BBK Live

Londresko trumoiak Kobetamendi jo du

Guztira, 102.865 lagun igaro dira Kobetamenditik jaialdiak iraun duen hiru egunetan. Larunbateko kontzertu jendetsuena Foals britainiarrena izan zen; Editors eta Tame Impalak ere aritu ziren, besteak beste.

Foal taldearen kontzertuko une bat. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS
2016ko uztailaren 10a
17:12
Entzun

Gainontzeko egunetan baino jende gehiago ibili arren, bestelako giroa egon zen larunbatean Kobetamendin. Adinean sumatzen zen hutsunea; batez ere, doinu klasikoagoen zaleek egin zuten kale larunbateko jardunaldian. Halere, proposamen aski interesgarriak egon ziren egun osoan. Yellow Big Machine bilbotarrak arduratu ziren egunari hasiera emateaz. Geroago, Courtney Barnett australiarra aritu zen agertoki nagusian. Barnettek musikari eman zion garrantzia, abestiei eta interpretazioari, itxurak albo batera utziz. Kurt Cobain australiarra ezizena ezarri diote komunikabide batzuek, eta taula gainean erakutsitako jarrerak berretsi egiten du teoria hori.

Ostean, Father John Misty aritu zen bigarren agertokian. Fleet Floxeseko bateria ere baden Joshua Tillmanen proiektua da hau; kontzertuaren zama ere bere sorbalden gainean hartu zuen, ikuskizun itzela eskainiz. Tarteka gitarra hartzen zuen, baina hura barik zebilenean ematen zuen bere onena, imintzioekin abestien hitzak lagunduz. Hainbeste jauziren artean, halako batean lurrera erori zen taula gainetik; zorionez, ez zen ezer larririk gertatu, eta hori ospatzeko ikusle baten sakelakoa hartu eta abestiaren amaieran bideoan grabatu zen Tillman. Zaparrada artean agurtu zuten ikusleek.

Psikodelia nagusi

Ikusmira handia zegoen Tame Impalaren australiarren kontzertua ikusteko, batez ere publiko gazteagoaren aldetik. Lasai taularatu ziren Kevin Parker eta bereak; taldeko liderra, oin hutsik eta kubata eskuetan zuela. Askoren harridurarako hasieran jo zuten Let It Happen arrakastsua, eta horri esker publikoa bereganatzea ere lortu zuten.

Parker ahotsez estu xamar ibili arren, musikalki kontzertua primerakoa izan zen. Lehenbiziko eguneko bolumen arazoak ez dira errepikatu agertoki nagusian ostera. Tame Impala bezalako taldeen kasuan, garrantzitsua izaten da kontzertuaren ordua. Larunbatean, akaso, goizegi hasi zen australiarren kontzertua; izan ere, doinu dantzagarriek arrakasta gehiago izan ohi dute gauak aurrera egin ahala; horrez gainera, australiarren argi jokoek eta irudi psikodelikoek asko irabazten dute gauez. Emanaldiaren bigarren erdian igarri zen hobekuntza hori. Hala ere, musikarien jarrera hurbilekoa izan zen. Feels Like We Only Go Backwards-ekin itxi zuen emanaldia.

Puntu-puntuan hasi zen Editors taldearen ikuskizuna. Tom Smith hustu egin zen taula gainean; izerditakoarekin eta jakarekin agertu zen, kontzertu amaierarako, baina izerdiz blai zegoen kamisetan amaitu zuen. Munich, A Ton of Love eta Papilon (horretan, batez ere) bezalako abestiekin zoratu egin zen publikoa. Sasoiko dagoela erakutsi zuen taldeak, azken diskoaren kritikak oso aldekoak izan ez diren arren.

Jaun eta jabe

Larunbateko jardunaldiak bazuen izen propio bat: Foals. Britainiarrek ez zuten erronka makala kartel burua izatearekin, eta, hala ere, gainditu egin zuten. Snake Oil eta My Number abestiekin hasita, argi utzi zuten hasieratik euren helburua ikusleak dantzan jartzea zela. Musikariak ez ziren kokildu, eta guztia eman zuten, batez ere, Philippakis abeslariak. Ziur abestu zuen, beharrezkoa zenean ahotsa urratuz.

Ikusleak irabazita zeuzkaten ia jotzen hasi aurretik, eta horren jakitun, pare bat aldiz jaitsi zen abeslaria publiko artera; batean crowdsurfing egiten saiatu zen, luzaroan ez eutsi arren. What went down abestiarekin itxi zuten, eta ordurako ikusleak estasian zeuden.

Hiru eguneko abenturen ondoren, parrandan jarraitzeko asmoa zuenak bazuen non aukeratu. Edizio honi amaiera emateko Triangulo de Amor Bizarro, Wolf Alice eta 2manydjs artistekin gozatzeko aukera egon zen.

Hamazazpigarren edizioa 2017ko uztailaren 6-8 bitartean izango dela aurreratu dute antolatzaileek. Bildutako jende kopuruan behera egin arren, jaialdiak artista interesgarriak kontratatzen jarraitzen du, eta azken urteetan hobekuntza nabarmenak egin ditu azpiegitura aldetik ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.