Mo Yan idazle txinatarrak jasoko du aurtengo Literaturako Nobel saria, Suediako Zientzien Akademiak gaur jakinarazi duenez.
Mo Yan (1955) idazle txinatarraren izena azken egunetan hainbat komunikabidetan agertutako kinielatan azaltzen zen, eta, beraz, ez da ezustekoa izan Literaturako Nobel saria hari eman izana. Mo Yan batik bat zinemara egokitu dizkioten bi eleberrirengatik da ezaguna Mendebaldean —biak Zhang Yimouk zuzenduak: Red Sorghum eta Shifu: You'll Do Anything for a Laugh—, baina bibliografia oparoko idazlea da. Literatura adituek Franz Kafkarekin eta Joseph Hellerrekin alderatu dute haren obra.
Mo Yanen lanetan ikuspegi soziala nagusitzen da, baina lekua izaten du errealismo magikoak ere. Indarkeria handiko eszenak deskribatzen ditu liburuetan, baina edertasunari eta poesiari uko egin gabe. Haren lanen artean daude Falling Rain on a Spring Night —lehenengo eleberria— Red Shorgum, The Garlic Ballads, Explosions and Other Stories, The Republic of Wine: A Novel eta Life and Death Are Wearing Me Out. Horietaz gain, hainbat narrazio labur argitaratu ditu.
Nobela jasoko du aurten, baina aurretik ere sarritan saritua izan da. Hala, 2005ean, Kiriyama saria jaso zuen Big Breasts and Wide Hips lanagatik, eta 2009an, Newman saria Life and Death Are Wearing Me Out-engatik.
Euskarara itzuli gabe dago Mo Yanen obra.
Bihar, Bakearen alorreko irabazlea nor izango den esango du akademiak, eta astelehenean, Ekonomiakoa. Abenduaren 10ean emango dituzte sariak.
Orain arte jakinarazitako saridunak
- Medikuntza: John B. Gurdon eta Shinya Yamanaka, zelula helduak pluripotente bihurtzeko birprogramatu daitezkeela frogatu dutelako.
- Fisika: Serge Haroche eta David J. Wineland, banako sistema kuantikoak neurtzeko eta manipulatzeko aukera ematen duten esperimentazio metodo iraultzaileengatik.
- Kimika: Robert J. Lefkowitz eta Brian K. Kobilka, proteinei akoplatutako hartzaileen gainean egindako lanagatik.
- Literatura: Mo Yan.