LITERATURA. Miseria besteena da

Leire Lopez Ziluaga.
2010eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Arnaldur Indridason islandiarra arrakasta handia izaten ari da bere nobela beltzekin. Sariak, itzulpenak, salmenta ikaragarriak pilatu ditu, lehenago beste idazle eskandinaviar batzuek egindako bideari jarraituz. Alberdaniak eta Ereinek elkarrekin sortutako Batera sailak argitaratu du haren euskararako lehen itzulpena, Hilobiko isiltasuna. Erlendur Sveinsson protagonista duten zortzi nobeletako laugarrena da, onespen handiena izan duenetako bat.

Nobelaren hasieran, giza hezur batzuk agertuko dira hiriaren kanpoaldeko auzo batean. Erlendur inspektoreak hartuko du kasua argitzeko ardura, eta Elinborg eta Sigurdur Oli poliziek lagunduko diote. Hilketaren nondik norakoetan sakondu ahala, berrogeita hamar bat urte lehenago gertatutako zenbait istorioren berri izango dute. Ikerketaren hari horrekin tartekatuta, hezur haiek lurperatu zituzten sasoiko familia baten berri emango zaigu; gizonak emazteari ematen dizkion jipoien testigu izango gara, seme-alaben kontrako irainena. Kasu hori ebazten saiatzeaz gainera, Erlendurrek droga kontuetan dabilen alaba lagundu beharko du, eta, horren bitartez, behiala familia uzteak izandako ondorioez hausnartuko du.

Indridasonek pertsonaia sendoak sortu ditu nobela honetarako, sinesgarriak, psikologikoki ondo landutakoak; batez ere, Erlendur inspektorea, bere gainerako nobeletako protagonista ere badena. Emaztea eta seme-alabak utzi zituen gizon tristea da, sentimenduak kudeatzeko gaitasunik gabekoa. Ez du aparteko abileziarik erakusten kasua ikertzeko orduan, ez da lankideak baino argiagoa, eta instintu berezirik ere ez du, baina ahal duen guztia ikertu eta lanaren emaitza jasotzen du.

Nobelak interesa mantentzen du hasieratik amaierara, eta kontatzen diren istorioak ondo lotuta daude, batez ere bi istorio nagusiak. Batak ez du besteak esandakoa errepikatzen, eta iraganean gertatutakoaren kontakizunak ez du aurreratzen ikerketaren bidez jakingo dena. Hiltzaile posibleen kopurua txikia den arren, nobelaren amaiera ez da nabarmena.

Emakumeen kontrako indarkeria da nobela osoa zeharkatzen duen gai nagusia. Gero eta espazio gehiago hartzen ari den gaia da literaturan zein bestelako kultura adierazpideetan, komunikabideetan eta instituzioen adierazpen ofizialetan lekua egiten ari den neurri berean. Errealitate bat plazaratzeaz gainera, horren berri emateko moduak ere garrantzia du, eta gizartean gaiaren ikuspegi homogeneoa eta sentsazionalista gailentzen ari den honetan, egitura patriarkala ukitu eta emakumeak erasoetarako prestatu beharrean erantzuna gaitzespenean oinarritzen duen gizarte honetan, literaturak bestelako ikuspegia eman beharko lukeela uste dut. Harrigarria da gure gizartearen miserietako bat tratatu nahi omen duten liburuetako asko gure gizartearekin zeharka baino identifikatuko ez ditugun adibideak eskaintzea. Etsaia kanpoan geratzen da. Miseria besteena da: pobreena, etorkinena, eroena, gaizkia barruan daramatenena. Liburu honi arazo hori ikusi diot. Jipoiak, mehatxuak, indarkeria psikologikoa mende erdi lehenago gertatutakoak dira, eta, gainera, etxe ezin pobreago batean. Liburuak ez du minik egiten, ez duelako guri buruz hitz egiten.

Dena dela, nobela txukuna iruditu zait, genero beltzeko liburu nagusien mailara iristen ez bada ere. Indarkeria matxistaren tratamendua alde batera utzita, gustura irakurri dut.

Bukatzeko, liburuen itzulpena haien nazioarteko arrakastan oinarrituko bada, garrantzitsua da ahalik eta azkarren plazaratzea, bestela, inguratzen gaituzten hizkuntzetan izango dituzte irakurrita irakurleek. Kasu honetan, nahiko azkar egin da itzulpena, baina horrela ez bada, obra nagusiago batean inberti zitekeen dirua gastatuko da.



'HILOBIKO ISILTASUNA'

Idazlea: Arnaldur Indridason.

Itzultzailea: Julen Gabiria.

Argitaletxeak: Alberdania-Erein.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.