Liburu berria Mendiko behatokia-ren jarraipena da (Alberdania, 2008), blogean 2006tik 2008ko apirila bitarte idatzitako testu hautatuak jaso baitzituen liburu hartan Zabalak. Baina Naturaren mintzoa ere (Alberdania, 2000) liburu berriaren aurrekaritzat jo daiteke, Mujika Iraolaren ustez.
Idazle gisa egiten ari den bidea Euskadi Irratian hasi zuen Zabalak, eguerdietan eguraldia emateaz gain beste minutu batzukhitz egiteko eskaini zizkiotenean. «Orduan hasi nintzen, gaurko egunak halako santua, gero bestea... Hark ekarri zuen materiala Naturaren mintzoa osatzeko, eta horrek eraman ninduen naturari gero eta arreta gehiago eta mira gehiago jartzera. Bloga lan horretan areago sakontzeko akuilu du 2006az geroztik. «Martxelok [Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak] proposatu zidanean bloga martxan jartzea, beste bide berri bat iruditu zitzaidan, eta benetan baliosoa da».
Aurreneko deskribapenak sareratzean, pena izan zuen «argazki makina dezentekorik» ez zuelako. «Orain, berriz, argazki makinarik ez dut eramaten. Nahiago dut bertan ikusi, ondo-ondo, eta horrek ematen dit bidetxo bat. Argazki makina utzita, literatura punttu hori errazago bilatzen dutbeharbada».
«Arantzazun bizitzeak abantaila handiak ditu», Zabalaren ustez, gisa horretako testuak idazten dituenarentzat. «Pixka bat irteten zara eta segituan ikusten duzu zer edo zer, eta ikusi ahala blogerako punturen bat ateratzen hasten naiz. Hango lasaitasunak eta patxadak asko laguntzen du. Besteak [beste fraideak] elizan otoitzean ari diren bitartean, ni kanpora irteten naiz, eta naturarekiko meditazioa egiten dut, eta horrek berak ematen dizu barrurako pentsu mental hori, edo bihotzeko halako patxada hori».
Naturaren behaketan oinarritutako testuez gain, bestelako testuak ere badira liburuan: aktualitateari lotutako gai sozialak, txikitako nahiz gazte garaiko oroitzapenak, Arantzazuko fraideen arteko solasak, meteorologiaren ingurukoak...
Ugariak dira liburuan Bitoriano Gandiagaren aipamenak. «Mirespenez» eginak, Mujika Iraolak dioenez. «Baina Zabalak ere, prosan bada ere, poetika oso berezia dauka. Prosa berezi eta berea du, identifikagarria, testu bat irakurri eta esateko moduan 'hau Pellorena da'. Hori lortzen duen idazleak bidearen erdia baino gehiago egina du».