Hanif Kureishiren (Londres, 1954) liburu bakar bat dago euskaratua, Intimitatea (Intimacy), Harkaitz Canok itzulia eta Txalapartak argitaratua. Larritu da idazlea jakitean bere lan bat baizik ez dela euskaratu. «Hemengo herritarrek espainieraz edo katalanez irakur dezakete?», galdetu dio ondoan den Anagrama argitaletxeko editoreari. «Espainieraz bai». Lasaiago geratu da, baina harridura keinua ez zaio apaldu.
Nobela horretan, harremanaren mekanikan bainoago hausturan dago fokua. Gainbehera baten kronika da. Harremanez egiten dituzun kontakizunak krudelak izaten dira maiz. Zergatik? Maitasunean sinesten duzu?
Maitasunean sinestean jakin dezakezu harreman bete bat eduki dezakezula norbaitekin, baina maitasunean sinestean dakizu zein min eragin dezakeen harreman hori hausteak. Liburuan kontatzen dudan haustura hain mingarria da amodio harreman ederra izateko itxaropena handia ere badudalako.
Sexuari dagokionez, bi pertsonaia mota daude zure nobeletan: bila doazenak eta ihes egiten diotenak. Nola eragiten du sexuak egungo bizitzan?
Sexuaz bainoago, amodioaz idazten dut. Amodioa bilatzen duzunean norekin hitz egin bilatzen duzu, nor zaindu, sexua norekin praktikatu. Ederra dena amesgaizto bihur daiteke, egunerokoan norbaitekin bizitza partekatzea ez baita erraza. Alde biko labana da, eta, alde horretatik, oso gai interesgarria da artista, idazle eta edozein sortzailerentzat».
Gutun Zuria jaialdian, hiriek literaturan duten toki eta eraginaz mintzatu zen atzo arratsean.
Zein eginkizun dute hiriek zure obran?
Bizi dudana idazten dut. Azken hamar urteetan antsietatea areagotu egin da Londresen. Atentatuen eta langabeziaren ondorioz gora egin du. Ingurumenarekin kezkatuta bizi gara orain, eta iraunkortasuna ziurtatuz bizi behar dugula barneratu dugu; baina ohartu ez arren, baina bada beste kutsadura mota bat: antsietatea. Gizartean errotzen ari da, eta benetan arriskutsua da.
Zehazki, zerk eragiten du antsietate hori?
Terrorismoak antsietatea eragiten du, baina bada beste terrore mota bat, batez ere gazteei eragiten diena, langabezia. Kezkatuta bizi dira ez baitakite lanpostu bat izango duten, ezta etxebizitza bat erosteko aukera ere. Horrek antsietatea sortzen du,antsietateak kutsaturiko gizartea. Eta gobernuek gizartearen kontrolerako baliatzen dute. Gobernu totalitarioek beldurra baliatzen duten bezala, gobernu liberalek antsietatea erabiltzen dute gizartea kontrolatzeko eta mendean izateko. Bi egoera desberdin dira, baina badute nolabaiteko lotura.
Pakistango jatorria izateak zertan eragin dizu idazteko orduan?
70eko hamarkadaren amaieran eta 80koaren hasieran, immigrazioaz idatzi nuen, arrazakeriaz, kultura aniztasunaz... Uste dut garai hartan Europan lantzeko gai interesgarriak zirela horiek.Horrela etorri ziren The Buddha of Suburbia, My Beautiful Laundrette...
Umetan, arrazakeria nozitu zenuela esan izan duzu. Azken hamarkadetan immigrazioak gora egin du nabarmen. Zein etorkizun espero dezakete etorkinek Erresuma Batuan?
Bilakaera finantzarioaren araberakoa izango da immigranteen egoera ere. Hau da, ekonomia suspertzen ez bada, immigranteen egoera gaiztotu egingo da. Langabeziaren arazoa egotziko zaie, eta arrazakeria berehala hedatuko da. Paradoxikoa da. Izan ere, Erresuma Batuak eta beste herrialde batzuek izan duten ongizate maila aurrena kolonialismoaren eta ondoren etorkinek hemen hartu dituzten lanen ondorio izan da.
Krisiak sistema berraztertzeko balioko zuela esan zuten hasieran, baina ez dirudi egungo ereduari muzin egiteko asmoa dutenik...
Gizarte lehiakorragoa sortzen ari da, eta gazte jendearengan presioa areagotzen. Jendea ez da horrenbeste mugituko irrika kultural edota intelektual batzuengatik, baizik eta helburu batzuk betetze hutsagatik. Egoera iraultzeko aukera egon daiteke, baldin eta gazteak presioaz nazkatu eta aldaketa bultzatzen badute.
Antzezlan ugari idatzi dituzu. Zer-nolakoa da antzerkiaren egoera Londresen? Mantendu egiten da garai bateko eskaintza?
Ez, inondik inora. Garai bateko antzokiek segitzen dute, baina egunero ez dago obra on bat ikusteko aukera. Aurki murrizketak izango dituzte; aurrekontuaren %40 kenduko diete. Galera handia izango da, ikusleentzako ez ezik arte eszenikoen sektorekoarentzat ere. Antzerkian trebatzen dira gero zineman edo telebistan aritzen diren profesionalak.
Psikoanalisiak zer esan nahi du zuretzat?
Bi pertsonaren arteko elkarrizketan parte hartzean, zeure burua entzuten duzu dauzkazun amets eta fantasiez hitz egiten. Sekulako asmakizuna iruditzen zait. Psikoanalistarekin lortzen duzun harremana besteak ez bezalakoa da. Ikaragarria iruditzen zait zeure barnetik bertatik zerbait ikastea beste pertsona bati entzutean. Antidepresiboak baino eraginkorragoa da psikoanalisia.
Pertsonaia batek Something to Tell You nobelan dioen bezala, «beste pertsona bati entzutea da gauzarik zailena»?
Eramangaitza da, egin dezakezun gauzarik intimoena delako, sexua praktikatzea baino are intimoagoa.
LITERATURA. «Beste pertsona bati entzutea sexua bera baino intimoagoa da»
Bizi duena idazten duela dio. Immigrazioa, kulturen arteko talkak, bikote harremanak eta sexualitatea dira pakistandar jatorriko idazle britainiarraren obraren ardatzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu