Gaurko liburua aztertzeko atzetik hasiko gara, berau hartzen duen saila aztertzetik, alegia.
Sail heterogeneoa osatzen du Kuku sailak. Berrogeita bi dira, oraingoz, saila osatzen duten izenburuak, eta euren artean zaila da zerk elkartzen dituen asmatzea, jomuga duen irakurlea- zortzi urtetik gorako neskato eta mutikoak- ez bada. Eta ez dut esan nahi aniztasun hori txarra denik. Egile bakoitzak bere joerak nabarmentzen ditu, ildo nagusi baten gainetik.
Agian Kuku saila bertako egileei begirako saila dela esan liteke, araua hausten duten bi salbuespen besterik ez ditugulako, eta, gainera, mundu osoko haur eta gazte literaturaren bi izen nagusik sinatuta: Cornelia Funkeren Txerrikume pirata, eta gaur aztertuko dugun Janoschen lan hau.
Testuinguru honetan Esan, ama, nork egiten ditu umeak? liburuak bere lekua aurkitu dezake. Ezen izenburutik bertatik obra berezi baten aurrean gaudela iradokitzen baitzaigu. Amari galdezka ari zaion haur batek topikoz beteriko galdera botatzen du: ugalketa zer den, erakarpen sexuala,... tabuz beteriko gaia. Literaturaren mugetan, jakintzaren transmisioaren mesedetan.
Kontaketaren haria ezin xumeagoa da, balizko sagu gizatiartu batzuen munduan kokatua: Sagu neskato bat bere nobio egin berriarekin eskolara doa. Eskolan egun hartakoa ikasi, eta gauean etxera itzultzen da.
Lan guztia irakaslearen azalpenei begira lotuta dago. Irakasleak matematika ariketa amaitu ostean biologiakoarekin hasten da. Lehenik loreen ugalketa sistema azaltzen du, erle eta guzti. Polenak obulutegirako bidea erleari esker egiten duela azaltzen du, eta ernalketa horren ondorioz jaiotzen dela fruitu berria. Jarraian hegaztiena dator, ernalketarako ematen dituzten pauso nagusiekin: arrak eta emeak elkarrekin egoteko gogoa sentitzen dutela, harra emearen gainean ezarri eta «pitilin txikiarekin» hazia isurtzen diola, eta modu honetan emearen barruan dagoen arrautza ernaltzen dela. Ondoren arrautza txitatu, eta handik hegazti kumea jaiotzen dela. Azken adibidea ere ematen du irakasleak, oraingoan saguen etsai amorratu diren gizakiekin. Hemen ere hegaztiekin bezala deskribatzen du: erakarpena, ernalketa, haurdunaldia, erditzea.
Testuak eta irudiak oso zintzoak eta zuzenak dira. Taburik gabe, garbi, xede den ugalketa pentsamendutik kendu gabe eta lizunkeriarako tarterik gabe gauzak diren bezala azaltzen dira, haurrek gaizki ulerturik gabe eta garbi zertaz ari garen ulertzeko moduan.
Pentsamendu irekiko helduak erakarri beharko ditu lehenik liburu honek, eurek jarri beharko baitute irakurle izango direnen eskuetan biologia ikasgai bat izan nahi duen lantxo hau. Hala izan bedi.
'ESAN, AMA, NORK EGITEN DITU UMEAK?'
Idazle eta ilustratzailea: Janoch.
Itzultzailea: Aiora Jaka.
Argitaratzailea: Elkar.
LITERATURA. Biologia ikasgaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu