LITERATURAKO NOBEL SARIA. Iritsi zaio don Mariori

Juan Garzia Garmendia
2010eko urriaren 8a
00:00
Entzun
Bi modu ditu Nobel sariak atzeratuta iristeko: lehena, erabatekoena, saritu gabe hiltzea sarigai merezimendutsua; bigarrena, erlatiboagoa, sarituaren merezimenduak oso aspaldikoak izatea, hala nola Vargas Llosaren kasuan.

Literaturak, sariak gorabehera, irakurlearen esperientzia subjektiboa du oinarri, eta horri ezin itzuri; ez eta itzuri nahi ere. Hona bada, neure irakurle-gordailuan ditudan aleetariko batzuk.

Garbi esan dezadan hasieratik: Mario Vargas Llosa, niretzat, lehenik eta behin, La tía Julia y el escribidor eleberri miragarriaren egilea da, eta liburu hori, gauzak garbi esango baditut, handienen pareko gailurtzat daukat Literaturan, baldin eta umoregile bikainak -hala nola Cervantes edo Sterne- desterraturik ez badaude lurralde horretatik.

Lehenengo irakurraldian, gazte fikzio-gose, tartekatzen diren planoetariko bat miretsi nuen eleberrian: irratiko folletin-idazle berdingabea eta haren istorioen bilakaera. Oraindik ere, inbidiarik handiena ematen didan literatura-asmazioa da escribidor hori.

Gaztetako irakurketen zirrara, eta oroitzapenak edertua, esango duzue. Baliteke, baina, kasu horretan, froga dezaket ez dela hori bakarrik. Izan ere, handik urte mordo batera, berriro ekin nion, oroimeneko lilura zapuzteko beldur apur batekin, La tía Julia y el escribidor irakurtzeari.

Hartan, aurrekoan adinako gozagarria ateratzeaz gainera, izan nintzen gazteak gutxietsitako planoa ere miretsi nuen, bai eta pozarren onartu ere bikain saihesten zituela errealismoaren eta autofikzioaren tranpak. Alegia, pasarte horiek (protagonistak bere izeba Juliarekin bizi zuen amodio-historia) ez zirela, lehen irakurraldiko aurreiritziek arinegi pentsarazi zidaten moduan (orain beste aurreiritzi batzuk ditut, astunagoak), autobiografiazko betelan modukoa, fikzio mamitsuzko pasarteen artean arnasa hartzeko paratuak edo. Eta zer hizkuntza, bidenabar, nolako jario berezko, ederra!

Zuetariko bakoitzak egin beza, arren, birritan hasi eta buka irakurri dituen liburuen zerrenda, eta, esperientzia -ez noski hain zabal- horretatik, ken bitza munstro sakratuak, maisulan-labelarengatik gurtzera beharturik gauden obrak (benetan halakorik sar badezake osorik berrirakurrien kategoria horretan)... Kontuak kontu, liburu horixe gomendatu dut nik gehien, ziur aski, neure bizialdian; edozein irakurlerentzat, gainera, nik esanda sinetsi nahi baduzue.

Pantaleón y las visitadoras, niretzat, abiapuntuko ideia bere xelebrean ederra izanagatik (buruz ari naiz: militar batek oihanean dabilen armadarentzat puta-oste bat antolatzeko agindua hartzen du), ez da hain lortua, arrakasta gorabehera. Ideia bakar horretantxe geratu behar duelako, ausaz.

Beste erregistro batean, eta bere generoan, La ciudad y los perros orobat da eleberri bikaina eta edozeinentzat gomendagarria. Hor ere bada osagai autobiografikorik: akademia militar bateko ankerkeria erretratatzen da, gordin-gordin. Biktimekin identifikatzeko, ez da beharrezkoa halako erakunde batetik pasatua izatea, ez eta soldaduska egina izatea ere: niri, esate baterako, aski izan zitzaidan Irungo Lasalle San Marcialen ikasia izatea (errepara, hala ere, santuaren izenari).

Beste bi lan nagusitan, esperimentazio formalak liluratu gintuen bereziki (besteak beste, prosa kubista edo, behinik behin, poliedrikoa), baina bazen mami ez nolanahikoa ere.

Bata, esango nuke Vargas Llosaren lan serioen gailurtzat daukala kritikak, eta arrazoi duke; nik neuk, ahaztuxea dut xeheki: giro baten zaporea baino ez.

Hori baino inpresio iraunkorragoa utzi zidan Los cachorros eleberri laburrak, irakurtzen nion lehen lana zelako, eta, prosa esperimental harrigarrian bildurik, gure moduko nerabeen arteko istorio morboso samar bat zelako, lausoki samar bada ere gogoan dudanez. Izena dut zehazkien gogoan: Pichula Cuéllar.

La casa verde irakurtzen ere hasi nintzen, hiruzpalau aldiz, baina beti geratzen nintzen trabatuta oihanaren hezetasun itogarrian edo (ez naiz ondo oroitzen) basamortu zakarraren sapan, aurrera egiteko arnasarik gabe. Ez dakit eraginik izan zuen nire porrotean, baina negargarria zen edizioa fisikoki, liburuak ere tratu txarra jasan balu bezala Peruko bazter gaizto haietan.

Handik urteetara, liburu erraldoiak irakurtzeko gaitasuna oso higatua ordurako, balentria gaitza egin nuen hala ere, amaieraraino iritsi bainintzen La guerra del fin del mundo-n.

Horraino bakarrik iritsi, ordea: onenak emanda bide geunden ordurako, bai ni irakurle gisa eta bai Vargas Llosa idazle gisa. Berandu dator, bada, Nobel saria, alde horretatik, baina garaiz iritsi zaio, Maritori ez bada, don Mariori bederen.

La tía Julia y el escribidor hirugarrenez irakurriz ospatuko dut. Azkenekoz nori utzi nion akordatzen banaiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.