Gustatu zait Haruki Murakamiri, Raymond Carverren liburuari -Zertaz ari garen maitasunaz ari garenean, Koro Navarrok euskaraz emana- tituluan zeharkako erreferentzia egiten dion lanean, idazketa ariketa fisikoa dela irakurtzea. Bere ustetan, gorputz osoarekin pentsatzen dugu eta idaztea ez da buru-eskuen ardura soilik: idazle bat irudika daiteke bere hatzak mugitzen, burua eragiten, baina zail da pentsatzen, aulkian eserita idaztea, ekintza fisikoa dela. Ikusten ez den ariketa fisiko batez ere ari da Murakami baina; ariketa espirituzko, psikologiko, kultu batez.
Horretarako ez du idazlearen mahaian gertatukoa adibidetzat hartzen. Alderantziz, korrika egiten ari denean pentsatu eta hausnartutakoak hartzen ditu nobela bat idaztearen nekeaz aritzeko.
Korrika egitea, idaztea bezala
Idaztea, nobela bat idaztea, korrika egitea bezala dela errepikatzen du behin eta berriz testuan zehar, eta ideia hori da liburu osoa egituratzen duena. «Nire kasuan, idazteaz dakidan gehiena, goizero kaletik korrika egiten nuela ikasi dut», dio.
Zer zaio baina korrika egitetik erakargarri? Zer eraman dezake korrika egitearen ariketatik idaztearen praktikara? Korrika ari denean adina indar fisiko xahutzen duela idaztean, adibidez. Korrika egitean toxinak askatzen diren bezala kanporatzen direla norberaren kontuak eta beldurrak paperaren aurrean jartzean. Giza izaeraren funtsean aurkitzen den toxina bat dagoela dio berak, eta hura gabe ezin dela lan sortzailerik gauzatu. Sortzen laguntzen, baina egunerokoa gaitzitzen duen toxina horrekin bizitzeko modu bat aurkitu du Murakamik: «Gai ez-sanoak lantzeko, jendeak ahalik eta osasuntsuen egon behar du». Horixe da idazle japoniarrak proposatzen duena: idazteko, forma fisiko onean egon behar dela.
Gehiago ere badio: korrika ari denean, gorputzaren soinuetan jartzen duela arreta, idazteko gizarteko hotsetan edo etxeko elkarrizketetan jartzen duen modu berean. Gizatasun oro ukatuta gorputza gizarte bat balitz bezala ulertzen duela, bere artikulatzeko modu, bere adierazpen eta min. Funtsean, korrika egitea gorputzeko labirintoan barneratzea da, haren funtzionamendua ulertzen saiatzea. Agerian geratu denez, korrika egitea ez da azkar mugitzea, giharrei indarra eskatzea, edota nekea eta izerdia bakarrik. Ariketa espirituala ere bada, izan: «Korrika egitea ariketa metafisikoaren mugan dago. Bizitzako lehentasunen artean zegoen, ezinbestekoen artean, nire-nireen artean. Korrika egiten dut, beraz banaiz».
Eta gero idatzi
Korrika egitea bezala da idaztea, nobela bat amaitzea mendi zorrotzenak iragaitea den bezala. Azken helburua zein da? Ezarri zaizkigun mugen baitan, norberaren ahitzea: horixe da korrika egitearen esentzia, eta baita, aldi berean, Murakamiren ustez, bizitzaren metafora ere.
Murakamik, bere korrikalari esperientzia kontatzen du 2005eko abuztuaren 5etik hasi eta 2006ko urriaren lehenaren artean kokatzen diren zortzi ataletan. Tartean, 1996an egin zuen 100 kilometroko korrikaldi baten testigantza ere badakarkigu. Korrika egitera bultzatu zuten arrazoiez hitz egiten du, eguneroko jardun txikiaz, edo maratoi edo triatloietan parte hartu zuenekoaz.
Bi ariketen antzekotasuna azpimarratzen du beti: idaztean eta korrika egitean, garrantzitsuena helmugara heltzea da, ez du axola zenbat denbora behar dugun horretarako. Zeure burua gainditu behar duzu korrika edo idazten ari zarenean, bestela porrot egin duzu, ez dago beste aukerarik. Norberaren eta paperaren, norberaren eta helmugaren arteko norgehiagoka bat da, eta idazte prozesuan bezala ibilbide luzeko korrikaldietan, bidean gozamen uneak eta sufrimendukoak daude, dena albora uzteko gogoak eta nekatuta sentitzeko aitzakiak.
Korrikalariaren modura, goizero-goizero lau orduz trebatzen dela idazten du. Bere (buruko) giharrak prestatzen dituela, kontzentratu egiten dela. Ezin denez urte luzetan nobelagile arrakastatsua izan, Murakamiren ustez, korrikalariak bezala zaindu behar du bere burua; goiz jaikiz goizean, berandu egin baino lehen erretiratuz gauean: «Bere mugen jakitun, bere bertute eta bizitasuna apur bat gehiago luzatu nahi duen idazle bat besterik ez naiz».
Azken finean, Hashiru koto ni tsuite kataru toki ni boku no kataru koto (De qué hablo cuando hablo de correr, Tusquets, 2010) literaturaren ariketa fisikoaz ari den bere biografiaren pasarte bat da. Korrika egitearen esperientziaz ari da idazlea, eta literaturaz. Baina ez beste egileez, bere irakurketez edo kezka metaliterarioez, eta alde horretatik, sortzailearen desmitifikazio ariketa oso interesgarria da. Korrika egitea garrantzitsuagoa da Murakamirentzat Kafkaren ezein liburu baino.
Postdata gisara
Udaberrian argitaratu zen liburu honek loturarik ba al du duela hilabete batzuk Anagrama argitaletxeak kaleraturiko Jean Echenozen Correr biografia nobelatuarekin? Idazle frantsesak, lehenago Ravelekin bezala, Emil Zatopeken bizitza literatura egiten du.Zuetarik askok ezagutuko duzuenez, karrera luzetan munduko gizonik azkarrena izan zen garai batean Txekoslovakiako atleta. Murakamik bezala Zatopekek, arrazoi ezberdinengatik, bere zapata fabrikak kross bat antolatu eta gero, korrika egitea bizitzako lehentasun nagusienen artean kokatu zuen. Ordutik aurrera ez zen gelditu: korrika egin zuen aliatuek antolaturiko lehiaketetan eta sobietarren tankeen aurretik. Korrika egingo zuen ihes egiteko, eta baita kanpoko mehatxuetatik eta barruaren kezka eta amuetatik aldentzeko ere.
Echenozi ez zaizkio kirola edo kirolariak batere axola. Baina zer dago bi nobelen azpietan? Ez dira biak ala biak idaztearen arduraz ari, bata paperean eta bestea lur gainean, Murakami korrika egiteak literaturarako balio dionaz eta Zatopek korrika egiteak historian geratzeko balio izan zionaz? Ala literatur merkatuaren zori hutsa izan da bi liburu hauen gurutzaketa?
LITERATURA. Korrika egitea eta lur gainean idaztea
Parekatu al daitezke korrika egitea eta idaztea? Ez dira antzeko ariketak inondik ere, idazleak ez baititu oinak behar, korrikalariak irudimena nahitaezko ez duen eran, baina Haruki Murakamik bi ekintzak (idaztea eta korrika egitea) giza neurri berberetara ekartzen ditu 'De qué hablo cuando hablo de correr' liburuan, bietarako baliabide eta neke berak behar direla argudiatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu