The Clash taldearen London Calling disko historikoa osatzen duten kantuak emango ditu zuzenean Chuck Prophetek, bihar, 21:00etan, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan eta etzi, 20:00etan, Donostiako Le Bukowskin. Houston Party diskoetxeak proposatu zion The Clashen diskoko kantuen zuzeneko emanaldiak egiteko, eta Propheti oso aukera erakargarriegia iruditu zitzaion. Proiektu horretan laguntzeko osatu duen taldearekin ariko da asteburu honetan Gasteizen eta Donostian, The Spanish Bombsekin. Hilaren 15ean Bilboko Kafe Antzokian ariko da, aurretik Katalunia eta Espainiako hainbat hiritan jo ondoren.
«Ez nintzen The Clash taldeko kide izan, baina London Calling nire DNAren parte bat da aspaldidanik, hainbeste bider dut entzuna», adierazi du Prophetek, eta diskoa «izan daitekeen onena» iruditzen zaio. «Horrelako disko bakanak belaunaldi batean behin baino ez dira egiten». Horregatik, Propheten asmoa ez da diskoa hobetzea edo bere lana The Clashenarekin parekatzea, The Clashen diskoari «bizirik eustea» baizik. Musikari guztiek «eragin ugari» jasotzen dute, eta garrantzitsuena eragin horiek «garaikide bihurtzea» da, eta «publikoarentzat atsegin eta erakargarri izan daitezen».
London Calling diskoaren ezaugarrietako bat estiloen ugaritasuna da: pop, rock, rockabilly, soul, ska, reggae… «Horretaz gain, horiek jotzerakoan, zeure inspirazioa ateratzeko aukera ematen dizu», Propheten iritziz.
Chuck Prophet (Kalifornia, 1963) Green on Red taldean egin zen ezagun, baina bakarkako disko ugari ere eman du argitara.Azkenekoa, Let Freedom Ring, 2009an argitaratu zuen, grabazioa Mexikon egin ostean.
London Calling The Clash taldeak estudioan grabatutako hirugarren diskoa da, CBS Records diskoetxeak 1979ko abenduan zabaldua Erresuma Batuan eta 1980ko urtarrilean AEBetan. Langabezia, arrazakeria, indarkeria eta drogen erabilera dira kantuetako hitzetan jorratzen diren gaietako batzuk. Disko bikoitza izanagatik, bakarraren prezioan saldu zen. Harrera kritiko ona izateaz gain, publikoaren estimua ere bereganatu zuen, eta diskoaren bi milioitik gora ale saldu ziren denbora gutxian. Gaur egun rock musikaren historiako diskorik gogoratuenetakoa da.
'London Calling' berriro sentitzeko
The Clashen diskoko kantuak emango ditu asteburu honetan Chuck Prophetek Gasteizen eta Donostian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu