Sommer jaunaren istorioa liburua dela eta, ipuin bitxi baten aurrean aurkituko da irakurlea. Narratzaileak inoiz kontatu ez duen Sommer jaun misteriotsuaren istorioa kontatu nahi du, «ahal den neurrian, ez dago-eta behar bezalako istoriorik, baizik, bakarrik, gizaki berezi hura, bere ibilbidea pare bat aldiz nirearekin gurutzatu zuena». Eta horretarako, ume zein gaztetako hainbat oroitzapenetan murgiltzen da bere adinera heldua den gizon narratzailea: besteak beste, zuhaitzetara igo eta hegan egitea posible zela uste zuen garaia, ikasgelako neska batek lehenbizikozkalabazak eman zizkionekoa edo Funkel Andereño petralaren gaztiguen ondorioz hartzen duen erabakiaren pasadizoak bana-banan bilduko ditu. Eta eszena guztietan agertuko zaigu Sommer jaun misteriotsua, etengabe ibiltzera kondenatua dirudien pertsonaia. Beste ezaugarririk ez baitzaio ezagutzen Sommer jaunari, ibili eta ibili dabilela, gelditu gabe, baina noiz arte?
Itxuraz oso sinplea ematen duen testua, ordea, ez da dirudien bezain sinplea (sinpletasunak ere bere konplikazioak ditu). Horren erakusle da narratzaileak kontakizunean zehar erabiltzen duen estilo landu eta lortua. Hasierako lerroetatik sartuko gara hamar urte inguruko pertsonaiaren azalean, eta irakurlea ni bezala irakurketan barneratzen bada, ahaztu egingo da narratzailea berrogeita hamar urterenbueltan dabilela. Hori horrela, umeak gaztarora egiten duen salto bakoitzean, narratzailearen hizkuntza-erabilera ere aldaketa horretara moldatzen da. Ez delako nahikoa narratzailea haur edo gazte bat izatea Haur edo Gazte Literaturaz hitz egiteko. Eta gurean ere izan da haur edo gazte literaturatzat hartu diren zenbait lanetako funtzio linguistikoa zalantzan jarri duenik. Manu Lopez Gasenik, Harkaitz Canoren Lesterren logika eta Unai Elorriagaren Matxinsaltoaren belarriak liburuei eginiko kritikak datozkit burura, eta nola salatzen zuen hamar urte inguruko pertsonaien hizkuntza ez zela sinesgarria zenbait pasartetan. Eta ondorioz, irakurlea testutik urrundu egiten dela. Bada, Sommer jaunaren istorioan kontrakoa esango nuke, hizkuntzaren erabilera istorioan barneratzeko zubi bat dela (Lourdes Oñederraren itzulpenak ere badu bere garrantzia). Eta nola ez, Sempéren irudiek (Nikolas txiki gogoangarrian bezala) are hunkigarriago eta aberatsago egiten dute liburua.
Izan ere, jakina da kasurik gehienetan gazteei zuzendutako sailek irakurle helduengan sortzen duten eszeptizismoa. Gazteentzat idazten denak helduentzat interesik izango ez balu bezala... Horregatik, zenbait kritiketan komenigarria izaten da lehenbailehen zehaztea irakurle gazte zein helduengan funtzionatzen duen liburuaren aurrean gaudela (gazteei zuzendutako liburuaren aukeraketa nolabait justifikatu egin behar izaten delako). Baina Sommer jaunaren istorioa-ri buruz hori esateak ez du jada zentzurik, literatur lana gazteen sail batean argitaratu den arren, Soroizek prestaturiko antzerki bertsioa bereziki helduei zuzenduta baitago. Adibide honek aditzera ematen duenez, merkatuaren sailkapenak itsu-itsuan jarraitu beharrean, irakurketa adinen mugak irakurle bakoitzak mugatu behar dituela esango nuke.
[email protected]