Uztailaren 1ean beteko dira ehun urte Juan Carlos Onetti sortu zela. Montevideon jaio zen, 1909an. Baina Espainian eman zituen bizitzaren azken 19 urteak, 1975etik 1994ra. Madrilen hil zen, 84 urte zituela. Juan Maria Bordaberryren diktadurak behartutautzi zuen Uruguai, eta 1985ean itzultzeko aukera izan bazuen ere, ez zen sekula sorterrira itzuli. Ordurako antolatua zuen bizitza Espainian.
Literatur obra ugari idatzi zituen, eta horiek guztiak argitara emango ditu Galaxia Gutenberg argitaletxeak, hiru liburukitan. Aurreneko biek Onettiren nobelak jasotzen dituzte, eta kalean daude jada. Hirugarrena maiatza eta ekaina artean ateratzeko asmoa dute editoreek; ipuinak, artikuluak eta era askotako testuak bildu dituzte argitalpen horretan.
Cristina Peri Rossi idazle uruguaitarraren esanetan, «gaztelaniaz idatzi duen idazle existentzialista bakarrenetakoa da Onetti». Mario Vargas Llosa Onettiri buruzko saiakera ontzen ari da, eta argi dauka: «idazle moderno handia da». Haatik, merezitako aitortzarik ez duela izan uste du Vargas Llosak. «Idazle originalenetako bat da, originalena ez bada. Kontakizungintza modernitatean barruratu zuen». Onettiren obren mundua ezkorra dela dio Vargas Llosak. «Ezezkotasunez betea dago, horregatik ez da iritsi publiko zabalera». Nolanahi ere, literatura onak unibertso ezkorra gainditzen duela dio idazleak.
LITERATURA. Onettiren lan guztiak argitaratuko dituzte mendeurrenean
Aurki kaleratuko duten liburukiak ipuinak eta artikuluak jasoko ditu; nobelak kalean daude jada, bi liburukitan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu