Donostiako Le Bukowsky Musika Klubak bigarren Ze Premikin jaialdia antolatu du martxoaren 27rako, Egia auzoko Gazteszenan. Lobo Electrico taldeak bere azken emanaldia egingo du bertan; antolatzaileek adierazi dute kideek berez taldea lagata daukatela, baina Egian azken agurra egiteko proposatu eta baiezkoa jaso dutela. Atom Rhumba, Willis Drummond, Lisabö. Inoren Ero Ni eta Nobunny AEBetako garage taldea ere izango dira bertan. Bi agertoki jarriko dituzte: nagusian musika taldeak ariko dira, eta bestean DJ Makalak eta DJ Budinek jarriko dute musika. Kontzertuak 21:00etan hasiko dira, eta sarrerak gaurtik aurrera www.kutxasarrerak.net wegunean eros daitezke, 8 eurotan. Lehiatilan 10 balioko du, eta 700 jarri dituzte salgai.
Jaialdiaren aurretik, Le Bukowsky tabernan Bad Sports AEBetako garage taldearen emanaldia izango da, 20:00etan hasita eta musu truk. Aurten jaialdia luzatu nahi izan dute, eta beste kontzertu bat izango da martxoaren 29an, Le Bulowskyn. L'Asassins (AEB) eta The Jancee Pornick Cassino (Errusia/AEB) taldeek joko dute.