Dagoeneko abian da Donostiako Udalak udazkenerako programaturiko kultura egitaraua, baina atzo aurkeztu zuen zehaztasunez Viktoria Eugenia antzokiak, Antzoki Zaharrak eta Egiako (Gazteszena) nahiz Lugaritzeko kultur etxeek zein kultur emanaldi eskainiko dituzten. Tricicle Kataluniako antzerki talde beteranoa astearteaz geroztik ari da Viktoria Eugenia antzokian Garrick ikuskizuna ematen. Igandera arte izango da bertan.
Arte eszenikoek Antzoki Zaharrean izango duten programazioak berritasun bat dakar aurten. Itinerarte Translatinas izenburupean antzerki latinoamerikarreko hiru ikuskizun eskainiko dituzte: Villa + discurso (urriak 15), Las Meninas (urriak 18) eta Amarillo (urriak 16).
Leku berean emango dute Txaloren Ate joka lana asteburuon, larunbatean eta igandean. Horrez gain, Tanttakaren Ipar haizearen kontra (abenduaren 15etik 18ra) emango dute; Viktoria Eugenian, berriz, Kandido Urangak eta Fran Lasuenek antzezturiko Jon Mirande ere eskainiko dute, beste askoren artean.
Musikaren arloak garrantzi handia izango du udazken sasoi honetan. Lizz Wright kantari estatubatuarrak (azaroaren 12an), Herman Dune bikote frantziar-suitzarrak (urriak 26) eta Tommy Emmanuel austriarrak eta Antonio Rey flamenkoak osaturiko gitarra bikoteak (azaroak 22) eskainiko dituzte emanaldietako batzuk, nazioarteko taldeei dagokienez. Guztiak Viktoria Eugenian ariko dira. Mikel Urdangarin (azaroak 23), Ruper Ordorika (abenduak 29) eta Ken Zazpi ere (abenduak 30) leku berean ariko dira.
Donostia Kulturak atondutako egitarauaren barnean sartuko da Kursaalean egingo den emanaldi bat ere. Kubako Balletak El lago de los cisnes emango du, azaroaren 26an. Beste zenbait dantza ikuskizun ere izango dira hurrengo hiru hilabeteetan. Gelabert-Azzopardi prestigiozko konpainiak Belmonte abangoardista bat eskainiko du urriaren 20an, Viktoria Eugenia antzokian, eta Biarritz Balletak Thierry Malandain koreografoak ondutako Lucifer emango du abenduaren 17an eta 18an, leku berean. Yoshua Cienfuegosen 1.618... Da Vinci, Leonardo inspira danza ere (azaroak 27) emango dute.
Lizz Wright, Tricicle eta Biarritz Balleta Donostiako kultur eskaintzan
Musika eta antzerkia dira zutarriak, baina dantzak ere izango du lekua udazkenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu