Jaialdiak

Literaturaren diziplina gainditzen duen programa bat antolatu du Gutun Zuria jaialdiak aurten

Saiakera izango du ardatz festibalak martxoaren 31tik apirilaren 4ra bitarte, eta, idazleez gainera, artistak, musikariak eta pentsalariak ere gonbidatu dituzte. Martha Rosler artistak, Anarik, Paul B. Preciadok eta Anjel Lertxundik hartuko dute parte, besteak beste.

Gutun Zuria jaialdiaren aurkezpen prentsaurrekoa Azkuna Zentroan. BILBOKO UDALA
Inigo Astiz
2020ko martxoaren 11
14:03
Entzun

Transformazio prozesu betean da Bilboko Gutun Zuria jaialdia. Literatura ardatz bakar zeukala hasi zuen ibilbidea 2008an hiriko alondegian, baina hamabi edizioren ostean, liburuaren mugak gainditzeko beharra sentitu zuten antolatzaileek iaz, eta bestelako diziplinei ere ireki zizkieten ateak, horregatik. Urrats bat gehiago emango dute aurten bide horretan, martxoren 31tik apirilaren 4ra bitarte prestatu duten programarekin. Saiakera izango du gai nagusia, baina literaturaren esparrua gaindituko du programak, eta, hain zuzen, ikuspegi horrek bilakatzen du jaialdia “erreferentziazko”, Fernando Perez Azkuna zentroko zuzendariaren hitzetan. “Hitza hartzen duelako sistema artistiko garaikidearen parte gisa, eta beste diziplina batzuekin elkarrizketan jartzen duelako”. Besteak beste, festibalean izango dira Martha Rosler eta Txomin Badiola artistak, Anari, Ainara LeGardon eta Xabier Erkizia musikariak, Paul B. Preciado eta Alexei Yurchak pentsalariak, eta Aixa de la Cruz, Eider Rodriguez, Katixa Agirre, Ixiar Rozas, Mari Luz Esteban eta Anjel Lertxundi idazleak. Salgai daude jadanik sarrerak webgunean eta Azkuna zentroan.

“Jaialdia bera izango da saiakera bat”. Ideia horrekin laburbildu du Ivan de la Nuezek aurtengo Gutun Zuriaren sakoneko asmoa. Jaialdiaren antolakuntza taldeko kide da bera Iñaki Esteban eta Beñat Sarasolarekin batera, eta, azaldu duenez, pentsamendu kritikoa sustatzea da helburua. “Jaialdian parte hartuko duen hizlarietako bakar batek ere ezingo digu azaldu zer izango den jaialdia. Pentsamendu kolektiboa aktibatuko dugu hemen. Denbora errealean dabilen pentsamendu makineria bat balitz bezala aktibatu nahi dugu jaialdia”. Eta, zehaztu duenez, gogoeta hori biltzeko eta literaturaz bestelako diziplinei ere atera irekitzeko hautatu dute aurtengo edizioaren leloa ere: “Saiakera hemen hasten da”.

Rosler eta euskal sortzaileak

Alma Guillermoprieto kazetari, idazle eta saiakeragile mexikarrak zabalduko du jaialdia martxoaren 31n, eta Anari musikaria eta Martha Rosler artistak ere hizlari arituko dira egun horretan. Artearen historia garaikidean esanguratsua da Roslerrek arte bideogintzaren hastapenetan sortutako Semiotics of the Kitchen lana. Sukaldeko ohiko tresnen izenen berrinterpretazio ironikoa egiten zuen sortzaileak 1975eko urteko lan hartan, eta espazio publiko eta pribatuen arteko harremana aztertzen jarraitu du geroztik. Maria Mur arte ekoizlearekin arituko da hizketan Bilbon.

[youtube]https://youtu.be/ZuZympOIGC0[/youtube]

Euskal Sortzaileek presentzia handia izango dute programan. Apirilaren 2an, esaterako, bi topaketa antolatu dituzte. Ixiar Rozas eta Mari Luz Esteban izango dira elkarrekin hizketan 18:00etan, lehenik, eta Katixa Agirre, Eider Rodriguez eta Aixa de la Cruz idazleen arteko mahai ingurua egingo dute gero, 19:30ean hasita. Anjel Lertxundik apirilaren 3an izango du saiakeragintzari buruzko elkarrizketa, eta Ainara LeGardon eta Xabier Erkizia musikariek itxiko dute programa larunbatean, hitzaldi formatua, kontzertua eta performancea uztartuko dituen emanaldi batekin.

Hiper-normalizazioa

Arratsaldez eta gauez egingo dituzte jaialdiko solasaldi nagusiak, baina aurten programazioa goizeko ordutegira ere zabaldu dute antolatzaileek. Gazteentzako eta eskolentzako hainbat tailer eta hitzaldi antolatu dituzte horretarako. Esate baterako, Max marrazkilariak eta Maite Larrauri filosofoak martxoaren 31n aurkeztuko dute gazteenei filosofia helarazteko martxan duten komiki proiektua, eta sorkuntza tailerra emango du Txakur Gorria kolektiboak apirilaren lehenean. Eta egun berean, hitzaldia egingo du Ernesto Castro idazleak, trap musikak krisi ekonomikoarekin daukan lotura aztertu baitu. Bestalde, egun osoko azoka ere antolatu dute apirilaren 3rako. Euskal Herriko zein nazioarteko hainbat argitaletxe independentek aurkezpenak eta hitzaldiak antolatuko dituzte azokan.

Hipernormalizazioa. Gutun Zurian hizlari arituko da Alexei Yurchak pentsalaria, eta hark asmatutako kontzeptu hori izan du gogoan De la Nuezek aurtengo Gutun Zuriaren espiritua azaltzeko. Berez, Sobietar Batasunaren azken egunetan bizi izandakoa deskribatzeko sortu zuen kontzeptua Yurchak-ek. Erregimena jadanik gainbehera betean egon arren, agintariek eta herritarrek, ezer gertatzera iristea ezinezkoa balitz bezala jokatzen segitzen zutelako. De la Nuezek gogoratu duenez, ordea, historia eta ekonomia alderik alde zeharkatu, eta kontzeptu hori bera erreskatatu zuen Adam Curtis pentsalari, idazle eta zinemagileak, 2008an Lehman Brothers bankuaren hondoratzeak eragindako egoera deskribatzeko. Hala sortu zuen HyperNormalisation dokumentala BBC katerako. Eta kontzeptu hori bera dago jaialdiaren muinean, De la Nuezek azaldu duenez. “Gure ustez, oso garrantzitsua da ezer gertatuko ez balitz bezala gertatzen dena ikustea. Eta adibide horretatik abiatzen gara”.

Birusaren aurkako neurriak

Hain zuzen, koronabirusaren hedapenak egunotan eragindako gorabeherei erreferentziarik txikiena ere egin gabe joan da jaialdiaren aurkezpen prentsaurrekoa, baina kazetariek galdetuta, antolatzaileek onartu dute gaia buruan darabiltela. Eusko Jaurlaritzak bestelakorik erabaki ezean, oraingoz jaialdia martxan dela zehaztu du Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura zinegotziak. Fernando Perezek esan du hainbat gonbidatuk kezka azaldu dietela antolatzaileei, eta, azkenean, hizlariek Bilbora etortzerik izango ez balute, hitzaldiak online jartzea dutela buruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.