Iratxe Retolazak argudiatzen zuenari atzera helduz, esan beharra daukat ados nagoela berarekin -baita Irati Jimenezekin ere-, eta ez daudela, berez, emakumezkoek bakarrik konta ditzaketenak, gizonezkoek bakarrik konta ditzaketenak ez dauden bezala; baina uste dut onartuko zaidala badaudela batzuek ala besteek errazago konta ditzaketenak, norberaren esperientziatik abiatuta sikiera.
Jakina, bizitza-esperientzia propioa ez da literaturaren iturburu bakarra -jai genuke bestela!-; Borgesek iradoki bezala, Homero ez zen sekula bataila baten lekuko izan, ziurrenik. Baina, zorionez -edo zoritxarrez- poeta grekoak eskura izango zuen gerrari buruzko kontakizun ez gutxi -ez halabeharrez Troiakoari buruzkoak-, eta esperientzia zuzenaren falta ez zitzaion zailtasun gaindiezina gertatuko, Iliada-k argi uzten duen bezala. Retolazak gizonon ahalegin edo interes faltari egozten zion balizko «literatura femenino» baten gaiei jaramonik ez egiteko joera, eta kausa zalantzagabeko horri nik beste bat gehituko nioke: lehengai literarioaren urritasun erlatiboarena, duela ez horrenbestera arte behintzat. Hain justu ere gero eta «literatura femenino» gehiago irakurri ahal dugulako, posibleago zaigu, baita gizonoi ere, «kontu edo xehetasun jakin» horiez -edo horietatik abiatuta- idaztea, nahi izanez gero -eta talentua izanez gero, zer esanik ez-.
Are gehiago esatera ausartuko naiz: «literatura femenino» bat garatu delako defenda daiteke -nik egingo dudan bezala- «literatura maskulino (heterosexual)» baten existentzia ere. Literatura bat, gizonon lumatik ateratako guztiaren ustezko unibertsaltasun zamatsu hari uko egin, eta gizonezko (heterosexual, gaingaratu) garaikideon «kontu edo xehetasun jakin» batzuen inguruan arituko litzatekeena: gizonezko (heterosexual, gaingaratu) horien egoeraz, bizipenez eta sentipenez XX. mendeko emakumeen iraultza amaitu gabearen osteko garaietan, hain zuzen ere.
Niri Philip Rothen liburu bat baino gehiago etortzen zait burura, esaterako, «literatura maskulino» horren eredu gisa, edo, beste ertz batetik, Michel Houellebecqen zenbait ere. Gugandik hurbilago, esango nuke «literatura maskulino» horren barruan koka genitzakeela Ramon Saizarbitoriaren obraren atal batzuk -Bihotz bi, edo Gorde nazazu lurpean bildumako nouvelle-tako batzuk-, Aingeru Epaltzaren Rock'n'roll -iparra dezente galduta dabilen Eduardo Saragueta izeneko kazetari-detektibe horrekin-, edo Xabier Montoiaren Denboraren izerdia -guraso zaharrak zaintzera jaioterrira itzulitako Jon Ezenarro pertsonaia nagusiaren ibilaldi domestikoek eta publikoek aditzera emango luketen bezala-. Gure letren orainaldira are gehiago hurbilduz, hor daude Fermin Etxegoienen Autokarabana euskadisaritu berria -Elias Aldasoro kooperatibista banatuak, edo banatu kooperatibistak, arketipo bihurtzeko txartel guztiak dauzka, euskal literatura maskulinoaren loterian-, eta Ur Apalategiren Fikzioaren izterrak -zeinetako pertsonaia maskulino eta, bide batez, protagonista gehienek ezin gardenago islatzen baitituzte klase ertain mendebaldarreko arron kontraesan, miseria eta mendekotasunak-.
Baina, hara non, Apalategiren liburuaren Bernardo et Ramon izenburuko azkeneko ipuineko narratzailea ez da, aurreko guztietan bezala, gizonezko bat, emakumea baizik. Eta, gauzak zer diren, aurreko gizasemeak bezain sinesgarri iruditu zait niri -eta, bide batez esanda, «literatura femeninoa» egiten omen duten emakume idazle batzuen emakumezko pertsonaia zenbait baino sinesgarriago-. Eta hori ere, «literatura maskulino» hipotetikoaren existentzia bezala, emakumeek idatzitako literatura gero eta indartsuago eta ugariagoari zor zaiola esango nuke -Apalategiren talentuari bezainbeste, alegia-.
LITERATURA. Literatura maskulinoaren alde (II)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu