Literaturari «giza askatasunaren adierazpen ederra» irizten dio Mario Vargas llosak, eta esaten erraza eta lortzen zaila den hori bilatu du beti bere nobeletan, «ondo kontatutako istorioa». Victor Hugo, Gustave Flaubert eta William Faulkneraitortu ditu beti ahalegin horretan maisu eta gidari.
Flauberten Madame Bovaryren irakurketatik «nobela modernoarentzat funtsezkoa den guztia» ikas daitekeela idatzi zuen, Faulkner, nuestro contemporáneo (Faulkner, gure garaikidea) artikuluan. Flaubert lehen nobelagile moderno bihurtu zuten ezaugarri nagusiak honako hauek dira, Vargas Llosaren ustez: «Narratzailearen nozioa, hizkuntzaren erabileraren kontzientzia, errealitate errealaren eta errealitate nobelistikoaren arteko distantzia gaindiezina eta irakurleen nahiz pertsonaien liberazioa».
Baina nobela modernoa Ameriketara iristeko, William Faulkner ere beharrezkoa izan zelakoan dago. «Ameriketako idazlerik onenek Faulkner irakurri eta harengandik ikasitakoa baliatzen asmatu zuten, Faulknerrek bere saga narratibo liluragarria sortzeko Joyceren maisutasun teknikoa eta Henry Jamesen zolitasuna baliatu zituen gisa berean».
Nobela gehienetan pertsonaia, gertakari edo errealitate historiko jakin batetik abiatzen du kontaketa Vargas Llosak, baina gero fikzioari leku zabala uzten dio, eta nobelako errealitateak mundu errealarekiko erabateko autonomia bereganatzen du.
Korrontearen aurka
Askotariko irakurleen oniritzia jaso duen idazlea izanagatik, eta mundu osoan publiko zabala izan arren, Vargas Llosaren jarrera ideologiko eta politikoek haren iritzi literarioak baino oihartzun handiagoa izan ohi dute. Politikoki ezkertiarra izatea ia-ia berezko eta nahitaezko ezaugarri izan zen 70eko hamarkadan Hego Amerikako literatur booma deitu izan dena abiatu zuten idazleentzat; haien artean zegoen Vargas Llosa. Baina gero liberalismoaren defenditzaile sutsu bihurtu zen.
Gabriel Garcia Marquez gertuko adiskide izan zuen, harik eta 1976ko otsailaren 12an, Mexikoko hiriburuan, Vargas Llosak Garcia Marquez ukabilkada batez eraitsi zuen arte, begia ubelduta utziz. Antza denez, bien arteko gatazka afektibo batek eragin zuen Vargas Llosaren haserrealdi bortitza. Ondorengo urteetan, ideologikoki ere urrundu zen Garcia Marquezengandik eta boomeko gainerako idazle gehienengandik.
Fernando Belaunde Terry Peruko lehendakariak Uchuraccau kasua ikertu behar zuen batzordeko buru izendatu zuen, 1983an. Krimen batzuk ikertzen ari ziren zortzi kazetariren erailketa zen aztertu beharrekoa. Militarrak errugabetzat jo zituen batzordeak, baina urte batzuk geroago agerian geratu zen militar batzuen inplikazio zuzena.
Alan Garcia Peruko presidenteak banka nazionalizatzeko asmoa agertu zuenean, Vargas Llosak lider politiko gisa aurkeztu zuen bere burua, Garciari asmo hura gauzatzea eragozteko. Hauteskundeetara aurkeztu zen 1990ean, lehendakarigai, eta kanpainaren hasieran faborito nagusia izan zen. Baina azken egunetan sekulako goraldia izan zuen Alberto Fujimorik, eta bigarren itzulian Vargas Llosa garaitu zuen.
Ondoren, Madrilera joan zen bizitzera eta naziotasun espainiarra hartu, naziotasun perutarrari ere eutsita. Bi nazionalitateak ditu harrezkero.
Azken bi hamarkadetako bere artikulu eta agerraldi publikoetan eskuineko agintari askoren gertuko adiskide eta gogaide dela erakutsi du, Jose Maria Aznar Espainiako lehendakari ohiarena, besteak beste. Bereziki kritikoa da, aitzitik, Venezuela eta Kubako gobernuekin. Herrialde horietan «oraindik ere komunismoan eta estatismoan sinesten duen ezker erreakzionario eta troglodita» da nagusi, Vargas Llosaren ustez.
2007ko irailean, Rosa Diez eta Fernando Savaterren ondoan izan zen, Madrilen, UPD Batasuna, Aurrerapena eta Demokrazia alderdi politiko sortu berriari babesa emanez haren aurkezpenean. Ekitaldi hartan, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako lehendakariari egotzi zion «nazionalismo periferikoen goraldia» gertatu izanaren errua.
Nazionalismoarekin oso kritikoa da. «Gizakiaren eraikuntzarik okerrena» dela adierazi du berriki. «Nazionalismoa katastrofe bat da edozein herrirentzat, edozein egoeratan», Vargas Llosaren iritziz. Identitate kolektiborik ez dagoela uste du, edo, izatekotan, «fikzio hutsa» direla. «Nik fikzioak oso maiteak ditut, baina fikzio literarioak, ez fikzio politikoak».
Fikzioak bezala, utopiak ere politikatik kanpo maite ditu: «Utopia politikoak galgarriak dira. Baina badira obra bikainak sortu dituzten utopia artistiko, literario eta indibidualak utopia apartak».
LITERATURAKO NOBEL SARIA. Fikzioa eta utopia, literaturarako
Giza askatasunaren eremutzat du Mario Vargas Llosak literatura. Politikan, eskuineko agintarien gogaide eta nazionalismoaren aurkari agertu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu