Literatura. Hirudia

Literaturaren pisua

lander garro
2011ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Euskal literaturaren tropelari buruzko erreportajea egitea egokitu zait. Gai zaharra dela leporatu didate batzuek, hautsak harrotzeko besterik ez duela balioko. Idazleak kamera aurrean elkarrizketatu nahi nituen, haien ahotik entzun zer ote den delako tropel hori, nork osatuta dagoen, nola edo nork sortu zuen, zergatik, zertarako, eta erremediorik ote duen. Hain da zabala eta oparoa tropela, ze, deitzen hasi orduko, mota guztietako erantzunak ukan baititut. Uzkurrak eta lotsatiak, ausartak eta harroak, serioak (kezkatiak) edo axolagabeak. Denetik.

Jatorria, jakingo duzue, Jon Alonsoren idatzi batean dago. Bertan agertu zen gure literaturaren fisionomia eta bilakaera hain ongi laburbildu duen tropela hitza. Bost ziren ordura arte idazle kanonizatuak (hala esaterik badago): Izagirre, Saizarbitoria, Lertxundi, Atxaga eta Sarrionandia. Ez zuten belaunaldi bakarra osatzen, baina bai, akaso, garai bat. Haien atzetik zetorren beste idazle mordoa, hain justu euskal literaturaren historian inoiz izandako idazle belaunaldi oparoena (60ko hamarraldian sortutakoak, gutxi gorabehera). Haiek ziren kanonizatu izateko bidean zeudenak, horretarako meritu izugarriak egiten zituztenak, liburu apartak idatziz, literaturari gauak eta egunak eskainiz. Baina ezustean iritsi ziren 70eko hamarraldiko idazle gazteak, eta, konturatu orduko, tropela aurreratu eta karrerista indartsuenak harrapatu zituzten. Harkaitz Cano, Kirmen Uribe eta Unai Elorriaga ziren (gerora etorri dira beste batzuk). Tropela aurreratzeko unean baino ez zituzten besteek ikusi, hola eta aio. Ez zegoen haien erritmoari eusterik. Nortzuk ziren, nondik zetozen, zer egin zuten, nondik ateratzen zituzten indar haiek? Galdera asko ziren, eta erantzuteko premia hartatik sortu ziren, Jon Alonsorena bezala, beste idatzi asko, esate baterako Iban Zalduarenak, edota Aingeru Epaltzarenak. Ezin ezkutatuko dugu askok sentitzen zutena esateko ausardia izan zutela, beste batzuek ez bezala, haserrea antzekoa izanagatik. Beste askoren isiltzeko arrazoia agian aurrean zeudenekiko begirunea izan zen, edo kiroltasuna, edo, zergatik ez, hierarkien jokoarekiko nagikeria eta indiferentzia (esan dugu literaturari emanak zeudela guztiz). Batek daki.

Kontuak kontu, atzetik etorritakoek bazterrera kondenatu zituzten tropelekoak. Liburuak al dira idazleen arteko hegemonia ezartzeko mugarri? Hori izan liteke galdera gakoa. Idazle askok eta askok baietz esaten dute. Baina kontraesankorra dirudi, mugarriok liburuak badira, zein gutxi aldatzen den elitearen eta tropelaren arteko bereizketa, kontuan hartuta hain justu onek liburu txarrak idatz ditzaketela, eta okerragoek, aldiz, liburu bikainak, eta usu hala izaten dela gainera. Emaitza, ordea, beti da bera: ateratzen den zerrenda, katalogo, estatistika, antologia berri orotan, beti daude idazle berak kanonaren sehaska estuan sartuta, eta besteak, sehaskatik kanpo. Idazle askok ezarritako hierarkia onartzen dutela esan dugu, ez ordea beste askok. Batzuek hedabideak ikusten dituzte hierarkia honen atzean, beste batzuek merkatu kapitalista, beste batzuek kritika (honen paper eskasa), eta beste hainbatek arrazoi politikoak. Sariak ere asko aipatzen dira, bereziki Espainiako Sari Nazionala, ez baita ahaztu behar sari hori literaturaren epizentroan edo elitean sartzeko modu ziurra izan dela orain arte.

Denek izango dute arrazoi, eta denak ibiliko dira oker, seguruen. Izan ere, literaturak, arte guztiek bezala, beti dauzka arrazoi ilunak eta misteriotsuak atzean, apetatsuak eta kontrolagaitzak. Ez dago literatura neurtzeko metro, balantza edo kronometrorik. Ze, esan dezagun behingoagatik, literatura ez da kirola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.