Gaur arratsaldean bilera egin dute Bilboko Loraldia jaialdiaren antolatzaileek, eta hor erabaki dute bertan behera geldituko dela euskal kulturaren inguruan antolatzen den festibalaren VI. aldia. «Agintariek martxan jarri dituzten neurriak kontuan harturik eta areto, egoitza eta artistek hartutako erabakiek eraginda, Loraldia Festibalaren 6. edizioa bertan behera uztea erabaki behar izan dugu», adierazi dute, ohar baten bidez.
Egunetik egunera handitu da koronabirusaren eragina Euskal Herrian, eta kultura arloan ere ondorio nabarmenak izaten ari da. Datozen egunetarako ekitaldiak bertan behera uzten ari dira; tantaka-tantaka eta etenik iristen dira abisuak. Gasteiz da koronabirus kasuen arretagune nagusia, eta areto ugari itxiko dituzte han gaurtik aurrera: Jimmy Jazz, Hell Dorado, Urban Concept, Kubik eta Mitika. Ruper Ordorikak gaur Principal antzokian eman behar zuen kontzertua ere bertan behera utzi dute. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bertan behera utzi ditu martxoaren 21era arteko kontzertu guztiak.
Bilbon, Arriaga antzokiak ere itxi egingo du datozen hamabost egunetan, eta ez du ekitaldirik emango. Loraldia jaialdian, gaur Mikel Urdangarinek eman behar zuen kontzertua ere bertan behera gelditu da, baita Pettik Manipulazio estrategiak diskoa aurkezteko igandean Guggenheim museoan eman behar zuena ere. Gatibu taldea bere hogeigarren urteurrena Bilboko Miribilla kiroldegian ematekoa zen kontzertua ere atzeratu egingo dute; urriaren 31ra pasatuko da emanaldia. Bertan behera geratu da Jabier Muguruzak Geltokiak izarretara aurkezteko larunbatean Bilboko Bidebarrietan eman behar zuen kontzertua ere. Break On Stage Bilboko kultura urbanoaren jaialdia martxoaren 21an zen hastekoa, baina ekainaren 13tik aurrera egingo dute, programazio berarekin. Bilbao Poesia jaialdia bertan behera utzi dute, baita Bilboko Orkestra Sinfonikoaren hurrengo emanaldiak ere. Getxoko kultur etxea itxi egingo dute. Galdakaoko Udalak ere eraikin publiko guztiak itxiko ditu.
Donostian, Kristinaeneko Ingurumen Baliabideen Etxea itxiko dute bihartik aurrera. Gipuzkoako herrietan ere, berdin. Azpeitian, Kulturaz kooperatibak bertan behera utzi ditu datozen bi asteetarako antolatuta zituen ekitaldi guztiak. Hernaniko Biteri kultur etxea ere itxi egingo dute. Lezoko Udalak bertan behera utzi ditu udal eraikinetako jarduerak. Arrasaten, Kooltur Ekintzak kolektiboak bertan behera utzi du Skakeitan taldeak gaur gaztetxean eman behar zuen kontzertua; ez dute zehaztu oraindik zer gertatuko den datozen asteetarako antolatutakoekin. Legorretan hilaren 28an egitekoak ziren Legoreggae jaialdia ere atzeratu egin dute.
Nafarroan, Lizarrako eta Berako udalek bertan behera utzi dituzte ekintza gehienak hamabost egunerako.