarritzea da, ziur asko. Hala uste du Angel Errok, Twitterri eta bertan idatzitakoari zuku literario handienetakoa ateratzen dion idazleak: «Twitterren, asmo literario esan dezagun tradizionalak huts egiten du. Hortaz, hobe da haraino Twiterrek eskaintzen eta eskatzen dituen berezko baliabideekin hurbiltzea, bestelako goi-asmorik gabe». Erroren iritzian, «dena» izan daiteke tresna literarioa, baina ikusten dio zailtasunik Twitter bidezko literaturari: «Lehen begiratuan, ematen du laburtasunak (behartua, kasu honetan), iraupen gutxiak eta bat-batekotasunak ez dutela laguntzen. Gaur-gaurkoz, behin profil informatiboa alde batera utzita, nagusitzen ari diren bi tonuak, salaketa gehienbat politikoarena eta tonu sarkastiko edo umoristikoa, inoiz biak elkartuta, ez dira nahikoa material lan literarioak aurrera ateratzeko». Errok 2011ko irailaren 2tik dauka Twitter kontua. Batez ere erabilera pasiboa («besteena irakurtzeko») eta negatiboa («nahiko nituzkeen mezu gehienak idaztera ez ausartzeko») ematen dio. Hala ere, tarteka zerbait idaztera deliberatzen da: «Bizirik jarraitzen dudala munduari aditzera emateko; neure buruaren promozio, gutxi edo asko, disimulatua egiteko edo interesgarriak edo ingeniosoak iruditu zaizkidan gauzak zabaltzeko. Oro har, saiatzen naiz errepikakorra ez izaten, bai neure buruarekiko, bai jende gehienak darabilen gaiekiko».

Labur eta berehala

Idazle eta kazetari izanik, Juan Luis Zabalari tresna «erakargarri eta tentagarria» zaio Twitter, «nola edo halako asmo literarioa duten testu laburrak idatzi eta berehala argitaratuak ikusteko aukera ematen duelako, edo 'benetan argitaratuak' ez baldin bada, sareratuak behintzat». Egunero zergatik galdegaiarekin hasitako galdera bat idazten hasi zen otsailaren amaieran. «Esperimentu txiki bat da, eta baliteke aurrerago beste batzuk probatzea ere, inolako konpromisorik gabe, gogoak eman ahala. Ez dakit testu labur horiek literatura diren edo ez; batzuk, edo akaso denak, axkarkeria erakustaldi hutsak izango dira seguru asko, edo ezta hori ere, baina nik gehienak nola edo halako asmo literarioz idatzi ditut behintzat».

Twitteratura terminoarekin Twitter eta literaturaren arteko harremana izendatzen da, baina Zabalak uste du euskarazko Twitter unibertsoa kazetaritzari lotua dagoela oraingoz, literaturari baino gehiago: «Idazleek askoz gehiago erabiltzen dituzte Twitter eta blogak, eta sare sozialak oro har, literaturaz hitz egiteko, zuzenean literatura idazteko baino».

Oso antzeko iritzia dauka Mendiguren Elizegik: «Literatur kritikarako eta gomendioetarako asko erabiltzen da; edo blogetan idatzitako sorkuntzaren zabalkunderako; Twitterren bidez sortzea bera, askoz gutxiago». Literatura egiteko ez du erabiltzen Mendiguren Elizegik: «Informatzeko, berri interesgarriak jakiteko, neure deskubrimendu batzuk zabaltzeko, sareko neure lagunartearekin harremanetan egoteko…». Twitterren pretentsioa ez da literarioa «printzipioz», Mendigurenen iritziz, «eta, gainera, bere ezaugarriek desegoki samar egiten dute sorkuntzarako». Hala ere, «literatura edozein testuingurutara molda daitekeen arte mota bat da», dio Canoren ideiarekin bat eginez: «Bereizgarri murritz horiei probetxu ere atera dakieke, eta mugak eurak akuilu gisa erabili. Ikusi izan ditut poema ederrak eta aforismo zoragarriak, propio Twitterrerako sortuak. Literatura ludikoa, oro har, baina baita salaketazkoa ere». Canok honela laburbildu du afera: «Idazle batzuen izaerarekin bat etor liteke sintetikotasun eta berehalakotasun hori, eta beste batzuekin, ez. Twitter zeure burua ikusgarri egiteko modua da, beti eguneratua eta informatuta egoteko, kanpotiko imput eta feedback baten adikzioa sortzera ere eraman zaitzakeena... eta horrek lagun diezaioke idazlearen ideien edo liburuaren hedapenari, baina ez da bere ogibidearen mamia». Hitz joko twitterlaria eginez, tweet-etik Twist-erako aldea...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.