Ardoa izango du ardatz Literaturia euskal liburuaren azokak, maiatzaren 28tik 31ra bitartean, eta Zarautzen egingo da aurten, iaz bezala. “Alkoholaren eta idaztearen artean badago lotura bat”, adierazi dio Ana Galarragak, antolatzaileetako batek, Urola-Kostako Hitza-ri. “Mito ere izan daiteke, baina kasu askotan biek baturak eman dituzte lan onenak. Ardoak bereziki badu presentzia letretan, eta baita euskal literaturan ere”.
Maiatzaren 28an aurtengo uztako liburuetako batzuei lurrin bana egotziko dei Itziar Eizagirre enologoak. Hurrengo egunetako ekitaldiak hiru atal nagusitan banatuko dira: liburu aurkezpenak, Garoa liburu dendan; emanaldiak, Modelo antzokian; eta azoka, Zigordia kalean.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, irekiera ofiziala Anjel Lertxundik egingo du, maiatzaren 28an. Hurrengo egunetan, beste ekitaldi askorten artean, Harkaitz Canok eta Mursegok elkarrekin Literaturiarako espreski sortutako ikuskizuna aurkeztuko dute, eta Bernardo Atxagak hitzaldi bat emango du, Jose Luis Padronek lagunduta.
Infrmazio gehiago aurki daiteke Amaia Ventas Aldabaldetrekuk Urola-Kostako Hitza-n argitaratu duen artikuluan.