Irribarre batekin irakurtzeko nobelak idazten dituen izenik handiena dela dio zenbaitek. Haren liburuetatik abiatuta, tipo xelebre baten soslaia egiteko arriskua du irakurleak; begietara guztiz ezberdina da ordea: aulki gurpildunean, keinu uzkurrarekin, Cambridgeko Historia irakasle ohia, begira-begira geratzen zaizu, zer espezietakoa zaren aztertzen ariko balitz bezala. «Zein komunikabidetatik dator?», galdetzen dio medikuari. Orkatila bihurritu eta gaizki osatu ostean ezingo dela gehiago ibili ohartarazten digu. Bizi guztirako aulkitxoan geratuko dela iragarri dute, mundua metro bateko altueratik ikusiko duela, ume begiekin bezala.
Beste komunikabide bati eman beharreko elkarrizketa amaitu berri du. Burua mugitzen du ezker-eskuin. «Umoreak mundua alda dezakeela uste duzue?», kazetariak eginiko azken galdera errepikatzen digu. Erantzunik ez, eta keinua okertzen du ezetz esateko: «Umoreak pertsona aldatzen du, ez mundua.»
Umorean, itzulpen zaila
Bere baitan umore makina bat ezkutatzen duen agure maskaldu eta nekatu bat da Thomas Ridley Sharpe (Londres, 1928). Puru lodi bat erretzen ari da. Bere emazte eta medikuaren iritzietan sostengatzen da galderei erantzuteko.
Nolakoak dira umorearen mekanismoak? Zergatik egiten dugu barre txiste batekin edo Wilten pasadizoekin?
Ez dakit!
Wilten kasuan, barre eginarazten dizuna bata bestearen atzetik gertatzen diren pasadizoen sekuentzia dela esango nuke. Elkarren segidan gainjartzen dira ekintzak, eta azkenean lehertu egiten da argumentua. Hori izan daiteke, ez duzu uste? Gauza batek bestea ekartzen du, besteak urrutiagoko beste bat; askotan logikarik gabe gertatzen dira gauzak, espero gabe, gure intuizioa harrituz eta gauzen logika itzulikatuz.
Beste faktore batzuk ere badaude: norberaren izaera, idazlearena eta irakurlearena; argumentua, eraikitzen duzun pertsonaia, erabiltzen duzun tonua, hizkuntza, sexua... eta, noski, berezko dohain bat ere behar da.
Jendeari une on bat eman eta barre eginarazteko asmoz idazten duzu? Umoretsu izateko asmorik ba al duzu?
Ez dakit. Begira, nire aitaren familia Eskoziarekin muga egiten duen Ingalaterrako iparraldeko herri batetik dator. Aitak hango hizkeran gertakari umoretsuak kontatzeko oso modu berezia zuen, inguru hartako beste askok bezala. Berarengandik ote datorkit horretarako abilezia naturala? Azentu berezia zuten hitz egiterakoan... Azkenean, umorea ere ez al da egungo gauzei beste azentu bat ematea?
Mugako herri bateko ahoskeraren ezaugarria aipatu duzu. Umorea unibertsala dela uste duzu ala kulturak eta hizkuntzak ere umorean eragina dute?
Ez dakit. Ez dakit munduko beste hizkuntzetan nola izango den umorea. Nik ingelesez besterik ezin dut hitz egin. Ez dakit beste hizkuntzetan umorearen gakoak nolakoak izan daitezkeen. Ni ingelesez bizi naiz, ingelesez idazten dut... eta nire umorea ere ingelesa da.
Baina zure liburuak mundu osoan hogeitik gora hizkuntzatan irakurtzen dira. Gerta daiteke umoretsuak iruditzen zaizkizun pasadizoak beste nonbait ez izatea, eta alderantziz, umoretsuak iruditzen ez zaizkizunak umoretsuak iruditzea beste nonbait?
Ez dakit. Agian adibide gisara balioko dizun kasu bat kontatuko dizut. Nire lehen liburu umoretsua «hainbeste egin zuen» Hegoafrikako Poliziari eskainia zegoen, modu ironiko batean. Ameriketako Estatu Batuetan ez zuten ulertzen zergatik eskaini nahi nion liburua Poliziari. AEBetako editoreak ez zuen aipu hori jartzerik nahi.
Pertsona baten bi aldeak
Ezin ulertuak argitzeko, Sharperen biografian atzera egin behar da. Zerbitzu militarra amaitutakoan, 1951n, Hegoafrikara aldatu zen. Lehendik ere ezagutzen zuen Afrikako inguru hura, haur zela joan baitzen gurasoekin. Ordukoan bizi berri baten bila, hezkuntza eta gizarte zerbitzuetan lan egitera joan zen. «Nire bizitzako esperientziarik gogorrena izan zen. Jendea tuberkulosiarekin hiltzen ari zela eta haurrek haien inguruan jolasean jarraitzen zutela ikusi nuen. Poliziak ama bat eta seme bat nola hiltzen zituen ere ikusi nuen. Izugarrikeria haien milaka argazki egin nituen».
Apartheid-aren garairik ilunenetan antzerki lan bat egin zuen bazterketaren aurka. Obra horregatik Pietermaritzburgeko kartzelan lehendabizi, eta beste batzuetan gero, preso izan zuten, politikari iraultzaile eta komunista arriskutsua zelakoan. «Buruan bi pistola jarri zizkidaten, bakartuta eduki ninduten, ziegan hiltzailerik gupidagabeenekin jartzeko eskatu nuen gero, kartzelan babestua sentitzeko». Gobernuaren aurkako lanetan aritzeagatik deportatu egin zuten azkenik.
Harrigarria da umoreagatik bereizten den egile baten bizitzaz ari garela kontuan hartuta. Izan ote daitezke hain ezberdinak pertsona beraren bi aldeak?
Ez dago beste Tom Sharpe bat. Hegoafrikakoa eta oraingoa berbera dira. Emazteak aldatu dira. Bigarren emazteak oso umore berezia du, eta berak itzuli dit barre eraginarazteko gaitz hau. Berarekin nire bizitza umorez bete zen. Dirua ere behar nuen, eta horregatik ere hasi nintzen lan umoretsuak idazten.
Umorearen mugak
Bilboko La Risa jaialdiak gonbidatuta etorri da Euskal Herrira. Jorge Herralde Anagramako editoreak jendaurreko elkarrizketa bat egin zion, eta jaialdiaren antolatzaileek saritu egin zuten bere ibilbidearengatik. Pozik dago.
«Ingalaterran komedia oso genero arrakastatsua da, eta komedianteak oso ezagunak dira. Ironia asko baloratzen da. Agian leku batzuetan umorea gutxietsi egiten da, drama errealagoa eta egiazkoagoa dela eta umorea friboloa dela pentsatuta. Umorea askatasuna da ordea.»
Eta umoreak ez du mugarik? Edozein gauzaz egin daiteke barre, mingarria izan arren? Zure liburuetako pertsonaia batzuk misoginoak ote diren kritikatu izan zaituzte, adibidez.
Nire liburuetan ez dago pertsonarik baina! Pertsonaiak daude. Beraz, zer izan daiteke mingarria horietan? Mugarik gabe izan naiteke zorrotz eta mingarria, ez banaiz pertsona errealez ari. Eta Hegoafrikako Poliziarekin ere nahi bezain gupidagabea izan naiteke, horiek errealak izan arren. Min handia egin zidaten.
Erresuma Batuko jendearen, jokamoldeen, ekonomiaren kritika ere egiten duzu nobeletan. Gerta daiteke hango jendea zure liburuetan islatuta ikustea.
Bai, gerta daiteke. Horretan da umorearen jokoaren oinarria, ezta? Era batera zeure burua ikusten duzu pertsonaietan. Wilt-en adibidez: pertsonaia oso inteligentea da, zeu izan zaitezkeen bezala. Baina gauza aldrebesak gertatzen zaizkio, eta zuk haren jokabidea ikusi eta ulertzen duzulako egiten duzu barre.
Arrazoiak
Idazlearen lanik zailena nobela egitea baino gehiago pertsonaia bat sortzea izaten dela esan ohi da. Tom Sharperen pertsonaia Wilt da. Pertsonaiaren bost liburukiko istorioari segida eman dio berrikitan argitaratu duen The Wilt Inheritance nobelarekin (Wilten herentzia) .
82 urte izan arren idatzi beharrean dagoela dio.
Zergatik?
Familiarengatik, dirua behar dugulako eta hau egiten zoriontsu naizelako. Gustatzen zait idaztea. Behin poema bat idatzi eta sari bat irabazi nuen. Baina ez. Istorioak kontatzea da gehien atsegin dudana. Egin dezakedan kirol bakarra da! Eta, gainera, ez dut serioa izan nahi!
LITERATURA. «Ez dut serioa izan nahi!»
Denik eta ezaugarririk plazerezkoena -umorea- dramaren kaioletatik askatzeko giltza dauka. Ez daki nola eraman behar den jendea barrera, baina lortzen du. Tom Sharpek zorrotz hitz egiten du irri egiteaz, irri egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu