Donostiako 59. Zinemaldia. Sei gomendio, sei iritzi. Eider Rodriguez. Idazlea

'Los pasos dobles'

2011ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Filma hautatzeko arrazoia.

Oso zinema berezia egiten duen zinemagilea iruditzen zait. Cravan versus Cravan filmarekin ezagutu nuen, eta ordutik jarraitzen dut. La leyenda del tiempo eta Los condenados bikainak iruditu zitzaizkidan, eta gogo handiarekin sartu nintzen haren azken hau ikustera.

Aurreikuspenak bete ditu?

Ez, ez ditu bete. Eskuetatik joan zaion istorioa dela esango nuke. Zumeak hor daude, baina ez du saskia egitea lortu. Areago, zume nahaspila bat iruditu zait filma, gauza deforme bat.

Nabarmentzeko zerbait.

Aktoreen arteko solasaldiak, haien arteko harremanak... Eszena askok kamera ezkutu batekin errodaturikoak dirudite. Zuzendaria desagertu egiten da, eta zu zara haren lekua betetzera gonbidatuta zaudena. Intimotasun handiko uneak ditu filmak, intimotasun basatiko uneak, bikain errodaturikoak.

Akatsik, izatekotan...

Etengabe erortzen den filma iruditu zait. Hasi eta berehala erori eta altxa egiten da, handik gutxira berriz ere erortzeko. Azken herena, gainera, arrastaka egiten du. Ni, behintzat, galduta ibili naiz ordu eta erdi osoan, halako batean oinez hasiko zen itxaropenarekin...

Gogoan gordetako sekuentzia.

Une batean aktore protagonista eta haren banda kanpamentu batera iristen dira. Gaua da, eta suak argitzen ditu bazterrak. Protagonista eta bere lagunak armaturik daude, eta jendea kanpadendetatik ateratzen ez bada, tiroka hasiko dira. Bat-batean beltz albinoak irteten hasten dira toki guztietatik, gisa guztietako beltz albinoak... «Beltzak gara!, beltzak gara!», garrasi eginez. Ez zait berehalakoan ahaztuko.

Nori gomendatuko zenioke.

Istorio kriptikoak ikustea gustatzen zaion jendeari, ulertzen ez dituen gauzak ikusita inteligenteagoa sentitzen den jende horri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.