Londresekin maitemindu zen Charles Dickens idazlea (Portsmouth, 1812), hilezkor bilakatu zuten istorioen inspirazio iturria izan baitziren hango kale estu eta ilunak. Dickensek Londres zikin eta industriala erretratatu zuen nobeletan, eta langile klasearen, txiroen eta umezurtzen ahotsa bilakatu zen. Hiriak ez du idazlearen maitasuna ahaztu, etaerakusketa eta jaialdi ugari antolatu ditu Dickensen jaiotzaren 200. urteurrena ospatzeko.
1812ko otsailaren 7an jaio zen Dickens, eta Londres XIX. mende hasierara bueltatuko da datozen hilabeteetan, idazleak zioen bezala berriz ere eskuargi magikoa bilakatzeko. Londresko Museoak idazlearen obra biltzen duen erakusketa bat zabalduko du: Dickens eta Londres. Duela 40 urtetik orain arte, hirian ez da Dickensen inguruko erakusketarik egin, eta Erresuma Batuko azokarik handiena antolatu du museoak. Ekaina arte iraungo du erakusketak, eta Dickensek bere idatzietan jasotako XIX. mendeko Londresko egoera soziala izango da ikusgai. Horrekin batera, idazleak ezagutu zuen hiria gogora ekartzen duten soinuak eta bideoak biltzen ditu erakusketak, baita garai hartako margoak, jantziak, eskutitzak eta idazleak erabilitako objektuak ere. Dickensen Bleak House eta David Copperfield nobelen eskuizkribuak ere ikusi daitezke museoan.
Portsmouth Dickensen jaioterriak ere gogoratuko du ezagun bilakatu zuen idazlea. Charles Dickens Birthplace Museumek idazlearen eskuizkribuak eta lan tresnak jarri ditu ikusgai haren jaiotetxean. Horrez gain, obren irakurketak eta antzezpenak egingo dituzte etxean otsailetik abuztura bitartean.
Idazleak etxe ugari izan zituen Londresen, baina bakarra gelditzen da zutik. Hain zuzen ere, The Charles Dickens Museum in London izenarekin bataiatu dute etxea, eta Dickensen 100.000tik gora idazlan, margolan, argitalpen bitxi eta bestelako objektuak bildu dituzte han. Bi hilabetez itxita egon da, urteurreneko ospakizunak prestatzeko, eta urte osoan egongo da irekita.
Museoetan bildutako lan eta eskuizkribuez gain, zinemak eta telebistak ere omenaldi zabala egingo diote. Dickensen obretan oinarritutako ehundik gora film eta sail egin dira, eta Mike Newel zuzendariak egin du azkena, Great Expectiations liburuan oinarritua. The Guardian-en inkesta baten arabera, britainiarren liburu gogokoena da. Horrekin batera, British Film Institutek idazlearen bizitzaren inguruko erreportaje bat egin du, eta BBC kate britainiarrak ere Great Expectiations-en inguruko telesail bat ekoitzi du. Gainera, The Mystery Of Edwin Drood idazleak bukatu gabe utzitako nobelaren telesail bat ere egingo du.
Hirian iltzatuta betiko
Miseriaren eta gabeziaren oihartzuna izan zen Dickens. Industrializazioak gizartean izan zuen eragin txarra islatu zuen idazleak nobeletan. Prostituzioa, haurtzaroaren inguruko moralik eza, bortizkeria eta boterean daudenen ustelkeria landu zituen, eta garai hartako gizartearen erretratu errealista egin. Londresen, baita mundu osoan ere, idazle eta literatur ikertzaile guztiek goraipatu dute haren lana.
Dickens aberastu egin zen, baina 12 urterekin betun fabrika batean lan egin behar izan zuen, aitari nolabait laguntzeko. Esperientzia horrek izugarri eragin zion, eta klasikoak bilakatu diren haren lan gehienak handik atera ziren. Eskutitzetan idatzi zuenez, amak bultzatu zuen betun fabrikan lan egitera, eta bizitza osoan eragin zion esperientzia gogor horrek. Bestalde, kazetaria izan zen gaztetan, eta horrek gizartearen egoera latza hobeto ezagutzeko aukera eman zion.
Londresko biztanleentzat, Dickens ez da erabat desagertu inoiz. Peter Ackroyd Dickensen biografiaren idazleetako baten esanetan, beti izan du nolabaiteko presentzia hirian: «Dickens bizirik jarraitzen duen indar bat da britainiarren kulturan. Hil zenetik orain arte, etengabe moldatu eta egokitu dira haren lanak; ez da inoiz ere ez desagertu literaturaren mundutik». Ackroyden ustetan, Dickensek hiriari zor dizkio bere istorioak: «Londres eta Dickens bat dira. Hiriak ikaragarrizko eragina izan zuen idazlearengan». Literaturari ez ezik, gizarteari ere ekarpen nabarmenak egin zizkion Dickensek. Hainbat adituren arabera, Dickensen A Christmas Carol lanari esker ospatzen ditugu Gabonak, eta besteak beste The Adventures Of Oliver Twist, The Life And Adventures Of Nicholas Nickleby eta A Tale Of Two Cities nobelen ondorioz garatu dira giza eskubideekiko defentsa eta txirotasunaren aurkako salaketak. Egileen eskubideen alde ere egin zuen, AEBetan bere lanen kopiak baimenik gabe etengabe argitaratzen zituztelako.
Hitzaldiak eta irakurketak antolatzen zituen Dickensek, eta horrek obren fama zabaltzen lagundu zion, Ackroyden iritziz: «Oso maitatua izatera iritsi zen. Bere liburuen irakurketekin itzuliak antolatu zituen, eta zaleek kaletik jarraitzen zioten AEBetan. Mundu osoko lehen ospetsua izan zela esan daiteke». AEBetara joan arren, Dickensen nobela guztiak Londresen girotuak daude, Hard Times For These Times izan ezik.
Londres eta Dickens, 200 urteko loturak
Ingalaterrako hiriburuan ikuskizun ugari antolatu dituzte 'David Copperfield'-en idazlearen mendeurrena ospatzekoLondresko Museoak egilearen inguruan egin den erakusketa handiena prestatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu