LITERATURA. Erakutsi nola

Kevin Heredia
2009ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Bila eta bila urteak eman ondoren, orriak tonaka, bata bestearen atzetik, niniak erre arte irentsi eta gero, azkenik aurkitu dut behin eta berriro bisitatu beharreko literatur lana, edozein pertsona zentzudunek, halako izendapenik nahiko balu, etengabe kontsultatu beharreko izkribu erreferentziazkoa. Mesanotxeari ainguratzekoa, alegia. «Eta zein da liburu santu hori?», galdetuko duzu, irakurle maite, arrazoi osoz. Luzio Apuleioren Urrezko astoa akaso, magiaz, fartsaz, mitologiaz beteriko idazkia? Nikolai Gogol eromenera eraman zuen Arima hilak, agian? George Perecen Bizitza: erabilera arauak beharbada, eguneroko egundoko huskeriak erakusten dituen eleberria? Elizen Arteko Biblia bera? Ez zehazki, nahiz eta neu bezalako gizaki likido batentzat Biblia aproposa izan daitekeen: Show Me How: 500 Things You Should Know. Instructions For Life From The Everyday To The Exotic du aurkikuntzak izena (gaztelaniazko bertsioa oparitu didate niri Mira cómo se hace: 500 cosas que debes saber. Instrucciones para la vida desde lo cotidiano a lo más exótico).

Txiste txar bat kontatzen ari naizela pentsatuko du batek baino gehiagok. Ez bada, inoiz ez naiz hain serios mintzatu. Esadazue, bestela, zein liburuk biltzen dituen bere baitan bizitzan behar-beharrezko izango zaizkigun 500 irakaspen: gurpil zulaketa bost eurokoarekin nola konpondu, gorbata nola lotu, manikura eta pedikura perfektuak nola egin, otarrain bat nola garbitu. Eta kontu espiritualagoak ere bai: lehen musu gogoangarria nola eman, etorkizuna te hondarretan nola iragarri, musika nola irakurri, swing kolpea nola hobetu. Bizitza konpondu dit ditxosozko liburuak. Hemendik aurrera, Losada lagunarekin elkartzen naizen bakoitzean, ni izango naiz hozkailua ireki eta zuku goxoak prestatuko dituena (hamasei koktel, bermuda rose, banana rum, orange blossom, saketini; Losada, zer nahi duk?). Armijorenera, Bartzelonara joaten naizen hurrengoan, kalean seguru nola joan erakutsiko diot, bai eta, aukera suertatuko balitz, ukabilkada eraginkor bat nola jo. Telleria jauna lagunduko dut egin ohi dituen bidaia exotiko horietako batera, leku ideala aukeratu, liburuak eskaintzen dizkidan aukeren artean (Tabanan, Matsumoto, Angkor Wat) eta krokodilo bati nola egin aurre azalduko diot. Eta inoiz, Les bienveillantes nobelatzarra irakurri eta Jonathan Littellekin zita egiten badut, harri eta zur utziko dut Iruñeko entzierroa korritzeko azalpenekin.

Liburuari aitzakiaren bat bilatzekotan, esango nuke ez dela erabat osoa, ments dituela bizitzan garrantzizkoak diren hainbat kontu. Begira eta begira aritu naiz ea pasarteren batean azaltzen den zutabe bat nola idatzi. Baina, tira, ari gara geure kasa ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.