Joseba Jaka bekaren laguntzaz saiakera trilogia bat idazteari ekin dio Ignazio Aiestaranek. Esne beltza eta nazismoaren adiskideok izena du trilogiak, eta Walter Benjaminen aingerua Gernikako bonbardaketatik da lehenengo alea, berriki argitaratua. Aiestaran filosofiako irakaslea da, EHUn, baina Zlatan Ibrahimovic-en sokakoak lasai egon daitezke, liburua ez baita inolaz ere filosofia tratatu bat, saiakera bere zentzu erabatekoan (eta ez totalean) baizik. Hau da, egilearen hausnarketa landu eta pertsonala, gai eta hurbilketa modu ugarik gurutzatzen dutena.
Hala, hasi-hasieratik antzeman dezakegu posizionamendu moral argi batetik abiatutako lana dela. Egiazki, jakin badakigu lan oro dela gutxi-asko posizionamendu moral zehatz batetik abiatzen, baina esan nahi dudana da idazleak ez duela hori ezkutatzeko batere lanik hartzen. Aiestaranek totalitarismoaren gerra-ideologia aztertu eta salatu nahi du, eta sarritan multzo honetatik kanpo utzi ohi diren zenbait gertaera bertan kokatu: Rif eta Abisiniako gerra kolonialak eta, bereziki, Espainiako Gerra Zibila. Espainian azken boladan sortu den iragan hurbileko krimenak gogoratu eta berraztertzeko ahaleginean ipin liteke, nolabait, lan hau. Hain justu kolpisten egungo txalo-jotzaileek lotsagabeki eta zinismo totalez gerrazibilismoa deitzen dioten horretan, alegia.
Liburuaren muina, dagoeneko iradoki dudan bezala, gerra egiteko modu berri hau -gerra totala- sostengatzen duen ideologia aztertzean datza. Eta ideologia honen adibide nagusitzat Ernst Jünger hartzen du, zeina, gauzak nolakoak diren, EHUk honoris causa izendatu baitzuen 1989an. Aiestaranek, beraz, Jüngerren eta futurismoaren (Marinetti) idazkietan gordetzen den mezu totalitarista azaleratu eta salatzen du zuzen-zuzenean, itzulinguruka ibili gabe. Badago kultur mundu eta akademian halako joera bat ustez puntakoak diren idazleen ibilera ez hain ereduzkoak (Heidegger da beste adibide bat) erlatibizatu eta barkatzekoa, baina Aiestaranek, aipatu kasu hauetan bederen, justu kontrakoa egiten du; kontuak garbi, adiskide zahar. Jarrera honek arriskuak dauzka, jakina, baina badirudi iruindarra arriskuok bere gain hartzeko prest dagoela salaketa politiko-moralaren ordainetan.
Testuak asko du literario edo poetikotik, sarritan haria irudi eta sinbolo jakin batzuekin lotzen baitu. Nagusia trilogiaren goiburuan azaltzen den esne beltzarena (Paul Celan-en Heriofuga-tik hartua) da, baina maiz erabiliak dira, halaber, sinbolo entomologikoak (Jünger), aingeruak (angelus novus, Benjamin) eta beste zenbait. Horrek ez du esan nahi, ostera, saio estetizista denik, ikerketa historiografiko itzela egina dagoela agerian geratzen baita. Gisa honetan, honenbestez, historiografia, etika, politika, estetika, poesia testu bakarrean galdatzen saiatzen da. Inondik ere, ez da apustu makala, egitasmo aski konplexuak baitira halakoak. Esango nuke tarteka testua ahuldu egiten dela, hasierako gehiegizko datuekin akaso, zenbait errepikapenekin, zenbait irakurketa agian behartuegiekin (Benjaminen aura kontzeptua kasu), baina bere osotasunean saiakera ezin interesgarriagoa iruditzen zait. Ausarta, zentzu guztietan, eta engaiatua, idazten denarekin engaiatua, esan nahi baita.
Ez litzateke albiste txarra liburuak nolabaiteko oihartzuna izango balu eta are eztabaidatxoa-edo sortuko balu -Joxe Azurmendik gaiari ekar diezaiokeenean pentsatzen ari naiz, esaterako-. Bitartean, hemen izango gaitu Aiestaranek, trilogiako beste bi liburuen esperoan.
'WALTER BENJAMINEN AINGERUA GERNIKAKO BONBARDAKETATIK'
Egilea: Ignazio Aiestaran.
Argitaletxea: Elkar.
LITERATURA. Gerra totalaren ertz mingotsak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu