LITERATURA. Mundua jende, familia eta etxeetan dago

Europako irakurlearentzat ia ezinezkoa zen, orain gutxira arte, Hebe Uharten libururik aurkitzea, autoedizio edo argitaletxe desagertuen katalogoetan bahituta baitzeuden 1936an Morenon (Buenos Aires, Argentina) jaiotako idazlearen lanak. Alfaguarak edizio bakarrean bildu ditu bere narrazio guztiak.

Jon Benito.
2010eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Lehen abizenak (Uhart) bere jatorriaren pistaren bat eman dezake: ahaideak erdiz euskal herritarrak ditu eta beste erdiz italiarrak, nahiz Argentinan jaio eta bizi den. Ia Europako irakurlearentzat bezain ezezagun, ez da argitaletxe erraldoi eta tirada handiko liburuen egile. Orain edizio bakarrean gordetzen dira Camilo asciende, Memorias de un pigmeo eta Mudanzas nobela laburrak eta bere beste ipuin asko, Alfaguara etxearen eskutik argitaratu den bilduma lanean.

Irakurle berriarentzat, unibertso pertsonal berezi bat deskubritzeko aukera da Hebe Uharten literatura. Lurreko paisaian ezberdina, begiradan xaloa, harridura, ñabardura, galdera, ziurgabetasunak zerrendatuko ditu irakurle ohargabeak, narrazioei begiak ematen badizkie. Belarritik entzun bezala idatziak, oharrik gorde gabe, naturalaren trazuarekin marratuta, kanpora bezala barrurantz kontatzen du.

Kalean entzun zuen elkarrizketa baten segida fikziozkoa, hura bezain erreala: «Niretzat enigma bat da zergatik ez ditugun ongi idazten elkarrizketak. Elkarrizketekin ondo moldatzen diren idazle gutxi ditugu. Ez ote diogu elkarri entzuten?»

Gauza txikien handitasuna

Egunerokoaren ezohikotasunaz idazten duela, txikiaren gorazarre egiten duela esan da, estilo naif eta sinple batetara mugatu nahiz Uharten narraziobidea. Estiloa hondoa agertzeko modu bat baino ez da, baina, eta honek sakonera handiko kontuak dakarzkigu. Adibidez, bere aitona-amona etorkinak, familia, maila sozialetan gora egiteko ezina, eskola, maitasunaren edo adiskidantzaren lehen aldia.... Gertakariei aurrekarien zimurrik gabe begiratzeko gonbita egiten du, hitzen orbanik gabe kontatzekoa, baina ez horregatik azalkerian erortzekoa. Huntzarekin alderatu izan dituzte bere idazkiak: itxura batera berezitasunik gabe hazten dira, baina harrien baitara egiten dute, hau pitzatuz. Bide beretik, Uhartek, irakurleari pertsonaia bat aurkezten dio, baina ez luke honek ahantzi behar, pertsonaia hori ingurune fisiko eta familiar batek bizi duela. Historia duela, testuinguru bat, bere diru, arazo, ezinikusiekin. Pertsonatik mundua kontatu beharko du halabeharrez egileak, eta Uhartek ere zanbulu egiten du, pertsonatik gizarte bat, gizartetik herri bat, herritik nazio baten sentimendu eta bizipen, historia kontatzera.

Horretarako bere ahaideen historia gogoratzen du, bere ingurunetik hasten da. Gainerakoena ere, ezberdintasunak ezberdintasun, antzekoa dela pentsatuz: «Nire aitona-amonak Morenora ailegatu zirenean, hau herritxo bat zen. Farol baten argitan gauez lan eginez jaso zuten etxea. Orain, Moreno ondoan dagoen Paso del Reyk, zazpi banketxe ditu, hamar ikastetxe, baina heldu zirenean, hura ez zen desertu bat besterik. Nik ez nekien aberatsak ala pobreak ginen, ez eta ama eskolako irakaslea zenik edo aita banketxean aritu zenik ere. Nik ez nekien ezer. Ume batek ez du kontzientzia historikorik»

Uhart txikitik eta pertsonaletik hasten da, baina ez du, horregatik, kolektiboaren, historiaren, sakonaren kontzientzia galdu. Jada ez da umea. Gauzak aldatu egiten dira: italiar jatorriko alfabetatu bikote batek etxea egiten duela, handik beste hobe batetara aldatzen dela, eta etxe handian, ohiturak jiratzen dituztela, tristetuz, desorekatuz, lotsatuz... Sentimenduen habiatik atera eta gizartearen eraldaketaz ari da, komunitatearen sorreraz, diru premiaz, nortasunaz... Eta bien bitartean, neska emakume egin da, emakumea ama... Pertsonaia batetik gizartea erakusten zaigu, bere konplexutasunarekiko xalotasun eta harridura guztiarekin.

Bere esperientzia eta familia hartzen ditu ardatz, eta haien inguruan antolatzen du literatura oso bat. Idaztea memoria ariketa baten gisara ulertu izan du: kalea edo herria ez da beretzat istorientzako kokaleku bat besterik, narrazioetarako fabrika edo ikasbide. Errealitatea kronika baten amua da.

Bidaiaren lilura

Behin, ni-a edota gu-a, pertsonala eta kolektiboa zena markatu zituenean, bestea-ren deskubrimendua ailegatzen da Uhartentzat. Iraganeko gertakariak gainditu, eta ezagutzen ez duena, bestea, arrotz zaiona, urrutikoa, baina bere antzekoa, deskribatu nahi du. Behinola, senideena, herrikoa, berea kontatu zuen bezala, orain, alderantziz egiten saiatzen da. Familiako ahaideen destinu bera izan eta migratzaile direnak dira protagonista: istorioek haien izena dute tituluan, haren testingatza jaso eta gordetzeko.

Hara Uharten liburuetatik ateratzen dena: Mundua ikusteko ez da urrun joan behar, bere inguruan dago, bere ingurura dator. Eta ez du kronika bat egin besterik, haiek entzun eta jaso, mundu, ingurune eta testuinguruaz hitz egiteko. Ez du hasierako narrazioetan bezala, pertsonaiarik ere behar; nahikoa zaio hezur-haragizko bakar bat, mundu, pentsaera eta sentimenduak letretara etzateko.

Bidaiez ere idatzi du: bereak izan zitezkeen herri txikien ezaugarriez, bera izan zitekeenaz, bere inpresioez... lurrezko ispilu batetan begiratzen da. Han ere jendea jendea da. Jan egiten dute, etxeak eraikitzen dituzte, loa galtzen dute. Bere proposamena paisaiari begiak eskaintzea da, esateko duenari belarriak ematea, eta haiek idaztea. Eta proposamen horretatik genero literarioak gainditzen ditu: bereak ez dira nobelak, ez eta ipuinak ere; kronikatik edaten du, baina ez da kronika ere.

Uharten antologia honetara hurbiltzen denak, begiekin ikusitakoa, belarriekin entzundakoa irakurriko du. Bilduma bat da finean: sentsazio, istorio, amodio... kanpotik barrura jasotakoa, barrutik kanpora kontatua. Ez ahazteko idatzia. Gordea. Ez ahazteko berriz publikatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.