LITERATURA. Esperientzia literarioak

Iratxe Retolaza Gutierrez.
2010eko urriaren 17a
00:00
Entzun
Literatur adierazpide bati femenino edo maskulino etiketa ezartzeko ikuspegi zenbait garatu ziren aurreko Hirudietan. Egilearen ikuspuntua, gaiaren tratamendua, edo irakurlearen espektatibak. Begirada hauek guztiak, halere, identifikazio batetik oso hurbil garatu direla iruditu zait. Alegia, femeninoa= emakumetasuna, eta maskulinoa= gizontasuna. Feminitatearen eta maskulinitatearen rol eta estereotipo ofizialenek bai, ikuspegi hori garatu dute, baina azken aldian askotxo dira femeninoaren eta maskulinoaren arteko bidegurutzeaz aritu direnak. Edonola ere, heziketa literarioak orain artean behintzat ikuspegi etiketatu hori hedatu du, gehiegitxo egin ere.

Teresa Moureren ustez, emakume idazle batzuen obraren aurrean «kontu jakin batzuk espero dira, edo xehetasun jakin batzuk kontu horiek tratatzeko unean». Dirudienez, idazlearen generoaren arabera irakurleok espektatiba batzuk omen ditugu. Horrela baldin bada, ez al dugu modu berean jasoko eta interpretatuko alabari eskainitako liburua, egilea gizonezkoa bada edo emakumezkoa bada? Hau da, Koldo Izagirreren Rimmel poema-liburuaren eta Yolanda Arrietaren Jostorratza eta haria nobelaren aurrean, gaiari dagokionez, gure irakurle jarrerak ezberdinak al dira? Heziketa literario ofizialaren arabera, geure jarrera ez litzateke bera izango, diskurtso literario ofizialak dioenez ohikoago delako emakume batek guraso izateaz hitz egitea, gizonezko batek egitea baino.

Jar dezagun beste adibide bat. Modu ezberdinean irakurtzen al dira adulterioa eta dibortzioa pertsonaia gizonezkoa ala emakumezkoa izan? Badirudi gehiegitan hala dela. Ikusi besterik ez dago euskal kritikak Kureishiren Intimitatea liburua eta Mintegiren Sisifo maite minez liburua interpretatzerakoan sortu dituen diskurtsoak. Lehenak, familia ereduaren porrota edo gizon garaikidearen porrota irudikatzen omen ditu, gizarte-arazoak; bigarrenak, aldiz, maitemina eta maitasuna irudikatzen omen. Interpretazioetan daude gakoetariko asko, egilearen eta pertsonaiaren haragian baino.

Iban Zalduak iradoki zuenez, ba omen emakumezkoek bakarrik konta ditzaketenak. Baliteke horrela izatea, ez dut garbi, baina, hala bada, ez da gizonezkoek esperientzia horiek kontatzeko gaitasunik ez dutelako, izan ere, urruneko edo gorputzaz bestekoak diren hainbat gai eramaten baitira fikziora. Nire iritziz, gizonezkoek gai horiek tratatu ez badituzte, horietara hurbiltzeko ahaleginik edo interesik izan ez dutelako da. Esperientzia bat fikziora bihurtzeko ez zait iruditzen bizipen hori idazlearena izatea beharrezko denik, baina bizipen eta esperientzia hori bizi izan dutenen ahotsak entzuteko eta irakurtzeko saioa egitea beharrezkoa da, fikzioa sinesgarri izango bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.