Urte luzez aipatua izan da Mario Vargas Llosa (Arequipa, Peru, 1936) idazlearen izena Literatura Nobel saria jasotzeko hautagaien artean. Hainbeste urtez, ezen betiereko hautagaien zerrendan sartu ez ote zen errezeloa zuen askok. Azkenean jaso du saria, eta horregatik izan da sorpresa, luzaz espero zelako. «Botere egituren kartografiagatik eta erresistentziaz, iraultzaz eta indibiduoaren porrotaz egiten duen erretratu zorrotzagatik» saritu du Suediako Akademiak.
New Yorken jaso zuen idazleak albistea, Princeton unibertsitatean klaseak ematen baititu. «Hunkituta eta oso pozik» hartu zuen berria, baita sorpresaz ere. «Suediako Akademiak guztiz ahazturik ninduela uste nuen, ez nekien saria hilabete honetan ematen zenik ere». Lehen erreakzioa zuhurtziaz jokatzea izan zen. «Alberto Moraviari egindakoa etorri zitzaidan gogora. Deitu zioten esatekoNobel saria irabazi zuela. Ospatzen hasi zen, baina broma bat zen. Emazteari esan nion: hau txantxa bada, hobe seme-alabei esaten ez badiegu». Behin egia zela ziurtatu ostean, poza.
Cervantes Institutuan eman zuen Vargas Llosak saritua izan ondorengo prentsaurrekoa. Hain zuzen, Nobel sari hau «gaztelaniari egindako errekonozimendua» ere badela adierazi zuen. «Latinoamerikako literaturaren aitortza ere bada, munduan zehar nolabaiteko atxikimendua jasotzen ari baita». Hogei urte igaro dira gaztelaniazko idazle batek, Octavio Paz mexikarrak, Nobel saria azken aldiz irabazi zuenetik. Esker oneko hitzak izan zituen idazle perutarrak Espainiarentzat, «idazten eta irakurria izaten» lagundu ziolako alde batetik, eta herritartasuna «aitortu» ziolako beste alde batetik. «Fujimorik ez ninduen perutartzat hartzen, eta Espainiak eragotzi zidan paria bat izatea. Asko maite dut Espainia, baina nik idazten dudana Peru da. Perutarra naiz».
Liburu berria prest
Merezimenduz jasotako saria dela esatean bat etorri dira nazioarteko idazle asko, baita Vargas Llosaren senide, agente eta literatur zaleak ere, noski. Behin baino gehiagotan entzun zen hitz hori Frankfurteko Liburuaren Azokan. Han zeuden El sueño del celta (Zeltaren ametsa) Vargas Llosaren nobela berria kaleratuko duen Alfaguara argitaletxeko kideak ere, pozarren, eta saria jaso ostean liburuaren argitaratze data aurreratzeko asmoa aipatu zuten.
Abenduaren 10ean jasoko du saria eta 1,1 milioi euroko ordaina Suediako erregearen eskutik,Stockholmen. Hitzaldian zertaz mintzatuko den pentsatzeko astirik ez du izan oraindik. Etorkizunari begira, «ahalegina egingo dut nire bizitza aldatu ez dadin. Ez diot idazteari utziko. Literaturak antolatzen du nire bizitza, zentzua eta norabidea ematen dio», adierazi zuen.
LITERATURAKO NOBEL SARIA. «Ahaztua nindutela uste nuen»
Mario Vargas Llosa idazle perutarrak jaso du Literatura Nobel saria, urteetan hautagaien artean aipatua izan ostean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu